Etengabeko lana gaixotasunen kontra
2004/02/09 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Medikuntza-arlorako ikerketan aritzen diren zientzialariek ez dute lan makala. Teknologia berrien laguntza izan arren, asko dira landu beharreko esparruak. Gaixotasun batzuek, gainera, bereziki kezkatzen dute jendea. Horien gainean etengabe ari dira lanean ikertzaileak.
Hainbat inkesten arabera, minbizia da herri garatuetako biztanleak gehien kezkatzen dituen gaixotasuna. Komunitate zientifikoa iritzi horrekin bat datorrela dirudi, eta gaur egun ahalegin handia egiten da minbiziaren kontrako terapiak ikertzen. Tumoreei odol-jarioa mozten dien droga bat izan da azken hilabeteetako aurrerapauso garrantzitsuenetako bat. Horren bidez, koloneko minbizi aurreratua zuten gaixoen bizitza luzatzea lortu dute, eta, orain, tratamendua hobetu eta beste minbizi-mota batzuk tratatzeko egokitzen saiatuko dira.
Ikertzaile askoren ustez, epe luzerako minbizi-tratamenduak izango dira etorkizuneko eredu nagusia. Urte gutxian,hilkortasun-tasek behera egitea espero dute. Haien ustez, gutxi falta dute minbizi arrunt askoren egitura genetikoa aurkitzeko, eta horrek aldaketa ekar dezake egungo zenbait terapiatan, kimioterapian kasu.
Asma ez da gaixotasun larria, baina oso hedatuta dauden gaixotasunen zakuan sartu beharko litzateke. Munduan 100 milioi pertsonak baino gehiagok pairatzen dute, eta, gehienok oso larritzat ez badugu ere, urtero 180.000 gaixo hiltzen dira gaitz honengatik. Horri irtenbidea bilatu nahian, arnasbideak buxatzea eragozten duen molekula bat sortu dute biologoek, asma zuten saguekin egindako ikerketa batean. Horren bidez, asma-krisietan muki-jarioa etetea lortu dute. Hortaz, molekula berria elementu osagarria izan daiteke asmaren tratamenduan. Hala ere, oraindik albo-ondorio posibleak aztertu beharko dituzte.
Meningitisaren gainean ere berriak izan dira, ikertzaile batzuk hiru moten kontrako txertoa lortzeko bidean omen daudelako. Ikerketa hau ere saguekin egin dute orain arte, eta emaitza onak izan dituzte. Gaur egun, A eta C motako meningitisen aurkako txertoak daude, baina ez dago B motakoaren kontrakorik, eta hori da, hain zuzen, hilgarria dena.
Zientzialariak xerto eta botika berriak probatzen ari dira.Droga eta tratamendu berriak gizakietan probatzea izaten da urrats erabakigarriena. Hiesaren eta diabetearen kasua da, haien kontrako droga berriak ari baitira probatzen eta emaitza positiboak lortuz gero, aurrerapauso handia izango da gaitz horien tratamenduan.
Beste alde batetik, nahiz eta ez dagoen mundu osoan hedatuta, Ebolak ere jakin-min handia sortzen du. Horren arrazoietako bat izan daiteke hilkortasun handia eragiten duela, birusak infektatutako gaixoen % 80 inguru hiltzen baita gaur egun arte Afrikan baino zabaldu ez den gaixotasun honen ondorioz. Azken urteetan bost agerraldi izan dira Afrikako erdialdean. Oso infekziosoa da, eta sukarra, gibeleko arazoak eta barne-odoljarioa eragiten ditu.
2003an gaitz horren kontrako txerto batekin probak egiten hasi ziren gizakietan, eta saguekin probatutako beste txerto batek emaitza itxaropentsuak eman ditu. Gaitzak sistema immunean nola eragiten duen hobeto ulertzeko ikerketek ere aurrera jarraitzen dute, eta baita gaitzaren mapa egiteko satelite bidezko kartografia-lanek ere. Bestalde, odolaren gatzapenean eragin dezakeen proteina bat ari dira aztertzen gaitzaren tratamenduan erabiltzeko.
Gaixotasunen itzulera
Azken urteetako gaixotasun nagusiez gain, aspalditik ia desagertutzat genituen gaitz batzuek indar berria hartu dute azken urteetan herrialde garatuetan. Gaitz horiek badute tratamendua gaur egun, baina, hala ere, ez da arrunta kasu asko egotea. Horietako bat sifilia da. Gaixotasun hori indarberritzen ikusi dute Europako hainbat estatutan eta Estatu Batuetan. Osasun-erakundeak harrituta daude, azken urte bietan kasu-kopurua izugarri igo delako. Tuberkulosi-kasuek ere gora egin dute, eta ikerketa-talde batzuk gaitz horren egitura genetikoa aztertzen ari dira.
Ebola birusak gaixoen % 80 inguru hiltzen du.Gainera, epidemia berrien agerpenak urduritasuna eragin du mundu osoan: ezohiko pneumoniaren ustezko berragertzeak kezka eragin du Asiako ekialdean, eta ikertzaileek haren azterketa genetikoa egin dute.
Asian ere, hainbat pertsona hil dira hegaztien gripeak jota. Aditu batzuek lehendik esana zuten gaitz honen birusekin halakorik gerta zitekeela. Bestalde, Londresen elkartutako hainbat adituren esanean, animalien gaixotasunak mehatxua izan daitezke gizakientzat datozen urteetan. Haien ustez, posible da beste birus batzuek ere espezieen arteko muga zeharkatzea etorkizunean.
Bestalde, teknologiak arlo askotan erabil daitezkeen aurrerapenak izan ditu. Diziplina arteko elkarlanak, teknika inbaditzaileen alternatiben garapenak, datuen tratamendu digitalak, eta abarrek eragin handia izan dute medikuntza-ikerketetan. Transplanteen inguruan, adibidez, erronka berriak ezartzen dira teknologia aurrera doan heinean. Egun, emaile-eskasia izaten da arazo nagusietako bat, eta, hori dela eta, espezieen arteko transplanteen inguruko ikerketa eta probak ugaldu egin dira. Transplante horiei xenotransplante deritze, eta sor daitezkeen hainbat arazo saihesteko organoetan aldaketa genetikoak egiten hasi dira. Xenotransplanteen gaiak polemika sortu du lehenago ere, sortzen diren arazo etikoak direla eta, eta etorkizunean ere eztabaida gehiago ekarriko du, seguru.
Baina, aurrerapenak egon badira ere, itxaropena piztu zuten hainbat aurkikuntzak ez dute espero zen emaitza izan. Batzuek ez dute lortu animalietan lortutako emaitzak gizakietan errepikatzea, edo albo-ondorio txarrak izan dituzte. Urtero agertzen diren itxaropen guztietatik batzuk baino ez dira errealitate bihurtzen. Gaitzen kontrako bidea oraindik luzea da, eta ikertzaileen lana nola garatzen den ikusi egin beharko dugu emaitzak zertan geratzen diren ikusteko.
Klonazioari buruzko eztabaida Nazio Batuetan
Ikerketan ondorio garrantzitsuak izan ditzakeen eztabaida bat egingo da aurten Nazio Batuen egoitzan. 2004ko irailean egingo dute, azkenean, Nazio Batuek eztabaida klonazioari buruz. Hori espero dute, behintzat, eztabaida hainbatetan atzeratu baita.
Nazio Batuen baitan bi iritzi nagusi daude, eta momentuz ezinezkoa izan da ezer adostea. Guztien ustez, debekatu egin behar da giza klonazioa ugalketarako erabiltzea, baina hor amaitzen da adostasuna. Estatu Batuek eta beste herrialde batzuek klonazio terapeutikoa ere debekatzea nahi dute, alegia, klonazioaren kontrako debeku osoa nahi dute. Beste estatu batzuen ustez (Belgika, Frantzia, Erresuma Batua eta Japonia, adibidez), klonazioa baimendu egin behar da erabilera terapeutikoetarako eta ikerketarako, horrela ez izatekotan hainbat gaitzen kontrako terapiak lortzeko oztopo handiak egongo lirateke eta.
Hasieran, eztabaida 2005 arte atzeratzea proposatu zuen lege-batzordeak, Islamiar Konferentziak (OIC) hori proposatu eta gero, baina, azkenik, urte bakarreko atzerapena lortu dute debeku osoaren alde dauden herriek. Europako Batasunean ere zelula amen gaineko auzia eztabaidatu beharko dute.
Ikerketaren etorkizuna ez da segurua
Estatu Batuetan geroz eta handiagoak diren terrorismoaren aurkako segurtasun-neurriak kaltegarriak izan daitezke ikerketarentzat, zientzialari askoren ustean. Atzerriko ikertzaileek lehendik ere bazituzten arazoak herrialde horretan sartzeko, eta orain gogortu egingo dira bisa lortzeko azterketak. Gainera, esportazioaren erregulazio berriek eta esparru berezietako zientzialariei egin diezazkieketen poligrafo-probek kolokan jar dezakete ideiak nazioartean trukatzea. Munduko beste estatu batzuek ere horrelako neurriak hartzeko asmoa omen dute, gainera.
Bestalde, krisi ekonomikoak ere eragina izan dezake medikuntzaren inguruko ikerketan. Aspaldian finantzazioa gutxituz joan da esparru gehienetan, eta babestuta jarraitu duen bakarretakoa biodefentsa izan da. 2003an izan zuen booma, eta ez dauka aldatzeko itxurarik. Arlo horretan, hainbat patogenoren ikerketa sakona egin da. Adibidez, botulismoa, anthraxa, izurria, sukar hemorragikoak eta eta beste zenbait gaixotasunen gaineko esperimentu ugari egin dituzte. Horrek berez aurrerapen asko ekar baditzake ere, lortutako emaitza asko ez dira publiko egingo.
Genetika-arloan datu-zaparrada.
Asmari aurre egiteko tratamendu berrien bila ari dira ikertzaileak.Giza genomaren sekuentzia eskuetan dutela, biologoek ikusi dute askoz datu gehiago behar dituztela guztiz ulertzeko. Helburu horrekin ari dira lanean hainbat proiektutan. Besteak beste, giza aldaketa genetikoetan ereduak bilatzen, gene-adierazpenaren informazioa lortzen, proteinen funtzioak eta elkarrekintzak aztertzen eta geneen funtzioak zehazki identifikatzen saiatuko dira.
Horrez gain, espezieen arteko desberdintasun genetikoak zein diren zehazteko asmoa ere adierazi dute hainbat ikertzailek. Horri dagokionez, informazio-uholdea espero dezakegu hurrengo hilabeteetarako.
Hainbat ikerketa dagoeneko hasi dira fruituak ematen. Azken hilabeteetan kolesterolik gabeko saguak sortu dituzte, osteoporosia sortzen duen genea identifikatu dute, eta baita eskizofreniarekin eta depresioarekin lotutako hainbat ere.
Bestalde, lehenengo aldiz esperma eta obuluak berez sortzea lortu dute laborategian. Halaber, RNA txikiek geneak espresatzeko garrantzi handia dutela ikusi dute, eta harreman horren xehetasunetan murgildu dira ikertzaileak. Besteak beste, landareen eta animalien hasierako garapenean eta sistema immunearen sorreran eragin handia dutela ikusi dute.
Lortutako informazio guztia erabilpen terapeutiko askotan aurreratzeko giltza izan daiteke.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia