}

Espezie mehatxatuak kudeatzeko planak: benetako erreskate-tresnak ala itxura hutsa?

2013/06/01 Iglesias Carrasco, Maider - Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailako biologoa | Cabido Quintas, Carlos - Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailako biologoa Iturria: Elhuyar aldizkaria

espezie-mehatxatuak-kudeatzeko-planak-benetako-err
Hegoaldeko zuhaitz igela (Hyla meridionalis). Arg. © Maider Iglesias

Biodibertsitatea zaintzea aspalditik hartzen du premiazkotzat gizarte osoak. Bere garaian, lortu zen legezko betebehartzat ezartzea, bai autonomia-erkidego bakoitzean mehatxu larriena zuten espezieen katalogoak egin beharra, bai espezie horiei kudeaketa-planen bitartez babes zorrotza eman beharra. Kudeaketa-planak, beraz, legezko betebehar dira, eta tresna oinarrizko eta ezinbesteko dira espezie katalogatuen kontserbaziorako. Hala ere, oso espezie mehatxatu gutxi dira kudeaketa-plan batez gozatzen dutenak --esateko modu bat da--. Adibidez, EAEn katalogatuta dauden 145 ornodun-espezieetatik, 13k baino ez dute kudeaketa-plana. Baina esan ote dezakegu egiazki espezie bat desagertzetik salbu dagoela bere kudeaketa-planaren babesean?Arrakasta garbia izan duten salbuespen oso eder batzuetatik kanpo, gutxik lortzen dute beren helburua egiazki.

Onartu beharra dago gerta litekeela, espezieak mehatxu oso larriko kategorietan eta oso muturreko egoeretan baldin badaude, kudeaketa-plan bat nahikoa ez izatea edo berandu iristea. Kontua da zergatik beste batzuetan, espeziea mehatxu txikiagoko kategorietan egonik ere, planak ez diren behar bezain eraginkorrak izaten. Beharbada, gure ondare naturala geure mehatxutik salbatzeko helburu jatorra eragozten duena zera da: zaila den zerbait erraza balitz bezala kudeatu beharraren zailtasuna --edo jainko izatera jolastea--. Hala ere, geure buruari galdetu beharko genioke ea zenbait kasutan, nahiz gutxitan izan, ez ote duten utzikeriak edo behar politikoek bihurtzen garaipen pirriko ekologisten ospakizunetako asko.

Biodibertsitatea kontserbatzera bideratutako dirua beti izan da mugatua, baina, gaur egun, agintariei merkatuak gehiago axola zaizkienean beren herrialdeetako giza ondarea eta kultura- eta natura-ondarea baino, are mugatuagoa da dirua. Horregatik gertatzen da bereziki mingarria (gizartearentzat) eta lotsagarria (ardura duten administrazioentzat) aurrekontu hain mugatu hori alferrik galtzea edo gaizki inbertitzea.

Askok irudipen sendoa dugu kudeaketa-planek pentsatzen dugunaz bestelako helburu bat izaten dutela maiz: itxura-kontu hutsa direla. Bistan denez, hori horrela balitz, behin tanto politikoa iragarrita (talde ekologistek topa egin ondoren) eta markagailuan jasota, gutxi axola du kudeaketa berez eraginkorra den edo ez. Baina badirudi inork (ezein politikarik) ez duela planen emaitzarik fiskalizatzen, edo ez dela haietaz kezkatzen. Irudipena daukagu, halaber, zenbait kudeaketa-plan esku artean dituzten pertsonek, erabakiak hartzeko orduan, gehiago begiratzen dietela behar politikoei eskura ditugun ezagutza zientifikoei baino. Adibidez, gezurra dirudien arren, ez da bitxia zientzialarien iritzia eta esperientzia alde batera uztea eta ardura duten teknikariek habitata hobetzeko edo indibiduoak sartzeko jarduerak egitea kudeatu beharreko espeziearen habitatari, ekologiari edo genetikari buruz behar den informazioa izan gabe. Aldiz, zientzialariei ematen ez zaien protagonismoa, sarritan, politikariek hartzen dute, harro. Zenbat aldiz ez ote dugu ikusi politikari bat preso hazitako arrano bat aireratzen edo bisoi europarrak askatzen? Aipatutako propagandaren mesederako ekintza ona dirudi. Baina halako jarduerak (lekualdatzeak, birsartzeak... eta are sartzeak ere!) auzitan jartzen ditu komunitate zientifikoak.

Berriki egindako ikerketek erakusten dute askotan hots (mediatiko) handia eta funts (emaitza) gutxi izaten dela azkenean. Nahiz eta kasu oso konkretu batzuetan ezinbesteko neurriak izan, gehienetan ez da baloratu ere egiten ea espeziearentzat aukerarik onena den edo ez. Xeheki aztertu ohi dira, aldiz, onura turistikoak. Ez da kasualitatea halako neurriak espezie mediatiko edo ikusgarriekin hartzea; ugaztun handiekin edo harrapari galantekin. Inork ikusi al du politikari bat armiarma txikiak birsartzen? Berdin dio komunitate zientifikoak frogatzen badu, zalantzarik gabe, ibaiak izokinez birpopulatzeak ez duela balio espeziea berreskuratzeko, eta bai, aldiz, arrantza galarazteak eta ibaiaren osasuna leheneratzeak. Politikariek --eta, itxura batean, ardura duten teknikari eta kudeatzaileek-- kasu handiagoa egiten diote arrantzaleen iritziari.

Beste adibide on bat da hegoaldeko zuhaitz-igela ( Hyla meridionalis ), desagertzeko arriskuan den espezietzat joa Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan. 1999an, igel horren EAEko populazioa gune bakar batean bizi zen, eta gune hura ere desagertzeko zorian zen, industrialde bat eraikitzekotan zirelako. Ekologisten eta komunikabideen mementoko presioaren ondorioz, igelaren kudeaketa-plana onartu behar izan zen. Hala ere, ikerketarik egin edo prebentzio-neurririk hartu baino lehen, berdin-berdin eraiki zen industrialdea. Aldi berean, eta kasu horretan ere egokitasuna bermatzen zuen ikerketarik gabe, 16 putzu sortu ziren, anfibioaren ugaltze-habitata eratuko zutenak (ordeztuko zutenak, egiazki). Haietara aldatu ziren milaka ale. Gaur egun, sorturiko 16 putzuetatik 3tan bakarrik bizi da populazio egonkor bat. Hau da: 14 urteren buruan, igela ez da deskatalogatu, kudeaketa-planari esker; areago, bere jatorrizko gunearen mende jarraitzen du, orain hormigoizko urmael bihurturik baina, Neinor industrialdean, Donostian.

Interpretazio gaizto samar bat eginda, esan liteke kudeaketa-planak ekologistak pozik uzteko bakarrik balio izan zuela, aldi berean zilegitzen zuelarik igelaren jatorrizko habitata suntsituko zuen industrialdea eraikitzea. Hau da, kudeaketa-planak, populazioaren biziraupena ziurtatzeko baino gehiago, balio izan du haren kondena ez lotzeko benetako kausarekin (industrialdearekin). Baina beste askorentzat harro egoteko kontua izango da anfibio-espezie batek kudeaketa-plana izatea, zeren eta (politikoki) inportanteena ez baita ea animaliak hiltzen diren edo ez, baizik eta noiz hiltzen diren. Jakina, beste espezie askok, hala nola ferra-saguzar mediterraneoak, aipatutako igela baino ezezagunagoak baina askoz ere mehatxatuagoak egonik, ez daukate ezta kudeaketa-planik ere.