“Espeziearen definizioren arabera, ezin dugu esan neandertalak eta sapiensak espezie desberdinak direnik”
2019/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neandertalak ikertzean gizakiak ikertzen ditugu, baina bestelako gizakiak. Eta horrek aukera ematen digu galdetzeko zer garen gu, gizaki anatomikoki modernoak, eta zertan bereizten garen besteetatik: gu gara azkarrenak, ondoen egokituta gaudenak? Bada, agian ez uste genuen bezainbeste. Dauden arrastoetatik abiatuta, arkeologiak ematen digu aukera filosofiaren oinarrizko galderei buruz (nondik gatoz, nor gara, nora goaz) gogoeta egiteko, eta ondorio batzuetara iristeko.
Ikuspegi tradizionalaren arabera, iraun duten espezieek aurrera egin badute besteak baino hobeak direlako da. Eta neandertalak desagertuta daudenez, ondorioztatu zuten espezie atzeratua zela, gurearekin alderatuta. Baina hori bera pentsatu izan da herriei edo arrazei buruz, darwinismo sozialaren ildotik. Ikuspegi hori, ordea, europarzentrista eta arrazista da. Bada, neandertalekin gauza bera gertatu zen, eta oraindik ere bada neandertal hitza irain gisa erabiltzen duen jendea.
Ikuspegi hura 1980ko hamarkadan hasi zen aldatzen. Ordura arte, aztarnategietan bilduma nabarmenak aurkitzen zituztenean, landutako tresnak edo arte eramangarria zutenak, adibidez, beti pentsatzen zuten gizaki modernoek egindakoak izan behar zutela. Frantzian, esaterako, kultura Châtelperroniarreko aztarnategi esanguratsuak zeuden. Bada, 1980ko hamarkadaren hasieran, aztarna horien ondoan, neandertalen hezurrak aurkitzen hasi ziren. Horren ondorioz, ohartu ziren agian gizaki modernoak ez zirela horrelako gauzak egiteko ahalmena zuten bakarrak, eta, beharbada, neandertalak ere bazirela horretarako gai.
Geroztik, borroka bizia egon da arkeologoen artean, batzuek ez dutelako hori onartu nahi izan. Adibidez, baziren esaten zutenak, baietz, neandertalek egiten zituztela halakoak, baina imitazioz. Eta gaur egun jarraitzen dugu eztabaidatzen, baina, oro har, onartuta dago bazutela pentsamendu abstraktua, hitz egiten zutela, kultura transmititzen zutela…
Gainera, jakin dugu neandertalak 200.000 urtez egon zirela Europan, lurralde osoan sakabanatuta. 200.000 urte horietan, izugarrizko aldaketa klimatikoak pairatu zituzten. Eta, ingurunea asko aldatu bazen ere, egokitu egin ziren, eta denbora-tarte luze horretan bizi izan ziren. Halako batean, baina, gure espeziea agertzen da Eurasian, eta justu orduan hasten dira desagertzen neandertalak. Hortaz, ondorio zuzena atera genuen: bi espezieek topo egitean, liskarra sortu zen haien artean, eta gure espeziea atera zen garaile, eta neandertalak, galtzaile. Horrek ekarri du neandertalak gutxiestea.
Ikusi dugu sasoi batzuetan populazio handiak izan zituztela, beste batzuetan ez hainbeste, eta, bukaera aldean, talde bakartuetan iraun zuten. Horrek genetikoki ahuldu egin zituen, eta taldeen arteko harreman sozialak ere apurtu egin ziren. Horren guztiaren ondorioz, neandertalen populazioak galtzen joan ziren pixkanaka. Oso prozesu luzea da, oso geldoa, eta, seguru asko, azken kolpea izan zen gure espeziea agertzea .
Baina gure espeziea agertu izan ez balitz ere, galdu egingo ziren. Izan ere, duela 60.000 urtetik aurrera, beheranzko joera hartu zuten, etenik gabe. Aipatzekoa da, hala ere, justu desagertu baino lehenagoko garaietan garatu zutela arterik konplexuena eta adierazpen sinboliko garrantzitsuena. Baina, tira, iaz argitaratu genuen ikerketa batean ondorioztatu genuen, gure espeziea Kantauriar eremura irisi zenean, lurraldea hutsik topatu zuela. Ordurako, neandertalak desagertuak ziren eremu honetan.
DNA zaharraren sekuentziazioak hankaz gora jarri ditu lehengo uste asko eta asko. Argi dago gure espeziea eta neandertalak , baita denisovarrak ere, hibridatu egin zirela eta ondorengoak izan zituztela elkarren artean. Beraz, espeziearen definizioren arabera, ezin dugu esan espezie desberdinak direnik.
Kontua da, sekuentziazio-metodo horiek garatu aurretik, espezieak sailkatzeko eta elkarren arteko harremanak ikusteko, hezurrak erabiltzen zirela, hezur fosilak. Eta hezurrei begiratuta, neandertalak oso desberdinak dira gugandik. Baina, orain badakigunez hibridoak ere badaudela, datozen urteetan seguru asko ikusiko dugu neandertaltzat jotako batzuk hibridoak direla, eta alderantziz.
Iruditzen zait datozen urteetan dena kolokan ikusiko dugula, oso nahasia, eta gero etorriko dela barealdia.
Adibidez, zer dakigu denisovarrez? Badakigu dagoela aztarnategi bat Siberian, deitzen dena Denisova, hor agertu direla arrasto batzuk, eta DNA zaharraren analisia egin dutela . Eta ondorioztatu dute hori dela beste espezie bat. Eta hor, aztarnategi horretan bertan, topatu dituzte nendertalak, hibridoak ...
Nahaste-borraste bat da, eta oso zaila da ateratzen den guztia jarraitzea. Ez bakarrik neandertalei eta gizaki modernoei buruzkoa. Adibidez, Neolitora pasatzen bagara, DNA zaharraren analisiak genekien guztia iraultzen ari dira; ez da nire espezialitatea, eta galduta nago, benetan.
Egia da ateratzen den guztia jarraitzea ia ezinezkoa dela, baina, perspektibarekin begiratzen badugu, irudi orokorra agian ez da hainbeste aldatu. Hala ere, oso gauza interesgarriak ezagutzen ari gara metodo berriei esker. Neandertaletara itzulita, jakin dugu botila-lepo bat izan zutela beren populazioan, eta hori noiz gertatu zen ere badakigu; bada, genetikari esker jakin ditugu gauza horiek. Beste azterketa batzuek, berriz, erakutsi digute garai hartan krisi klimatiko bat gertatu zela: glaziazio-arteko sasoia bukatzen da, eta klima hoztu egiten da, oso azkar, gainera.
Azkar diogunean, kasu honetan, 1.000-2.000 urtetan esan nahi dugu. Izan ere, arkeologook, klimatologoek eta horrelakoek denbora beste eskala batean neurtzen dugu. Garrantzitsua da hori kontuan hartzea, bestela gertakariak ez dira ondo ulertzen.
Esaterako, Paleolitoan gizaki modernoa Europara sartu zela azaltzeko kontatzen badugu hunoen inbasioaren modura, jendeak pentsatuko du denak batera etorri zirela, oso denbora-tarte txikian. Baina prozesu horrek 8.000 urte hartu zituen, gutxi gorabehera. Pentsa zenbat belaunaldi sartzen diren 8.000 urtetan, zenbat jende joan, etorri, nahastuko zen; gizaki modernoen zenbat talde geratuko diren isolatuta Europan eta galduko ziren...
Paleolitoa oso garai luzea da, giza espezie bat baino gehiago daude, egoera desberdinetan, eta izugarrizko dibertsitatea dago. Orduan, talde bati buruz dakigunak ez digu balio besteena azaltzeko. Gaur egun ere, gure artean, denetarik dago; ez dago portaera orokorrik.
Egiaz, ia gauza bakarra dakigu ziur: erditu, emakumeak erditzen ziren. Horri lotutako beste gauza batzuk ere ziurtzat jo ditzakegu. Adibidez, haurdun zegoen emakume bat ez zen oso aproposa izango ehizarako, eta umeen zaintza ere emakumeen gain egongo zen, lehen urteetan, behintzat. Hala gertatzen da primateen artean ere, eta ez daukagu beste zantzurik kontrakoa pentsatzeko.
Hortik aurrera, ez dakigu beste ezer. Adibidez, ehiza egiteko, zer behar duzu? Arma on bat, trebezia, jakitea animaliak nola mugitzen diren... hori egiteko gai ziren emakumeak egongo ziren, ziur.
Seguru asko, egoera desberdinak egongo ziren, eta talde eta sasoi batzuetan oso markatuta egongo zen genero-banaketa, eta beste batzuetan, ez. Biologikoki ere, sexu-dimorfismoa ez da hain nabarmena gure espeziean, beste primateekin alderatuta. Horrek ere badu eragina.
Diziplina guztiak bere testuinguruan ulertu behar dira. Lehen arkeologoak europarrak izan ziren eta Europako aztarnategiak ikertu zituzten. Hortaz, genekien guztia Europan aurkitutakoan oinarritzen zen.
Gero, ordea, talde batzuk Afrikan ikertzen hasi ziren, eta han aurkitutakoak iraultza ekarri zuen : gizakien fosil oso zaharrak, antzina-antzinako tresnak... “Gizateriaren sehaska”. Beraz, erabat aldatu da hasierako ikuspegia.
Asia ere oso ahaztuta egon zen, eta orain han aurkitu dituzte, adibidez, Paleolitoko margo batzuk. Indonesian daude, eta Europako ezagunenen oso-oso antzekoak dira denean: estiloa, itxura, teknika, kokapena... eta garai bertsukoak dira, gainera.
Indonesiakoak eta Europakoak hain berdinak izatea azaltzeko, bi aukera daude. Lehena, gerta daiteke arte-mota berdina sortzea garai berean Europan eta Indonesian, nahiz eta oso zaila den. Bigarrena, Europa eta Indonesia arteko lekuren batean sortu izana, lehenago, eta handik hedatzea batera eta bestera. Baina hori ere hipotesi bat da; oraindik ez dugu topatu aztarnarik Ekialde Hurbilean edo Afrikan. Dena dela, seguru asko datozen urteetan hasiko dira agertzen gauzak leku horietan.
Hemen ere izan dira hutsuneak, eta urte luzez pentsatu izan da Gipuzkoan eta Bizkaian ez zegoela Paleolitoko arterik, Santimamiñe, Ekain eta halako beste salbuespenen bat izan ezik. Eta oraindik jarraitzen dugu Araban ezer topatu gabe!
Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, 2010ean hasi ginen Askondoko kobarekin (Mañaria), eta hortik aurrera labar-artea duten 20 koba inguru topatu dira, haietako batzuk oso aberatsak eta bereziak. Adibidez, buztinean zizelkatutako bisonteak aurkitu ditugu Aitzbitarten (Errenteria).
Bitxia da, kobazuloetako batzuk oso ezagunak eta bisitatuak direlako. Lumentxan (Lekeitio) aurkitu genituen bisonteen margoek graffitiak zituzten gainetik. Aldiz, Araban ez da ezer agertu, baina ni ziur naiz agertuko dela.
Lehena beti da kuttunena; nirea Askondo da. Gainera, aurreiritzi asko puskatu zituen. Harrobi batean dago, eta ez zuten suntsitu txiripa hutsez. Egoera kaskarrean dagoen arren, baditu gorriz margotutako bi zaldi, oso ederrak, eta inguruan topatu diren gehienak baino zaharragoak dira. Gehienak Magdaleniarrak dira (14.000 urte inguru), eta Askondokoek 10.000 urte gehiago dituzte .
Askondok, hutsune bat betetzeaz gain, pentsarazi zigun izango zirela gehiago, eta hala izan da.
Oso-oso hurbil daukagu Atapuerca, eta hemen ziur Behe Paleolitokotzat har dezakegun ezer ez da aurkitu. Niri hori topatzea gustatuko litzaidake, baina izugarri zaila izango da.
Orain Aranbaltzan (Barrika) industen ari gara . Aire zabaleko aztarnategi bat da, itsas ertzean dago, eta jalkin-metaketa itzelak ditugu; 8 metrora iritsi gara, eta, seguru asko, egongo dira askoz gehiago. Baina industeko ia ezinezkoa da, dena harea delako, eta urez betetzen da.
Bestelako kobazuloetan ez dugu hainbesteko jalkin-metaketarik. Bada salbuespen bat. Zierbenan dago, 600 metroko garaieran, eta zulo oso sakon bat da. Azpian, animalia-fosil batzuk agertu ziren, eta 800.000 urte inguru izango dituzte. Beraz, badago hemen “Atapuerca bat” aurkitzeko aukera, baina, aurkitzen bada, txiripaz izango da. Saiatu gara hainbat lekutan, eta inoiz ez gara 300.000 urtetik pasatu. Baina hori da nire ametsa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia