}

Estrogenoaren ordezko hormona babeslea

2002/10/25 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Menopausia hasten denean, obulutegiek ez dute gehiago estrogeno eta progesterona hormonarik ekoizten. Horrek aldaketa handiak eragiten ditu emakumearen gorputzean, eta horietatik gehien larritzen duenetako bat osteoporosia da. Osteoporosiaren ondorioz, hezurrak asko ahultzen dira, kolpe txiki baten ondorioz apurtzeraino.

Horrelakorik gerta ez dadin, askotan hormonak ematen dizkiete emakumeei. Estrogenoa emanez, hezurrak gogortu egiten dira eta osteoporosia gutxitu. Hala ere, estrogenoak albo-ondorio larriak ditu. Hainbat ikerketak frogatu dutenez, estrogeno-maila altuak bularreko minbizia, bihotzekoa edo biriketako enbolia izateko arriskua asko handitzen ditu.

Ezkerrean, hezur osasuntsua. Eskuinean, osteoporosidun hezurra.

Arazo horri aurre egin nahian, Arkansasko Unibertsitatean hezurrak babesteko bakarrik balioko lukeen hormona sintetikoa asmatu dute, eta dagoeneko emaitza onak eman ditu arratoietan. Hormona berria estren deitzen da eta bere funtzio bakarra osteoporosia eragiten duten zelulen lana kontrolatzea da.

Hezurra osteoblasto deitzen diren zelulek sortzen dute eta, atzetik, osteoklasto deritzen beste zelula batzuk daude, hezur-ehunean zuloak egiten dituztenak, odol-basoek ehuna zeharka dezaten. Hala ere, menopausiaren erruz estrogeno-maila jaisten denean, osteoklastoak gehiago izaten dira osteoblastoak baino. Beraz, osteoblastoek sortzen duten ehuna baino gehiago jaten dute osteoklastoek, eta hezurra oso porotsua eta hauskorra bilakatzen da.

Bai estrogenoak zein estren hormona sintetikoak osteoklastoen kopurua mugatu egiten dute eta hezurra babestu. Baina estrogenoak hezurrak babesteaz gain beste hainbat funtzio betetzen ditu eta, hori dela eta agertzen dira albo-ondorio larriak. Estren-ek, berriz, hezurreko zeluletan bakarrik du eragina.

Arratoiekin egin dituzten saiakuntzak arrakastatsuak izan badira ere, oraindik itxaron egin beharko da gizakietan gauza bera gertatzen den ikusteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia