}
María José Sanz Sánchez BC3 Basque Centre for Climate Changeko zuzendaria

“Espezie zaurgarria gara, ez baititugu ikusten geure buruari sortutako arriskuak”

2021/03/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-aldaketa eta biodibertsitate-galera nahikoa ez, eta COVID-19aren zoonosiak agerian utzi du jatorri antropologikoa duen ingurumenaren degradazioak giza osasuna bera jar dezakeela kolokan. María José Sanz Sánchezek argi du giza gaixotasun asko eta asko gure bizimoduak sortuak direla, eta egungo bizimodu kontsumista auzitan jartzera gonbidatzen gaitu, galdera soil batez: zer behar du batek benetan ondo sentitzeko, osasuna izateko, bizitzaz gozatzeko?
espezie-zaurgarria-gara-ez-baititugu-ikusten-geure
Arg. Aritz Loiola/©ArgazkiPress
COVID-19aren krisiari irtenbide biomedikoak bilatzen saiatu dira, baina adituek diote krisi hau ez dela pandemia soil bat. Sindemia gisa definitu dute, hainbat gaixotasunek eta hainbat krisik bat egin eta elkarri eragiten diotelako. Zer iritzi duzu?

Pandemia hau krisi orokorrago baten beste elementu bat besterik ez da. Ez zuen izango halako eragina, krisi orokorraren puntu kritiko honetan izango ez bagina. Besteak beste, gure bizimoduak baldintzatu du hau guztia. Egungo garapen-sistemak presio ikaragarria egin du ekosistema naturalen gainean. Zer gertatzen da? Lehendik isolatuta edo babestuta zeuden ekosistemak inbaditu eta ustiatu ahala, gure espeziearentzat berriak diren patogenoen eraginpean jarri garela. Gure burua jarri dugu bakterio eta birus berri horien eraginpean.

Baina beste arazo bat ere sortzen ari gara ekosistemak degradatuta. Ekosistema horiek dira gure euskarria, haietatik ateratzen dugu bizirauteko behar dugun guztia: ura, elikagaiak, lehengaiak, oxigenoa… Eta degradazioaren ondorioz, jada ez dizkigute ematen lehen ematen zizkiguten zerbitzu ekosistemikoak. Gero eta gaitasun txikiagoa dugu gure burua sostengatzeko. Orain konturatu gara hori arazo handia dela, eta ekosistema horien sostengurik gabe, arazo sozial eta biziraupen-arazo larriak izango ditugula laster.

COVID-19aren krisi zoonotiko hau ez da ustekabekoa izan; zientzialariek urte asko zeramatzaten abisatzen klima-aldaketak eta ekosistemenen degradazioak eragin zezakeenaz. Batzuek politikariak seinalatu dituzte, ez dituztelako klima-aldaketaren aurkako neurri eraginkorrak hartu.

Bai, baina erraza da errua besteei botatzea. Denok gara arduradun, ez dugulako jakin gure garapena zer norabide hartzen ari den ikusten. Pentsatu dugu espezie ahalguztiduna garela, edozertarako sendabidea dugula, gure osasuna blindatuko duen bioteknologia lor dezakegula, eta horrek zaurgarri egin gaitu. Uste duguna baino espezie zaurgarriagoa gara, hain zuzen, ez dugulako ikusten geure buruari zer arrisku ari garen sortzen, eta muturren parean ditugu.

Gaixotasun asko eta asko gure bizimoduak sortu ditu: gaixotasun kardiobaskular gehienak azken 30 urteetako dietek bultzatzen dituzte; arnas gaixotasun asko airearen kalitatea hondatzeak eta kutsatzeak sortzen ditu, daukagun garapen-, mugikortasun- eta energia-ereduaren ondorioz. Nire ustez, alde batera utzi behar dugu ukiezinak garelako sentsazio hori, garapen teknologikorako gure gaitasunak dena konponduko duela pentsatzeari utzi behar diogu.

Zientziak badu erantzukizunik ingurumen-krisi hau oraindik konpondu ez izatean?

Bai, jakina. Hausnartu behar dugun lehenak zientzialariak gara, ez baikara gai izan modu kolektiboan lan egiteko. Ez dugu jakin lehenago ikusten arazo horiek oso konplexuak direla, eta, denok batera lan egiten ez badugu, ez ditugula konponduko.

Oso zatituta daude zientziak. Eta, horrela, zaila da diziplina desberdinek elkar ulertzea arazo bera konpontzeko, hala nola ekonomia, ekologia, matematika edo gizarte zientziak. Haustura hori apurtu egin behar da. Garrantzitsua da zientzialariek elkar ulertzea; izan ere, bakoitzak bere diziplinak baldintzatutako pentsamoldea du. Denek uste dute beren diziplina dela garrantzitsuena.

Arazo oso konplexuak ditugu eskuartean, eta denon ezagutza behar da konpontzeko. Zintzoak eta apalak izan behar dugu hori aitortzeko. Ez dago zientzia hoberik, ezagutza guztiak balio du. Niri, horregatik, zientziaz beharrean, gehiago gustatzen zait ezagutzaz hitz egitea.

Arg. Aritz Loiola/©ArgazkiPress
Garai batean, zientzia utzi zenuen. Zergatik?

Ekofisiologoa naiz, eta karbonoaren zikloa eta airearen kutsaduraren eragina aztertzen lan egiten nuen. Klima-aldaketaren gaian, Kyotoko Protokoloa mahai gainean jarri zenean ikusi zen karbonoaren hustubide naturalak klima-aldaketa arintzeko modu bat izan zitezkeela, oso garestia ikusten baitzen erregai fosilen sektorean eta halakoetan isurketak murriztea. Nik ekosistemetako karbono-fluxuak kalkulatzen nituen, eta aholkularitza eskatu zidaten.

Konbentzio hartan konturatu nintzen ez genuela elkar ulertzen, zientzialariek eta politikariek hizkuntza erabat desberdinak hitz egiten ditugula. Zientzialariak uste du bere ezagutzak ekarriko duela irtenbiderik onena eta berak pentsatzen duena mugiezina dela, baina ez daki zer egoeratan jarri behar den abian hori, eta ez daki zer oztopo dauden bidean, batez ere bere jakintzagaitik bakarrik begiratzen badio arazoari. Horregatik, gaia beste ikuspuntu batzuetatik aztertzea erabaki nuen eta Nazio Batuetara joan nintzen. Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Hitzarmenean lanean aritu nintzen, eztabaiden erdian. Ikusi nuen oso sistema konplexuak direla negoziazioak, eta pertsonok garela arazoaren parte nagusia: gure portaerak, kulturak, pentsaerak eta historiak baldintzatzen gaituzte arazo horiei heltzeko unean.

Adibidez, nazioarteko negoziazioetan, ekialdeko herrialdeetako pertsona baten portaerak ez du zerikusirik anglosaxoi baten portaerarekin, eta horrek baldintzatzen du elkar ez ulertzea. Eztabaida fikziozkoak sortzen dira, errespetu-faltagatik edo beste pertsonaren baldintza kulturalak ez ulertzeagatik. Horrek pisu handia du negoziazioetan. Adostasuna lortu nahi badugu, gutxienez, gai izan beharko dugu besteak dioena modu eraikitzailean barneratzeko, aurka egin beharrean.

Batzuetan jendeak esaten du: “Ez dute ezer lortu konbentzioan”. Bueno, agian, elkar ulertu eta adostasun txiki batera iritsi izana urrats handia da, gerora eboluzionatu dezakeen zerbaiten hasiera delako.

Lehen eskutik ezagutzen dituzu zientzia, konbentzioak, politikariak, lankidetza-agentziak... Eskuratutako ezagutza horrekin, zein dira, zure ustez, ingurumen-krisi honetan aurrera egiteko gakoak?

Nire ustez, ezagutza jada badaukagu, baina ulertu behar dugu parean ditugun arazoak oso konplexuak direla. Krisi honek zerbait aldatuko du, baina azkarregi joatea ere ez da ona; testuinguru konplexuetan konponbide sinplistak proposatzeak eraman gaitzake konponbideetan eraginkorrak ez izatera. Denbora hartu behar da konponbide integralak bilatzeko. Hobe ondo egitea, azkar eta gaizki egitea baino.

Eta diruak ez du dena konpontzen; hori da bizitzan izan dudan beste irakaspen handi bat. Mahai gainean diru gehiago jartzeagatik ez da nahitaez konponduko. Dirua gauzak konpontzeko bide bat da; teknologia beste bide bat da; baina osagai gehiago izan behar dira konponbideak aurrera egin dezan: eraldaketa soziala da hirugarren osagai ezinbestekoa. Ez du ezertarako balio konponbide teknologiko batek ez badago eraldaketa sozial bat atzean, aldaketa hori bere egiten lagunduko duena. Bakarrik balioko du arrakala sozialak irekitzeko, desberdintasunak areagotzeko.

Politikariei eskatuko nieke epe luzera pentsatzeko, epe motzera ez mugatzeko. Bestetik, ikuspegi alderdikoiak alde batera utzi eta inklusiboak izan daitezela, gizarte osoa baita haien erantzukizuna. Gobernua aldatzen dugun bakoitzean norabidea aldatzen hasten bagara, ez dugu ezer konponduko. Gauza batzuk funtsezkoak eta behar-beharrezkoak dira, eta denboran mantendu behar dira aldaketa gerta dadin; beraz, alderdikerietatik kanpo egon behar dute. Adostu ahal izango balute funtsezko gauza horiek zein diren, eta gehiago inplikatuko balute kolektibo soziala —asko arazo sozialetatik datozelako—, hobeto joango litzateke dena.

Orain arte, gure maila soziala handitzen duen zerbaiten gisa ikusi da bidaiatzea, bi etxe izatea, etengabe erosketak egitera joatea, luxuak planetaren kontura kontsumitzea. Krisi honi aurre egiteak ez du eskatzen aldaketa kultural handi bat egitea?
Arg. Aritz Loiola/©ArgazkiPress

Gizabanako gisa, hausnartu behar dugu benetan zerk egiten gaituen zoriontsu. Geure buruari gaixotasunak sortzen ari gara: osasun-arazo berriak, buruko gaixotasunak, mendekotasun berriak... Garrantzitsua da hausnartzea nik zer nahi dudan, zerk egiten nauen zoriontsu.

Uste dut hasiak garela gure kontsumismo basatiaz lotsatzen. Gertatzen dena da gauzak aldatu nahi ditugula, gure ohituretan benetako aldaketarik egin gabe. Alegia, noiznahi autoa hartzen jarraitu nahi dugu, noranahi joateko, baina prest gaude auto elektriko batekin egiteko. Benetan uste dugu hori dela behar dugun aldaketa bakarra?

Ikusten al duzu egungo bizimoduaren pribilegioak askatzeko erresistentzia gizartean?

Jakina! Baina pribilegioak direla uste dugulako gertatzen da hori. Nik esaten dudana da: benetan pribilegioak dira?

Ni Valentziako barraka batean hazi nintzen, lokatzezko eta lastozko eraikin batean. Barraka hartan ez zen alferrik galtzen guk edo animaliek jan genezakeen ezer. Ez zen zaborrik sortzen. Eta ez dut inoiz pentsatu orain hobeto bizi naizenik orduan baino, han ezer falta izan zitzaidanik. Izatekotan, faltaren sentsazio bakarra da nahiago nukeela hezkuntza hobea izatea. Baina ez besterik.

Galdera da: zer behar duzu zuk ondo sentitzeko, osasuna izateko, bizitzaz gozatzeko? Gure benetako ongizateari lotuago dauden balio-sistemak berreskuratu behar ditugu.

Bukatzeko, nola eragingo dute Trump etaparen amaierak, Brexitak eta Txina hartzen ari den indarrak?

Txinak aspaldi hartu zuen indarra. Garabidean dauden herrialde guztietan ditu sartuta bere garroak, lehengaiak erauzteko. Orain, haren esku daude gauza asko. Iraunkortasunerako bidean ekonomikoki hazteko hobiak aukeran ikusten baditu sektoreren batean, aurrera egingo du.

Brexitaz ez dakit zer esan. Arazorik handiena da Europan dugun kohesio ezaren adierazle dela. Europar Batasuna handitzeak tirabira ugari sortu zuen; azkarregi egin zen, eta ekialdeko herrialdeak ez ziren ondo integratu komunitatean. Azken aldian Batzordeak argudiatzen du Europak eredu “berde” bateranzko trantsizioa egin dezakeela eta egin beharko lukeela, beste eskualde batzuek baino lehenago, horrek lidergoa itzuliko digulako. Baina ez da batasunik ikusten trantsizio bat babesteko.

Eta, AEBkoa, zientzia-fikziozko eleberri bat bezalakoa izan da lau urte hauetakoa. Gizartea polarizatuta dagoen seinale da. Batzuetan, norbaitek lortzen du desadostasun hori guztia agerian uztea, lurpean zegoen hori, biztanleriaren zati baten abandonu hori, eta mugimendu populista batean kapitalizatzen du. Horrelako diskurtsoak jarraitzen ditu jendeak, hau esateko modu bakarra delako: “Aizu, nitaz ahaztu zara, eta hemen nago”. Horregatik diot politikariei inklusiboak izateko eskatuko niekeela. Mundu guztia zaindu behar dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia