ET, hor zaude?
2006/05/07 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Proiektu berriena teleskopio berezi bat da, laser argia bilatuko duen teleskopio bat, hain zuzen ere. Apirilaren 11n jarri zuten martxan, eta dagoeneko lanean ari da laser argi artifizialaren bila zerua arakatzen.
Orain arte, belarriak erabili dituzte batez ere, bizidun estralurtarren bila. Hau da, irrati-uhinak bilatu dituzte, estralurtarrek elkarrekin komunikatzeko horrelakoak erabiltzen dituztelakoan —edo, batek daki, agian gurekin kontaktatu nahi dutelako igortzen dituzte—. Kontu hori 1960an hasi zen: Frank Drake irrati-astronomoa Lurraz kanpoko bizidun adimendunen bila hasi zen. Ordutik hona teknologia asko aurreratu da, bai teleskopioak bai eta euskarri informatikoak ere.
Gaur egun, batez ere, irrati-uhinak detektatzeko teleskopioak erabiltzen dituzte: bizidunak egon daitezkeen lekuetara zuzenduta batzuek, zeru osoa arakatzeko beste batzuek, maiztasun jakin batean lan eginez edo hainbat maiztasun erabiliz.
Bide horretatik joan dira BETA, SERENDIPeta SETI@home proiektuak. Orain arte bilaketa horiek ez dute emaitzarik eman. Horretan dihardutenen arabera, ezer ez jasotzeak ez du esan nahi ezer ez dagoenik. Eta, orain, proiektu horiek alde batera utzi gabe, SETI optikoa jarri dute abian. Teleskopio hori ere beste zibilizazio batzuen arrastoaren bila jardungo da gure eguzki-sisteman bertan, Esne Bidean. Badago alde bat, ordea; aditu beharrean, begiratuko egingo duela, zorrotz begiratu ere.
Teleskopio berri hori Harvard-eko Oak Ridge Behatokian dago eta maiztasun handiko argi-izpi labur-laburrak ere hautemateko gai da. Horretarako, bereziki prestatutako detektagailuak, bideo-kamera, softwarea eta abar ditu. Pentsa, segundoko 3,5 terabit informazio prozesatzeko gai omen da.
Dirua lortuz gero, beste teleskopio bat egiteko asmoa dute —lehenengoa 350.000 dolar kosta zaie—. Hala, bi teleskopioetatik lortutako datuak konparatu ahal izango dituzte.
Egin kasu, mesedez
Dena dela, ez dirudi erraza izango denik zibilizazio horien argia jasotzea. Irrati-uhinak ez bezala, laser argia noranzko bakarrekoa da, etaLurraz kanpoko zibilizazio horiek gurekin kontaktatu nahi badute bakarrik detektatuko dugunahita guregana zuzendu duten argia.
Hori bai, hala bada, SETIren teleskopioak mezua jasoko du. Eta, ez hori bakarrik, zehazki nondik igorri duten ere jakingo du.
Bestalde, egia da argiaren bidez informazio asko igor daitekeela, eta, hori dela eta, lagun estralurtarrek argia erabil dezaketela komunikatzeko. Alde horretatik oso baikor ageri dira proiektuaren bultzatzaileak, ziur omen baitaude hor nonbait daudela, eta egunen batean haiekin harremanetan jarriko garela. Noiz? Hori beste kontu bat da, noski. Eta gertatzen den arte —gertatzen bada behintzat— zalantza nagusi izango da.
7K-n argitaratua.