}

Estasiari musika gehitu, eta emaitza biderkatu

2006/03/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Musika ozenak areagotu egiten du estasiak garunean duen eragina. Ondorio horretara iritsi dira Italiako Zientzia Neurologikoen Institutuko ikertzaileak, estasiaren eta musikaren arteko elkarrekintzak arratoien garunetan sortzen dituen eraginak aztertu ondoren.
Musika ozenak areagotu egiten du estasiaren eragina.

Mito asko daude estasiaren inguruan. Zabalduta dagoen uste baten arabera, estasiaren kontsumitzaileek ez dute beste drogarik hartzen, eta adibidez, ura edaten dute, eta ez alkohola. Alabaina, hori ez da egia: kontsumo-ohituren azterketek argi utzi dute estasia hartzen dutenek normalean beste droga batzuekin batera hartzen dutela; adibidez, ohikoa dela alkohola edatea.

Beste mito batek dio epe luzera ez duela kalterik sortzen, eta estasia kontsumitzeagatik gertatu diren heriotza gehienak deshidratazioaren ondorio izan direla, ez estasiaren berezko eraginaren ondorioz.

Izan ere, estasiak (edo 3,4 metilenodioximetanfetaminak edo MDMAk) bihotz-taupadak azkartzen ditu eta izerdia kanporatzen laguntzen du. Eta, gainera,hartzen den ohiko lekuetan, diskoteketan alegia, bero egiten du. Hori gutxi balitz, kontsumitzaileek dantza egiten dute, eta alkohola edaten dute —alkohola diuretikoa da―. Faktore guztiak aintzat hartuta, ez da harritzekoa kontsumitzaileek deshidratatzeko arriskua izatea, eta, kasu larrienetan, hiltzeko arriskua ere badago. Dena den, hainbeste faktore nahasten direnez, zaila da jakitea zein den kausa-efektua.

Musikaren eragina

Estasi-pilulek, MDMAz gainera, bestelako substantziak ere izaten dituzte.
(Argazkia: DEA)

Estasia kontsumitzen den ohiko giroaren beste osagai bat musika da, eta ez nolanahikoa, gainera. Hain zuzen ere, estasiaren kontsumoa oso lotuta dago musika ozena eta errepikakorrarekin, eta horrek ere eragina izan dezakeela susmatzen zuten. Italiako Zientzia Neurologikoen Institutuan egin duten ikerketari esker, susmoak argitzea lortu dute, neurri batean behintzat.

Ikerketa horretan arratoiekin egin dute lan. Arratoi batzuei MDMA-dosi txikiak eman zizkieten, eta beste batzuei, berriz, handiak. Ondoren, musika jarri zieten, diskoteketan baimenduta dagoen gehienezko bolumenean. Hurrengo pausoa garunen jarduera neurtzea izan zen, garezurrean ezarritako elektrodoen bitartez.

Musikaren eragina benetan nabarmena izan zen. Hasieran, musikarik gabe, dosi txikienak apenas zuen eraginik garunaren jardueran. Musika jarri orduko, berriz, eragina ikaragarri areagotu zen, arratoiari dosi handiena eman izan baliote bezala.

Halaber, efektuaren iraupenean ere eragiten du musikak. Estasi-dosi handiak eta musika ozena elkartuz gero, bosgarren egunean artean sumatzen zen eragina. Musikarik gabe, aldiz, ordu batzuk bakarrik irauten zuen.

Arratoitik pertsonara

Zaila da drogen eragina ikertzea; horregatik, arratoiekin egiten dira esperimentuak.
(Argazkia: RGD)

Cambridgeko Unibertsitatean ere ikertzen dute musikak zer eragin duen drogen efektuan, eta, hango ikertzaileen arabera, Italian egindako ikerketa baliagarria da ulertzeko zergatik MDMAk gehiago eragiten dien pertsona batzuei besteeibaino.

Horretaz gain, Italiako ikertzaileek frogatu zuten MDMAk kalte egiten diela arratoi-neuronen bukaerei. Haien iritziz, litekeena da pertsonetan ere antzeko eragina izatea estasiak. Beharbada, horregatik izaten dituzte estasia hartzeko ohitura duten pertsona askok depresiorako joera, aldarte-aldaketak eta beste zenbait asaldura.

Nolanahi ere, kontuan izan behar da estasia kontsumitzen dutenek ez dutela MDMA purua hartzen, pilulek beste substantzia asko izaten baitituzte nahasita. Horietako batzuk, gainera, oso toxikoak dira, eta, zalantzarik gabe, eragina dute bai pilulen indarrean bai kalteetan.

7K-n argitaratua.