}

Etxeak pausoz pauso

2002/11/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Denok dakigu ez dela komeni etxea teilatutik eraikitzen hastea. Hortik aurrera, arkitektoek, adarreko ingeniariek eta jubilatuek dakite zein diren egin beharreko urratsak.
Europan hormigoi armatua da etxebizitza gehienen oinarrizko osagaia.
E. Carton

Lehenengo pausoak, noski, arkitektura-estudioan ematen dira. Lursaila erosi ondoren, hara jotzen du etxebizitzak eraiki nahi dituen sustatzaileak eta, arkitektoak, segidan, udalaren araudietara. Izan ere, herritik herrira aldatu egiten dira bete beharreko baldintzak: etxebizitzen gehienezko malda, zabalera, lursail bakoitzean eraiki daitekeen perimetroa, teilatuaren makurdura, gehienezko etxebizitza-kopurua... Baldintza horiek guztiak kontuan hartuta, arkitektoak xehetasun-estudioa egin eta aurkezten du, hau da, eraikina fisikoki kokatzen du; hori onartutakoan hasten da proiektua zehazten.

Etxeen diseinu-lanak bi proiektu nagusitan banatzen dira: oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua. Lehen pausoa oinplanoa, aurretiko bistak eta sekzioak zehaztea izaten da. Ondoren, exekuzio-proiektuan eraikinaren egitura, gizakiaren hezurdura litzatekeena, zehazten da; zimenduak, zutabeak, habeak eta solairuak non kokatu behar diren eta nolakoak izango diren kalkulatzen da. Horiek eutsiko diete etxeari eta, beraz, fin egin behar da lan.

Zimenduak

Zimenduen zeregina eraikinaren kargari eutsi eta karga hori lurrera transmititzea da. Gutxi asko, lurpean sartzen dira eta, gaur egun, hormigoizkoak izan ohi dira.

Lurra nolakoa den jakiteko, arkitektoek geologoekin batera egiten dute lan. Proiektu guztietan nahitaezkoa da sailaren azterketa geoteknikoa egitea.
E. Carton

Arkitektoak eraikinaren kargen eta lurraren ezaugarrien arabera erabakitzen du nolako zimenduak jarriko dituen. Ondo trinkotu gabeko lurrek, lur hareatsuek edo maila freatikoa oso goian dutenek, esaterako, kargei eusteko gaitasun txikia dute eta eraikitzeko txarrak izaten dira. Horrelako kasuetan, arkitektoak badaki ezingo dituela zimenduak zapata tradizionalekin egin eta piloteak sartu beharko dituela hondoraino.

Fase horretan, arkitektoek geologoekin batera egiten dute lan, proiektu guztietan nahitaezkoa baita sailaren azterketa geoteknikoa egitea.

Mordoxka bat dokumentu

Dena dela, gizakiaren hezurduraren inguruan zainak, ehunak eta organoak dauden bezala, eraikinaren egituraren inguruan hainbat hodi eta zuntz daude: instalazio-elektrikoarenak, saneamenduarenak, berokuntza-sistemarenak... Exekuzio-proiektuan, beraz, egituraren planoekin batera, instalazio horien guztien planoak ere egiten dira. Eta gainera, segurtasun- eta osasun-azterketak, egin beharreko lan guztiak jasotzen dituen memoria eta baldintza teknikoen orriak. Azken horietan, erabiliko diren materialak eta horien ezaugarriak zehazten dira. Guztiak aztertu eta onartutakoan pasatuko da etxebizitza paperetik errealitate izatera.

Zimenduenak bezalaxe, zutabeen euskarriak ere altzairuzko ziriak izan ohi dira. Zutabe karratuek lau ziri izaten dituzte eta zutabe biribilek, berriz, gutxienez sei.
E. Carton

Orduantxe hasten da topografoaren lana. Topografoak lurzoruaren gainean markatzen du arkitektoak paperean egindakoa, eta sokez baliatzen da obrako langileei egituraren elementu bakoitza non joango den adierazteko.

Armadurak, zutabeak eta sabaiak

Zimenduak finkatu ondoren, etxebizitzaren oinarria egiten da. Horretarako, habeen bidez zapatak edo piloteak elkarrekin lotzen dira eta, hurrengo pausoan, perimetroa hormigoiz estaltzen da. Guztia ez da estaltzen, ordea; zimenduetako altzairuzko ziriak bistan uzten dira, bertan ahokatuko baitira gero zutabeen armadurak izango diren ziriak.

Zimenduenak bezalaxe, zutabeen euskarriak ere altzairuzko ziriak izan ohi dira. Zutabe karratuek lau ziri izaten dituzte eta zutabe borobilek, berriz, gutxienez sei. Eta esan bezala, zimenduetako zirietan ahokatzen dira. Behin ziri guztiak kokatu eta armadurak osatutakoan, zutabe-forma emateko, enkofratu egiten dira; hau da, zurez inguratu eta hormigoiz betetzen dira, baina ez erabat. Zirien goiko puntak bistan utzi behar dira, hortxe ahokatuko baitira hurrengo solairuko zutabeen armadurak.

Gehienetan zutabeek solairuen altuera bera izaten dute eta obran bertan egiten dira. Dena den, solairu gutxiko edo bakarreko eraikinetan aurrez egindako zutabeak ere erabiltzen dira. Horrelakoetan, zutabeak zimenduetan utzitako zuloan ahokatzen dira, baina karga handiak jasan beharko badituzte, zutabearen armadurari itsatsitako altzairuzko plakak ere erabiltzen dira indar gehiago egiteko. Aurrez egindako zutabeak erabiltzen badira, gehienez lau solairuko eraikinak egin daitezke.

Obretako materialak ondo antolatuta eta babestuta egon behar du.
E. Carton

Zutabeak amaituta, habeen armadurak jartzen dira. Zutabeena bezala, habeen barra kopurua eta lodiera aldatu egingo da eutsi behar dioten kargaren arabera; baina habeen kasuan ez da enkofraturik egiten, normalean sabai barnean txertatuta egoten baitira.

Dena dela, habeen erresistentzia ez da nahikoa izaten sabaiaren pisuari eusteko, etxebizitzaren kargaz gain, sabaiak altzarien eta bizilagunen gainkargari eutsi behar baitio. Hala izango dela ziurtatzeko, solairu bakoitzeko habeak elkarrekin lotzen dira altzairuzko zirien bidez, sare moduko armadura horizontal bat osatu arte. Gero hormigoia botatzen da, betiere zutabeen ziriak agerian utzita, horietatik abiatuko baita hurrengo solairuaren eraikuntza. Solairu guztiak berdin egiten dira, teilatua barne.

Paretak

Adreiluak zein blokeak ez dira jarri behar ilara bateko junturak goiko edo behekoaren junturekin bat egiteko moduan, txandatuta geratzeko moduan baizik.
E. Carton

Egitura amaitutakoan, igeltseroek ekiten diote lanari. Eraikina janzten hasi aurretik paretak egin behar dira, bai kanpokoak eta bai barrukoak. Hori bai, ez da gauza bera eraikinaren kanpoko paretak egitea edo barrukoak egitea; barrukoetan ere, ez da gauza bera etxe baten barrukoak egitea edo etxeen artekoak. Materiala berdina izan daiteke, baina ez lodiera, estaldura, isolamendua…

Adreiluak zein blokeak ez dira jarri behar ilara bateko junturak goiko edo behekoaren junturekin bat egiteko moduan, txandatuta geratzeko moduan baizik. Hori kontuan izanda egingo den irudia beharren araberakoa izango da (estetikoa, praktikoa, ekonomikoa…).

Bestetik, kanpoko paretetan askotan eta etxe arteko mehelineetan batzuetan, aire-ganbera uzten da, lodiera bereko pareta trinkoek baino hobeto isolatzen baitute. Gelen edo egoitzen arteko paretak, ordea, meheagoak eta adreilu-geruza bakarrekoak izaten dira (azken urteotan pladurra ere gero eta gehiago erabiltzen da). Dena den, barruko paretak nagusiak edo karga-hormak badira sendoagoak izaten dira eta, noski, ez dira pladurrezkoak izaten.

Guztia nahi bezala joanez gero, igeltseroak lanean hasten diren garai berean hasten dira beste gremioak ere. Lehenengo etxe bakoitzeko saneamendua, sistema elektrikoa eta berokuntza-sistema antolatu behar dira eta, gero, lauza eta baldosak jarri, lurra zurez estali, sukaldeko tresnak ipini, paretak margotu eta dena garbitu. Lehen aipatu ez den arren, eraikinaren saneamendu-sistema orokorra oinarriarekin batera egiten da, maila freatikoa oinarria baino gorago dagoenean izan ezik.

Obra azken fasean dagoenean, arkitektoak obra-amaierako planoak egiten ditu. Plano horietan arkitektoak eraikuntza-prozesuan egin diren aldaketa guztiak jasotzen ditu, oso ohikoa baita paperetik errealitaterako bidean ustekabekoak gertatzea, eta arkitektoen elkargora eramaten ditu obraren argazkiekin batera. Ikuskapen guztiak gaindituz gero, bizigarritasun-zelula ematen zaio etxeari, eta jabeari, berriz, giltzak.

Zoriak zure alde egin badu, bi urtean gertatuko da hori, kontra aritu bada, aldiz...

Zimenduak egiteko, zapatak edo piloteak

Obra azken fasean dagoenean, arkitektoak obra-amaierako planoak egiten ditu, oso ohikoa baita paperetik errealitaterako bidean ustekabekoak gertatzea.
E. Carton

Zimenduen zeregina eraikinaren kargari eutsi eta karga hori lurrera transmititzea da. Gutxi asko, lurpean sartzen dira eta, gaur egun, hormigoizkoak izan ohi dira. Zapatekin egiten dira edo, lurra biguna bada, piloteekin.

Zapatak lineal tradizionalak (etzanak), lineal sakonak (zutikakoak) edo losa modukoak izan daitezke. Edonolakoak direla ere, hormigoi hutsezkoak edo hormigoi armatuzkoak izan daitezke, hau da, barruan altzairuzko armadurak dituztenak. Zapatak egiteko kondizio egokirik ez dagoenean piloteak erabiltzen dira; luzera zein zabalera desberdinekoak izaten dira, jasan beharko duten kargaren eta inguruko lurraren arabera. Zapatak bezala, hormigoi hutsezkoak edo armatuzkoak izan daitezke; baita egurrezkoak eta altzairuzkoak ere, eraikinaren arabera. Lurrean zuloa egin eta hormigoia botata, hormigoia presioz injektatuta edo aurrez egin eta lurrean mailuekin sartuta egin daitezke.

Zapata eta piloteen gainean zutabeak edo hormak jartzen dira, eta, behar denean, euste-hormak ere egiten dira zapaten gainean, hormigoizkoak edo adreiluzkoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia