Euklides. Elementuak, euskaraz
2005/09/01 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euklides matematikariak K.a. 300. urtearen inguruan idatzi zuen Elementuak lana. Egile klasiko hark beste lan batzuk ere utzi zizkigun, besteak beste, Datuak, Fenomenoak, Irudien zatiketaz, eta Optika , baina, dudarik gabe, Elementuak izan zen haren lanik garrantzitsuena.
Lana hamahiru liburutan dago banaturik, eta horietan eskolan ikasi ditugun matematikako oinarrizko kontzeptuak, propietateak, teoremak azaldu zituen. Puntuaren definiziotik hasi eta poliedro erregularrak eraiki arte, garaiko matematika ia osoa bildu zuen. Lehenengo lau liburuetan eta seigarren liburuan planoko geometriaz idatzi zuen; bosgarren liburuan magnitudeez eta proportzioaz; zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren liburuetan zenbaki-teoria garatu zuen; hamargarren liburuan zenbaki irrazionalen sailkapena egin zuen; eta azkeneko hiru liburuetan espazioaren geometria landu zuen.
Lan honen garrantziaren erakusgarri dira, alde batetik, XIX. mendearen bukaera arte liburua eskoletan erabiltzen zela matematika irakasteko, eta, beste alde batetik, gehien argitaratu eta hizkuntza gehienetara itzuli den zientzia-liburua dela. Baina beste kontu batengatik ere bada garrantzitsua liburu hau: Elementuak lanean, Euklidesek Aristotelesen teoria gauzatu zuen, hau da, zientzia guztiak, logikaren arabera arrazoituz, beren elementuetatik eraiki behar direla dioen teoria.
Euklidesen inguruko jardunaldia
Euskal Herriko Unibertsitateko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailak Euklidesen inguruko jardunaldi bat antolatu du datorren urriaren
5ean, parte hartu nahi duen ororentzat. Jardunaldi hori Donostiako Campuseko I aki Barriola eraikineko auditorioan egingo da. Jardunaldien egitaraua www.zientzia.net web gunean kontsulta daiteke.