Euli sarraskijaleak ugaztunen dibertsitatea neurtzeko
2013/01/15 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Haratustelaz elikatzen diren euliak abilak dira animalien gorpuak aurkitzen, eta abilezia horri etekina atera diote ikertzaile alemaniarrek. Edozein biologok egin lezakeen baino DNA-laginketa hobea egiten dute euli sarraskijaleek, gorpuez elikatzean. Eta ikertzaileek ikusi dute DNA horrek nahikoa irauten duela eulien barruan, sekuentziatu eta jatorrizko animalia identifikatzeko. Hala, ugaztunen dibertsitatea neurtzeko metodo errentagarri gisa proposatu dute Molecular Ecology aldizkarian.
Kasu askotan animalien banaketa eta ugaritasuna jakitea oso zaila izaten da (ikusi, esaterako, Euskal Herriko karniboroen kasua). Baso itxiak ongi aztertzea ia ezinezkoa izan daiteke, esaterako. Sarri, oinatzak, gorotzak eta halako arrastoak baino ez dira izaten eskuragarri, eta horiek atzemateak ere lan handia eskatzen du. Ikerketa honetan, ordea, erakutsi dute euliek egin dezaketela lan hori. Euli sarraskijaleak mundu osoan daude, lehorreko ia edozein ekosistematan, ugariak dira, eta harrapatzeko errazak.
Eulietatik gorpuen DNA berreskura zitekeela frogatu zuten lehenik ikertzaileek. Eta gero 115 euli harrapatu zituzten, ausaz, Cote d’Ivoireko eta Madagaskarko baso banatan. Eulien %40an atzeman zuten DNA identifikagarria. Cote d’Ivoiren 16 ugaztun identifikatu zituzten —ezagutzen diren 9 primateetatik 6, eta desagertzeko arriskuan dagoen antilope arraro bat barne— , eta Madagaskarren ugaztunen %13. Ikertzaileen esanean, zenbaki azpimarragarriak dira, laginketa txikia dela kontuan hartuta. Gainera metodo honek espezie ezezagunak aurkitzeko ere baliagarria izan daiteke.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia