}

Etxe-sagua, gizakiaren aprobetxategia

1995/04/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Etxe-sagua

Krax, krax, krax, karrax, krax. Zertan ari ote da gure katu gibela-handi hori? Katua gustura asko esne-plateraren batekin ametsetan ari den bitartean, xagu-pare bat jakitokiko baberrunak dastatzen ari da, hirugarren bat zintzilik dagoen urdai-puskari hozkaka ari zaion bitartean. Argia piztu dudan momentuan bi jauzitan desagertu dira denak. Berdin dio. Argia itzali bezain laster itzuliko dira lanari ekitera.

Elikadura zein bizilekuarekiko moldagarritasuna eta emankortasun handiaren ondorioz, etxe-sagua animalia kosmopolitenetakoa da.

Munduan 1.500etik gora karraskari-espezie daude, ia ugaztunen erdia, alegia. Orden honen barruan, muridoen familia nabarmentzen da handiena delako eta familia honetakoak diren arratoiak eta etxe-saguak ikaragarri ugaritu daitezkeelako. Elikadura eta bizileku ezberdinekiko moldagarritasuna, eta honekin batera duten emankortasun handiaren ondorioz, mundu guztian barreiatu dira, Animalien Erreinuan arrakastatsuenetakoak bilakatu direlarik.

Etxe-sagua ( Mus musculus ) Ekialde Hurbileko estepa eta semibasamortu idorretakoa da jatorriz. Aspaldi hasi zen gizakiarengana hurbildu eta honi jarraitzen. Gizakiaren bizilekuetan leku lehor, epel eta janaritan emankorrak aurki zitzakeenez, etxe-saguak, eskaini zitzaion aukera oro aprobetxatu zuen eta Asiatik zabaltzen hasi zen. Izan ere, gaur egun animalia kosmopolitenetakoa da eta poloetan izan ezik, gainontzeko lurralde guztietan hedatzea lortu du, gizakiarekin batera Mundu Berrira eta urruneko irletara ere heldu delarik.

Karraskari honek 10-35 gramoko pisua eta 7-10 cm-ko luzera ditu. Gorputza bezain luzea den ile gutxiko buztanean, 140-200 eraztun ditu. Mutur zorrotza dute, eta goiko ezpaina zatitua. Belarri mintzakara handi eta biribilak eta goiko barailan, marruskatzeko egokitutako betortzak. Aurreko hanketan 4 behatz dituzte, atzekoetan 5, eta 12-14 mm ko arrastoak uzten dituzte. Euskal Herrian ugariago den basasagutik ( Apodemus sylvaticus ) bereizteko, etxe-sagua txikiagoa eta guztiz grisa dela azpimarratu behar da, basasagua aldiz, azpialdetik zuriska da. Animalia hauek detektatzea erraza da, 2-2,5 mm-ko lodiera eta 6 mm-ko luzera duten gorotza ilunak bizi diren lekuetan nonahi topatzen baitira.

Europan, egoera ezberdinetara moldaturiko subespezie askoren artean bi arraza nagusi bereizten dira: ia guztiz gizakiaren menpeko den mendebaldekoa (grisa), eta basatiago den ekialdekoa (bizkar arreagoa duena). Latitude mediterraniarretan etxe-sagu basatiak topa daitezkeen arren, Euskal Herrian etxe, baserri, txabola, borda, zabortegi eta inguruetan oso arruntak dira karraskari hauek, baina ia ez dira gizakiaren ondotik urruntzen.

Usaimen finak, etxeko azken txokoan gorderiko janariraino heltzen laguntzen dio.

Ilunabarretan eta gauetan ibiltzen da gustuen, baina aukera eta lasaitasuna egonez gero, eguna ere ederki aprobetxa dezake jateko zerbait topatzeko. Oinez edo saltoka ibiltzen dira, eta jauziak egiten, korrika zein igeri trebetasuna erakusten dute.

Elikadurari dagokionez, omniboroa dela esan behar da. Jatorrizko bizimodu basatia mantentzen dutenek haziak, belarrak, eta tarteka intsekturen bat jaten dituzte eta neguari begira bazka pilatu egiten dute goseteari aurre egiteko. Etxekoek, ordea, azken ohitura hau galdu egin dute eta ingurune humanizatuetan topa dezaketen edozer gauza jaten dute. Hain gustukoak dituzten urdai edo gaztatik hasi eta, xaboia, kandela, kartoia edo papera bezalako gauza bitxiak ere irentsi ditzakete.

Antolaketa aldetik aipagarria da animalia hauek duten portaera soziala. Klan ezberdinetan banatzen dira eta talde hauetan hierarkia ikus daiteke. Talde bakoitzak usain ezberdina duenez, kide guztiek elkar ezagutu dezakete. Ar indartsuena izaten da taldeko buru, eta bere postua defendatuko du lehiakideen aurrean. Ar honek estaltzen ditu eme gehienak.

Kolonia basatietan ugalketa udaberri-udazkenean ematen bada ere, etxeetan bizi direnek ez dute horrelako mugarik eta urteko edozein sasoitan egin dezakete. Eme batek, 10 ugatz izan arren, 12 kume arte eduki ditzake (normalki 4-8). Errekorren liburuaren arabera ugaztun batek erditze bakar batean izandako kume-kopururik altuen 1951n Ipar Ameriketan 32 kumez erditu zen etxe-sagu batek du. Ohizkoa urtean 4-8 aldiz kumatzea izan ohi da baina, 10 kumaldi izatera ere hel litezke.

Udan belardi eta baratzetan topa badaitezke ere, negu aldera etxeetara sartzen dira etxe saguak.

Habiak etxeko edozein zirrikitu edo zulotan egin ditzake eta kumeak bero-bero mantentzeko, betortzekin txikitutako egunkari, trapu eta belarrak jartzen dituzte. 18-24 egunetako ernaldiaren ondoren, itsu eta biluzik jaiotzen dira sagutxoak. Baina 13 egun beranduago begiak ireki, hiru asterekin amaren ugatzak utzi, 30 egunekin banandu, eta 35-45 egunekin sexualki helduak izango dira!

Ugaltzeko duten abiadura azkar hau dela eta, erraza da etxe-saguen populazioak biziki emenda daitezkeela ikustea, eta horrela egiten dute aukera izanez gero. Hala ere, populazioa gehiegi haziz gero, eme dominatzaileak soilik ugalduz eta gainerakoak antzu geratuz erregulatzen dira. Ugaldu diren eme hauek, halaber, kume gutxiago munduratuko dituzte. Bestalde, aipagarria da animalia honek duen hilkortasun-tasa altua. Gehienez 4-6 urtez bizi daitekeen etxe-saguak etsai ugari ditu; eta hontzak, etxeko katu eta txakurrak, mustelidoak eta noski, gizakia dira eraginkorrenak.

Gizakiaren kasuan, etxe-saguak uxatu edota hiltzeko ahalegina itzela izan da antzina antzinatik. Arratoiak bezala osasunerako kaltegarri izan daitezke, gorotzetan hozi patogenoak baitituzte, eta hortzikatutako janarian onddoak sortzen baitira. Horrez gain, janari-lapur iaioak direnez eta zenbait pertsonentzat beldurgarri eta labe-zomorro zein arratoiekin batera munduko gauza nazkagarrienak direnez, pozoiak, zepoak, eta beste metodo asko erabili izan da beraien aurka. Hala ere, beti aurkitu dute aurrera egiteko modua, orain arte behintzat.

Espeziea: Mus musculus
Familia: muridoak
Ordena: karraskariak
Klasea: ugaztunak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia