Eta petrolioa gure etxeetara heldu zen...
2003/06/01 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
1859an, Estatu Batuetako Pennsylvanian egin zen petrolioa ateratzeko lehen zulaketa. Egilea Edwin Drake izan zen. Garai hartan, berogailu eta lanparentzako erregai nagusia baleen koipea zen, baina erregai-eskaria izugarri igotzen hasiz bat baleen harrapaketak jaisten hasi ziren. Baleetatik lortutakoarekin ezin zen Europan eta Estatu Batuetan zegoen erregai-beharra bete.
Petroliotik kerosenoa lor zitekeela aurkitzean, baleen koipearen ordezko egokia zela ikusi zuten. Gainera, bazirudien, baleak ez bezala, petrolioa lehengai amaiezina zela. Asko izan ziren petrolio-hobi berriak bilatzeari ekin ziotenak, baita aurkitu ere: Texasen, Pennsylvanian, orduko Errusian, Europa ekialdean...
Estatu Batuetako petrolio-erauzketen kopurua barne-kontsumoa baino handiagoa zenez, Europara esportatzen hasi ziren hainbat petrolio-konpainia. Horietatik boteretsuenetako bat Standard Oil izan zen, John D. Rockefeller-ek sortu zuen konpainia. Petrolioaren erauzketaz gain, garraioaz ere arduratzen ziren.
Garraiorako, hasieran, birziklatutako upelak erabiltzen ziren, eta gurdietan, trenetan edo itsasontzietan garraiatzen ziren. Hala ere, azkar asko konturatu ziren hori ez zela modurikegokiena, eta petrolioarentzat espezifikoak ziren garraiobideak diseinatzen hasi ziren, andelak, oliobideak eta petrolio-ontziak.
Esan bezala, garai haietan kerosenoa lortzeko erabiltzen zen petrolioa, baina XX. mende-hasieran, historia aldatuko zuen asmakizun bat sortu zen: autoa. Autoaren motorrarentzat erregai egokienak petrolioaren deribatuak zirela ikusita, ordutik aurrera motor guztien erregai bezala erabili ziren.
Autoaren eta, gehien batean, autoa mugiarazten zuen motorraren arrakasta izugarria izan zen. Britainia Handiko armadak, motor horrek zituen abantailak ikusita, bere gerrarako makinak eraberritzeari ekin zion. Horien ostean, beste herrialdeetako armadek gauza bera egin zuten.
Azkar asko hasi ziren petrolioaren gero eta deribatu gehiago agertzen. Argi dagoenez, petrolioaren erabilera berriek areagotu besterik ez zuten egin petrolio-eskaria. Horrekin batera, noski, petrolio-hobi berriak non-nahi bilatzen jarraitu zuten. Europako estatu askok zituzten kolonietan ere aurkitu zuten petrolioa; Estatu Batuetako konpainiak, berriz, petrolio-hobiak zituzten herrialdeekin akordioak egiten hasi ziren, orduko Persiarekin edo Hego Ameriketako estatuekin, esaterako.
Gizartea petrolioaren menpe
XX. mende erdialderako, erabatekoa zen herrialde garatuek petrolioarekiko zuten menpekotasuna. Ordurako, Ekialde Hurbileko, Siberiako, Hego Amerikako, Mexikoko Golkoko eta Kaspiar Itsasoko petrolio-hobi handienak aurkituta zeuden. Eta hobi horien ustiapenaren eta garraioaren kontrolarekin izugarrizko dirutzak sortzen hasi ziren, bai eta petrolio-gose handiagoa ere.
Historiaren puntu honetan ere, Estatu Batuen kasua berezia da. Izan ere, lehen petrolio-hobia zulatu zenetik 50eko hamarkadara arte petrolioaren esportatzaile garbia izan zen arren, ordutik aurrera munduko petrolio-inportatzaile nagusiena bilakatu zen. Beren barne-produkzioa gorde eta beste herrialdeetako hobietan eskua sartzen jarraitu zuten konpainia estatubatuarrek.
Petrolioaren beharra igo ahala, garraioak ere garrantzi berezia hartu zuen. Garraiobide merkeena eta erabiliena itsasontzia bilakatu zen, petrolio-kantitate handia azkar eta baliabide gutxirekin garraiatzeko modua baitzen. Geografiak hala behartuta, petrolio-hobietatik itsas portuetara oliobideak egin ziren leku askotan.
Petrolioaren erauzketarekin, garraioarekin eta kontsumoarekin izugarrizko sarea eratzen hasi zen munduan zehar, eta gaur egun duen botere politikoa hartzen hasi zen petrolioa. Horren adibide garbiena 1973ko petrolio-krisia da.
LPEE, petrolioa boterea da
1960eko hamarkadaren hasieran, petrolioa esportatzen zuten hainbat herrialdek LPEE deritzon elkartea osatu zuten (Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Elkartea). Saudi Arabia, Venezuela, Iran eta Kuwait izan ziren elkartea eratu zuten lehen herrialdeak. Elkartea osatu eta berehala, Ekialde Hurbileko eta Hego Amerikako beste hainbat herrialde ere sartu ziren.
Elkartearen helburu nagusietako bat Estatu Batuetako petrolio-konpainia boteretsuenak, Standard Oil New Jersey konpainiak, petrolioaren prezioa jaisteko egin zituen presioei erantzun bateratua ematea zen. Izan ere, 1970 eta 1973 bitartean Estatu Batuen petrolio-inportazioa bikoiztu egin zen, eta, lehen aldiz, mundu osoko petrolio-eskaerak gainditu egin zuen eskaintza. Kontuan izan behar da garai hartan LPEEk munduan erauzten zen petrolioaren % 54 kontrolatzen zuela.
1973ren hasieran LPEEk % 70 igo zuen petrolioaren prezioa. Garai hartan gatazka ugari zegoen Ekialde Hurbilean eta mendebaldeko estatuei presioa egiteko esportaziorako petrolio-kuotak ezarri zituzten. Urte-bukaerarako ia hirukoiztu egin zen petrolio-upelaren prezioa.
Krisialdi horrek, petrolioaren garrantzia nabarmentzeaz gain, beste ondorio batzuk ere izan zituen: Estatu Batuetako eta Europako konpainiak petrolio-iturri alternatiboen bila hasi ziren, LPEEko herrialdeek petrolioarekiko zuten kontrola murriztearren.
Beraz, hobi berriak aurkitzeko teknika berriak sortu eta garatu ziren, eta horrek izan zituen etekinak. Alaskan, Ipar Itsasoan, Afrikaren mendebaldeko kostan eta beste hainbat lekutan petrolio-hobi berriak aurkitu ziren. Horrekin batera, garraiorako bide berriak ireki ziren, oliobide berriak eraiki eta hobi berri horien eta aurretik ezagutzen ziren hobien kontrola lortzeko borrokak areagotu egin ziren.
Petrolioaren garraioa: nondik nora
Gaur egun, oraindik ere, Ekialde Hurbileko herrialdeak dira munduan petrolio gehien esportatzen dutenak. Mundu osoko petrolioaren % 32 hortik ateratzen da. Hori dela eta, eskualde horretatik mundu osora petrolioa garraiatzeko dauden bideak oso garrantzitsuak dira. Ekialde Hurbiletik ateratzen den petroliotik gehiena itsaso bidez garraiatzen da, eta beste guztia oliobideen bidez.
Itsaso bidez Japoniara, Estatu Batuetara eta Europara zabaltzen da petrolioa. Japoniara Malaka-ko itsasartetik, eta Estatu Batuetara eta Europara Suez-eko kanaletik edo Ormuz-eko itsasartetik aterata Esperantza Oneko Lurmuturretik (ikus 40-41 mapa).
Petrolioa ahalik eta merkeena izatea ezinbestekoa da, eta prezioan garrantzi handia du garraioak. Petrolio-erreserben eta kontsumitzaileen artean dagoen distantzia dela eta garraioa ezinbestekoa denez, ahalik eta merkeena izan behar du errentagarria izan dadin; ahalik eta gehien, ahal den modu merkeenean eta ahal den eta azkarren garraiatzea da helburua. Ez da erraza, ordea, eta faktore asko daude kontuan hartu beharrekoak. Dena dela, itsas garraioa da gaur egun merkeen ateratzen den garraio-mota. Munduan ateratzen den petrolioaren % 62 itsaso bidez garraiatzen da eta beste guztia, % 38, lehorretik, oliobideen bidez, trenez edo kamioiez.
Petrolio-trafiko handiena dagoen guneetan sortzen dira arazo gehien, politikoak, ekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak, eta oztopo geografikoek arazoak areagotu besterik ez dituzte egiten. Itsasarteetan, esaterako, trafikoa asko pilatzen denez, garraioaren erritmoa asko jaisten da. Horrek arazo ekonomikoak ekartzen ditu. Gainera, istripuak izateko aukera gehiago daude, horrek dakartzan ingurumen-arazo larriekin.
Hala ere, petrolio-konpainientzat buruhauste handienak inguru horietako arazo politikoak dira. 2002. urtean, esaterako, Bab el-Mandab itsasartean al-Qaedak eraso egin zion Malaysiako Petronas konpainiaren petrolio-ontzi bati —Bab el-Mandab itsasarteak Itsaso Gorria Arabiar Itsasoarekin elkartzen du—. Ordutik, itsasartean askoz segurtasun-neurri gehiago hartzen dira.
Turkiako Bosforo itsasartean, berriz, bestelako arazo batzuk daude. Itsasarte horrek elkartzen ditu Itsaso Beltza eta Mediterraneoa, eta Itsaso Beltzaren inguruan ateratzen den petrolioa hortik garraiatzeaz gain, Kaspiar Itsasoaren inguruko herrialdeetan ateratzen den petrolioaren zati handi bat ere bertatik bideratzen da.
Egunero hiru milioi petrolio-upel garraiatzen dira estugune horretatik, eta urtero 5.500 petrolio-ontzi pasatzen dira (gainera, bestelako gaiak garraiatzen dituzten beste 50.000 ontzi ere bertatik igarotzen dira). Kontuan izanda itsasartearen lekurik estuenak 700 m-ko zabalera duela, argi dago, puntu horretan, arazo nahiko larria bilakatzen ari dela itsaso bidezko garraioa.
Itsasarte horretako trafikoa erregulatzeko ahaleginetan dabil turkiar gobernua, eta eguneko ontzi-kopurua eta horien tamaina mugatzeko asmoa du. Alabaina, hortik bideratzen da Kaspiar Itsasoaren inguruan erauzten den petrolioaren zati handi bat, eta, azkenaldian, eskaera bezala, produkzioa ere asko igo da.
Arazoaren konponbidea ez da batere erraza. Itsasartearen ordezko bideak aurkitzea ezinbestekoa izango dela dirudi; oliobideen, trenbideen edo kamioien bidezko garraioa egin behar da. Galdera beste bat da, ordea: nondik? Inguru horretan dauden arazo politikoak areagotzea ekar dezake horrek, eta litekeena da datozen urteetan arazo gehiago sortzea.
Gizarteak petrolioarekiko duen menpekotasunak guztiz baldintzatu du munduaren azken mendeetako historia, eta badirudi mende berri honetan ere horrela jarraituko duela, zoritxarrez.
Datu aipagarri batzuk:
- Munduko petrolio-erauzketa:
1920an: 95 milioi tona
1950ean: 500 milioi tona
1960ean: mila milioi tona
1990ean: 3 mila milioi tona
2001ean: 125 mila milioi tona. - Egunero erauzten den petrolio-kantitatea: 9,3 milioi tona.
- Egunero kontsumitzen den petrolio-kantitatea: 10,41 milioi tona (hortik % 57 garraiorako erabiltzen da).
- Mundu osoan petrolioa garraiatzen duten itsasontzien kopurua (2002ko urtarrila): 3.500.
- Urtero itsasoz garraiatzen den petrolio-kantitatea: 1,9 mila milioi tona (guztizkoaren % 62).
- Egunero itsasoz garraiatzen den petrolio-kantitatea: 100 milioi tona.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia