}

Eta ilargirik ez balego?

2000/10/29 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Izenburuko galderak ez du balio zientifikorik, Ilargia egon hor dagoelako; ikus daitekeenetan ondo ederra gainera. Baina ezin ukatu galdera polita dela: Ilargirik ez balego, zer gertatuko litzateke? Hasteko poesiarik eta poetarik ez zen izango, ezta Ilargipean emandako lehenengo musurik ere, eta are gutxiago Ilargi izeneko pub maitagarririk, motiborik ez dagoenean ez baitago izena jartzerik; gizotsoak, gainera, ez lirateke literaturaren parte izango. Zientziaren ikuspegitik ere, gauzak beste era batera kontatu beharko lirateke.

Galderari zientziaren ikuspegitik erantzuten hasiz gero, mareak lehen kaltetuak. Izan ere, Ilargiak Lurrean dituen eragin nabarmenetarikoak itsasgorak eta itsasbeherak dira. Eta Ilargirik ez balego, marearik ere ez litzateke egongo? Bada bai, egongo lirateke, baina beste era batekoak. Mareak bi gorputzen —Lurra eta Ilargia— arteko grabitate-indarra distantziarekin gutxitu egiten delako gertatzen dira. Grabitatea materia osatzen duten elementuen arteko erakarpen-indar unibertsala da. Grabitateak gertuko objektuei urrunekoei baino tira gehiago egiten die, horregatik uneoro Ilargitik gertuen dauden itsasoek gorago egiten dute.

1897an George Darwin-ek —Charles-en semeak—, Ilargia guregandik kiribilean urruntzen ari direla bota zuen. Bere hipotesia 1969. urtean Apolo 12 espaziontziko astronautek baieztatu egin zuten. Ilargia urtetik urtera 5 zentimetro urrunago dago. Ez Lurrak eta ez Ilargiak errotazio-mugimendurik ez balute eta Eguzkiak mareen sorkuntzan eraginik ez balu, ozeanoaren itsasgoretariko bat Ilargiaren eta Lurraren artean egongo litzateke; bestea, aldiz, Ilargiaren kontrara dagoen Lurreko aldean.

Ilargitik gertuen dagoen itsasgora gerturatzen saiatzen da; urrutien dagoena, berriz, urruntzen. Ondorioz, itsasgorak mendebalderantz jotzen dute; hori egitean, kontinenteekin eta uharteekin egiten dute topo. Lur-masa horiek, errotazioaren eraginez, ekialderantz egiten ari direnez, errotazioa bera moteldu egiten da. Hortaz, eguna luzatzen ari da, 0,0002 segundo mendeko. Hori ez da asko, baina milioika milioi urtetan bada zerbait. Gero eta errotazio-abiadura geldoagoa duenez, Lurra lehen bizkorrago mugitzen zela esan nahi du. Geologoen ustez, eratu zenean, lurraren errotazio-abiadura gaur egungoa baino lau aldiz handiagoa zen, eta eguna —ondorioz— lau zati laburragoa, 6 ordu inguru.

Beraz, Ilargia ihes egiten ari da, baina oraindik hor dago. Dena den, lehen esan bezala, Ilargirik ez balego, marearik ere ez litzateke egongo? Egongo lirateke, Eguzkia hor baitago. Gaur egun ere, mareen arduradunetariko bat —heren bateko ardura du— Eguzkia da.

Ilargirik gabeko Lurraren beste ezaugarrietako bat haizea izango litzateke, gaur egungoa baino askoz ere haize indartsuagoa. Izan ere, zenbat eta errotazio-abiadura handiagoa, planetetan haize gehiago ibiltzen da. Jupiterren, adibidez, hori oso nabarmena da. Jupiterrek
10 ordutik behin itzuli bat egiten du. Haizeak han indartsuak dira, eta, batez ere, ekialdetik mendebalderako norabidea izaten dute gehienetan; egun, berriz, Lurrean iparraldetik hegoalderako haizeak nagusi izaten dira, oro har. Jupiterren bertan haizearen abiadura orduko 160 eta 320 kilometro ordukoa izaten da.

Ilargirik gabeko Lurrean ere egoera antzekoa izango litzateke, haizea ekialdetik hegoalderantz joango litzateke nagusiki eta orduko 160 kilometro inguruko abiaduran. Jakina, urakanak askoz bizkorrago ere mugituko lirateke.

Eta egoera horretan, bizitzarik egongo al litzateke? Galdera logikoa da; erantzuna, zuk zeuk erabaki nolakoa den. Izan ere, bizitza posible egin zuten produktu kimikoak antzinako ozeanoetan bildu ziren. Eguzkiaren erradiazioen eraginez eboluzioa abian jarri zen. Ilargirik gabeko Lurrean Eguzkiaren erradiazioa berdina izango litzateke, baina produktu kimikoak ez lirateke hain ugariak izango. Mareak hain txikiak izango lirateke ozeanoak pobre-pobreak izango liratekeela. Produktu kimiko gehienak ibaien uren mugimendutik sortuko lirateke. Gaur egun ibaiek zeregin hori ere badute, baina itsasoek zeregin horretan duten eraginarekin alderatzen bada, ezer gutxi dela esan daiteke. Beraz, itsasoan produktu kimikoak urri samarrak izango liratekeenez, bizia
—egun ezagutzen den bezala— ez litzateke hain eboluzionatua egongo.

Hala ere, ez pentsa eboluzioa geldirik egongo litzatekeenik; ezta hurrik eman ere. Haize indartsuek eta egun laburragoek nahi eta nahiez eboluzioan eragina izan beharko lukete. Logika-kontua besterik ez da. Haizearen eraginez, altuera handiko bizi-formak —berez zutik egoteko gai izan ez edo zailtasunak dituztenak— ez lirateke hainbeste garatuko. Adibidez, horrelako bizi-giro batean palmondoak garatzea zaila izango litzateke, azal-azaleko sustraia izaten dutenez haizeak berehala botako lituzkeelako. Era berean, zuhaitzetan bizi diren izakiek arazoak izango lituzkete, zuhaitzak berak askoz ere gehiago mugituko liratekeelako. Horrek ez du esan nahi, hala ere, tximinoek edo tximinoen antzeko animaliek ez lukete bizitzerik izango, baizik eta zuhaitzetan bizi ahal izateko hobeto egokitu beharko liratekeela. Logikari jarraiki, animalia horien burmuina, behar bada, garatuagoa ere egon beharko litzateke eta abar.

Desberdintasunak gehiago ere izango lirateke: eklipserik ez litzateke izango, gaueko zerua ilunagoa izango litzateke, animalia batzuetan eragina nabarmena izango litzateke, gauez bizi diren hainbat izaki ez lirateke egun diren bezalakoak izango, gizakia ez zen inoiz Ilargira iritsiko eta abar. Neil F. Comins fisikari eta astronomo estatubatuarrak What if the Moon Didn't exist? Voyages to earths that might have been (Eta Ilargirik ez balego? Izan zitezkeen Lur desberdinetarantz) izenburuko liburuan hori guztiari buruz idatzi du.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia