}

Etorkizuneko automobilak bi motore izango ditu

1991/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Etorkizuneko automobila ez da egoera guztietarako balioko duena izango. Antza denez, espezializaziora joko da.

Autopistetan ibiltzeko automobilak izango dira, beraz, ibilbide luzeak egingo dituztenak baina hirietan ibiltzeko “auto nanoak” ere izango dira. Hirietan dagoen aparkaleku-eskasiak eta poluzio-arazoek automobil txikiak fabrikatzera bultzatu dituzte automobil-fabrikatzaileak.

Ibilgailu berria sortzearen ideia Nicolas Hayek erlojugile suitzarrari bururatu zitzaion. Hayek Volkswagenekin elkartu zen bere ideia garatzeko eta elkarketa honetatik “City-Car” izeneko proiektua martxan jartzea erabaki zen. Proiektu hau burutzerako 1993. urtea iritsiko bada ere, ezaugarri batzuk jada aurrera daitezke. Automobilaren aurre aldean bi pertsona heldu sartzen dira eta atze aldean aulki bat eta bi erosketa-poltsa sartzen dira.

Bere pisua, hutsik, 785 kg-koa da eta eragiketa-sistema mistoa du; hau da, bi motore ditu: bata Diesel motorea eta bestea motore elektrikoa, hain zuzen ere. Hiriko kaleetan, ibilgailua baterietatik datorren energia elektrikoak bultzatuko du. Potentzia handiagoa behar denean, hiri arteko errepideetan edo autopistetan adibidez, Diesel motorea automatikoki pizten da. Motoreak, automatikoki pizten denean, ez du ia substantzia poluitzailerik emititzen. Zilindrada 1,4 l-koa da eta potentzia 35 kW-ekoa. 100 km/h-ra iristeko 20 segundo behar ditu eta abiadura maximoa 150 km/h-koa da.

Inertzi probetxamendu deituriko sistema automatikoak honela funtzionatzen du: automobil-gidatzaileak balazta zapaltzen duenean, motorea engranaje-sistemetatik desakoplatzen da. Motoreari berriro eragiten zaionean, marruskadura eta airearen erresistentzia soilik gainditu behar ditu. Beraz, balaztentzat da lanik handiena, baina oso ongi betetzen dute beren eginkizuna. Orain arte egindako neurketen arabera, 100 km-ko 1,2 l gasoil kontsumitzen du eta hirian garatzen duen potentzia 7 kW-ekoa da.

Volkswageneko teknikariek diotenez, ibilgailu txiki honek autoelikatzeko ahalmena izan dezake. Horretarako, Dieselak sorgailu txiki bati eragingo lioke, ibilgailuaren bateriei korronte elektrikoa hornituz.

Karrozeria altzairuzkoa izango da eta birziklagarria ere bai. Automobilean erabiliko diren materia sintetikoak birziklagarriak izango dira. Beraz, beste automobil batean erabili ahal izango dira. Bi ateak oso zabalak dira eta kolpeak ongi moteltzen dituzte.

Oso merkea izango dela dirudi. Une honetan egiten diren estimazioen arabera, salmenta prezioa 1.200.000 pta baino garestiagoa ez da izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia