}

Eta Lurra laua balitz?

2003/11/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Badakigu Lurra planeta bat dela eta, ikusten ditugun beste planeta guztiak bezala, gutxi gorabehera esferikoa dela. Mila aldiz entzun ondoren, hori ikasi dugu. Zaila da begi hutsez horretaz jabetzea; gure inguruan Lurra lau ikusten dugu. Hala ere, jakin, badakigu 'biribila' dela. Baina imajina dezagun laua dela...
(Argazkia: G. Roa).

Gizabanakoaren ikuspuntutik, gainera, ez da hain zaila. Lautada handi batetik edo itsaso zabaletik, alde batera edo bestera begiratuta, eremu laua ikusten da. Bukaezina. Instintiboki, geometria lau hori erraz onartzen da.

Baina geometria lauak galdera batzuk ekartzen ditu; adibidez, non bukatzen da lautada hori? Infinituraino zabaltzen da? Nonbait bukatu beharko du, Eguzkia ekialdetik ateratzen eta mendebaldetik sartzen ikusten badugu. Ez dago zalantzarik, Lurra finitua da; nonbait 'bukatzen' da.

Antzinako zibilizazio askotan, disko-itxura duela uste zuten; Eguzkiaren arazoa konponduta zuten, beraz, eta intuizioak agindutakoari ere eusten zioten azalpen horrekin: Lurra laua da, eta ertz bat badu bukaeran. Ausartenek ere ez zuten ertz horretara joan nahi, handik erortzeko arrisku bizia baitzegoen.

Ez dezagun horren kontra egin. Onar dezagun Lur lauaren ideia, eta disko baten gaineko biztanleak garela. Nolakoa izango litzateke gure inguruko guztia? Orain ikusten dugunaren berdina ez; inolaz ere ez.

Aldaketarik nabarmenena grabitatea izango litzateke. Nahiz eta masa bera izan, beste modu batean egongo litzateke banatuta; eta masa ez ezik, grabitatea ere beste modu batean egongo litzateke banatuta, azken batean, masa non dagoen, handik egiten duelako indarra. Lur esferikoan grabitatea berdina da lurrazaleko puntu guztietan, baina disko-itxurakoan aldatu egingo litzateke puntu batetik bestera.

Pentsa… Demagun diskoaren aurpegi bakoitza hemisferio bat dela, ekuatorea ertzean dagoela eta poloa erdian duela. Polo batean egongo bagina, hau da, diskoaren aurpegi baten zentroan, Lurraren materia gehiena ez litzateke gure azpian egongo. Materia gehiena, nolabait esateko, gure inguruan egongo litzateke, ordea, oinazpian. Norabide guztietatik batera erakarriko gintuzke materiak, hala, alde bateko materiaren eraginak beste aldekoarena orekatuko luke. Hala ere, beheranzko norabidean indar ahul bat nabarituko genuke, nahiz eta zuzenean azpian oso materia gutxi izango genukeen.

Horren arabera, diskoaren zentroan egongo bagina, oso grabitate txikia egongo litzateke, eta airean flotatzeko oso gutxi beharko genuke. Astronautak bezala, ia grabitate ezean biziko ginateke.

Mundiala: ez genuke ia batere pisatuko. Baina pagotxa horrek diskoaren zentroetan bakarrik, hau da, poloetan bakarrik iraungo luke. Ekuatorerantz bidaiatzen hasiz gero, pisu gehiago hartuko genuke, derrigor.

Mundu okerra

Zentrotik urrundu ahala, planetaren materia gehiena gure atzean uzten joango ginateke. Beraz, grabitateak behetik ez ezik atzetik ere egingo liguke tira, hau da, indarra ez litzateke bertikalki beheranzkoa izango, inklinatua baizik. Ondo esateko, indarra ez litzateke lurrazalarekiko perpendikularra.

Lurraren ertzean egotea mendi baten gailurrean egotea bezala izango litzateke.

Polotik urruntzeko bidean, tira egingo ligukeen indarra aldatu egiten dela nabarituko genuke; zenbat eta zentrotik urrutiago, orduan eta indartsuagoa eta inklinatuagoa izango litzateke indar hori. Praktikan, gure ikuspuntutik, gero eta aldapa gogorrago batean gora ibiliko bagina bezala sentituko ginateke.

Esate baterako, Euskal Herrian grabitatearen efektua oso nabaria litzateke: mendiak izan ala ez, Euskal Herria bera aldapa handi bat izango litzateke; behealdean Baiona eta goialdean Tutera egongo lirateke.

Arrazoi beragatik, diskoaren ertzera bidaiatzea mendi batera igotzea bezalakoa izango litzateke. Aldapa gero eta gogorragoa, eta ekuatorea bera mendiaren gailurra izango lirateke.

Bizimodu latza

Seguruenik, gauzak horrelakoak izanda, euskaldunok aldapan bizitzeko erabat egokituta egongo ginateke… hori guztia gizakirik balego.

Izan ere, Lurra laua izatearen ondorioak areago doaz; grabitatearen eta planetaren errotazioaren arabera, beste ezaugarri asko aldatuko lirateke, hala nola, atmosfera, eta ondorioz klima, eta ondorioz ekosistemak, eta ondorioz espezieak, eta ondorioz gizakia eta abar.

Disko-itxurako Lurrean grabitateak eragin bitxia izango luke. Adibidez, errekak diskoaren erdialdera eroriko lirateke, eta agian diskoaren erdian ozeano bat sortuko litzateke; ur-lurrunez estalitako ozeanoa. Eta, era berean, beste gauza askok zentrorantz erortzeko joera izango lukete.

Grabitateak eragindako indarra tokiaren araberakoa izango litzateke: diskoaren zentroan (a), oso txikia; erdibidean (b), aurrekoa baino handiagoa eta inklinatua; eta ertzean (c), handia eta diskoaren diagonalaren norabidekoa.

Harriak ere, mendietako maldetan behera pixkanaka erortzen diren bezala, planetaren zentrorantz eroriko lirateke, ertzetakoak azelerazio handiaz, eta barrualdekoak horiek baino polikiago. Errekek eragindako higadurak ere lagunduko luke prozesu horretan: pixkanaka, harriak eta mineralak erdialdean metatuko lirateke. Ondorioz, milaka urtean materia zentroan metatuta, planeta osoa biribilduko litzateke, eta grabitateak berdintzeko joera izango luke leku guztietan.

Planeta esferiko bilakatuko litzateke, alegia. Ez da harritzekoa, hori baita itxura egonkorrena. Horregatik dira biribilak Lurretik ikusten ditugun planetak eta sateliteak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia