Etxeko tresnen loaldiak energia asko behar du
2006/01/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Telebista erabat itzali ordez, aukera izaten da 'loaldian' uzteko; kontsumo gutxiko argitxo batek adierazten du gailua prest dagoela botoi bat sakatu hutsez edozein unetan pizteko. Baina 'loaldi' horrek energia kontsumitzen du, eta Erresuma Batuko datuek alarma piztu dute ingurumenaz arduratzen diren hainbat erakundetan, besteak beste, hango Ingurumen Ministerioan.
Erresuma Batuan, tresna elektrikoen 'loaldiak' orduko 7.000 milioi kilowatt energia gastatu eta 800.000 tona karbono dioxido isurtzen du atmosferara. Alegia, Glasgowko biztanle guztiek New Yorkerako bidaia egingo balute, joan eta etorri, karbono dioxido gutxiago isuriko lukete. Gainera, 2020. urterako 74 milioi telebista izango dituzte Erresuma Batuan, hau da, ikusleak baino telebista gehiago. Beraz, hurrengo urteetan tresnen 'loaldiaren' kontsumoa izugarri handitzea espero da.