}

Etorkizuneko hegazkina, proiektua eginda dago

2006/12/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Etorkizuneko hegazkina da hau: SAX-40 du izena eta MIT institutuan diseinatu dute. Bidaiarientzako hegazkin komertziala izango da. Hegazkin isila ere deitzen diote; izan ere, gaurko hegazkinak baino isilagoa izango da.Eta, ez hori bakarrik; gainera, erregai gutxiago kontsumituko du. Noski, etorkizuneko hegazkinak oraingoak baino ekologikoagoa izan beharko du.

SAX-40 h egazkin isilaren diseinua guztiz berritzailea da: trinkoagoa da gaur egungo hegazkinak baino.(Argazkia: Silent Aircraft Initiative)

SAX-40hegazkinaren diseinua guztiz berritzailea da; izan ere, ez du inongo zerikusirik gaur dauden hodi-itxurako hegazkinekin; itxura trinkoagoa du, hegoak eta hegazkinaren gorputz nagusia ia-ia bat dira. Eta motorrak ez doaz hegoen azpian, oraingo hegazkinetan bezala; aitzitik, atzealdean doaz, hegazkinaren gainean.

Diseinu horri esker, aireak oztopo gutxiago egiten dio, eta erregai gutxiago behar du —% 35 eraginkorragoa da erregaiari dagokionez—. Eta ez hori bakarrik; hegazkina oraingoak baino isilagoa izango omen da. Hain zuzen ere, helburu nagusia hori zuten diseinatzaileek, ahalik eta hegazkin isilena egitea. Proiektuaren izenak ere horri egiten dio erreferentzia: Silent Aircraft Iniciative , hegazkin isilaren ekimena.

Beraz, ekimen honekin aireportuetako zarata, poluzio akustikoa, gutxitzea bilatzen dute. Ekimena MIT institutuaren baitan garatu dute, Massachusetts-eko Teknologia Institutuan, hain zuzen ere, Estatu Batuetan.

Erabakia ekoizleen eskuetan

Diseinua eginda dago. Orain, hegazkin-ekoizleren batek diseinua gauzatzea baino ez da geratzen. Seguru asko, bi konpainia ekoizle handienetako batek hartuko du bere gain ekoizpena, Boeing -ek edo Airbus -ek. Baina biek hala biek nahikoa lan dute oraingoz bakoitzak bere sukaldean.

Airbusen A380 bidaiari-hegazkin handiena da, baina oraindik ez du lortu hegaldi komertzialak egiteko baimena, besteak beste, turbulentziak sortzen dituelako. (Argazkia: DLR-Institut für Physik der Atmosphäre )

Gaur egun Boeing 747a da bidaia komertzialetarako merkatuan dagoen hegazkinik handiena; oraingoz, behinik behin. Izan ere, Airbusen A380a handiagoa da; baina, egina dagoen arren, hegaldietarako baimena lortzeko arazoak ditu. A380ak, besteak beste, turbulentzia handi samarra sortzen omen du; eta, praktikan, aireportu bateko trafikoari dagokionez, turbulentzia horrek atzetik datorren hegazkinari eragin ez diezaion, denbora- eta espazio-tarte handia utzi behar da bien artean. Beraz, ez da ekoizleek eta hegaldi-konpainiek nahi bezain eraginkorra alde horretatik.

Pentsatzekoa da Airbusek A380arekin lanean jarraitzen duen artean ez dela beste hegazkin-modelo batekin lanean hasiko. Eta kontuan izan behar da, oro har, edozein hegazkin-ekoizlerentzat oso inbertsio handia eskatuko duela SAX-40 hegazkina ekoizten hasteak. Izan ere, diseinua guztiz berria denez, hegazkinaren ia pieza guztiak berriak izango dira, eta, horrenbestez, baita pieza horiek egiteko behar den makinaria ere.

Ez da erraza izango hegazkin-ekoizleak diseinu berria ekoizten hastea, azpiegituretan inbertsio handiak egin beharko dituztelako.
Silent Aircraft Initiative

Ez da kasualitatea gaur egungo hegazkin komertzial guztiek antzeko itxura izatea, hau da, hodi-itxurako gorputza (fuselajea), atzera zuzendutako hegoak alde banatan eta motorrak hegoen azpian. Izan ere, neurri desberdinetako hegazkinak egiteko ia pieza berberak erabiltzen dira, hodiaren luzera da gehien aldatzen dena. Ekoizpenean erabiltzen den azpiegitura antzekoa da hegazkin-modelo guztientzat. Eta hori bakarrik ez. Konpainia ekoizleek ahalik eta etekin handiena atera nahi izaten diete merkaturatzen dituzten hegazkin-modeloei.

Hortaz, hegazkin-diseinu berriak oraindik traba asko gainditu beharko ditu hegazkin-ekoizleek esku artean hartu arte. MITekoen kalkuluaren arabera, 2030a izango da, gutxienez, SAX-40 hegazkin isila hegaldi komertzialak egiten hasterako.

7K-n argitaratua.