Euro bateko eta biko txanponei alergia
2002/09/12 Elhuyar Zientzia
Diruari alergia edukitzea ez da gauza berria. Jende askok esaten du diruari alergia diola, asko eta erraz gastatzen duela esateko. Baina, euroa merkaturatu zenetik, hau da, 2001eko urtarriletik, behin baino gehiago entzun dira euroari benetan alergia diotenen kexa eta salaketak.
Txanponek azalean azkura, gorritasuna eta ekzema sortzen diote zenbaiti. Eta, dirudienez, horren eragilea txanponak ekoizteko metal-aleazioetan erabiltzen den nikela da. Baina Europako txanpon zahar batzuek ere, pezetak kasu, bazuten nikela, eta ez gutxi! Zergatik sortzen dute orduan, euroaren txanponek zaharrek baino alergia-kasu gehiago?
Galdera horren erantzuna txanponak merkaturatu eta bederatzi hilera iritsi da, Nature aldizkarian agertu den artikulu baten eskutik. Badirudi euro bateko eta biko txanponen kolore desberdinetako pieza horietan dagoela gakoa. Izan ere, txanponak osatzen dituzten bi pieza horiek osagai desberdinez eginak daude. Zilar-koloreko pieza kobrezkoa da eta % 25 nikela du. Urre-kolorekoa, berriz, kobrea, % 20 zinka eta % 5 nikela da.
Izerdiaren eraginez, bi metal-aleazio desberdin horien artean ioi-fluxua sortu eta nikel ioiak askatzen dira. Horrela, txanponek Europako Batasunak baimentzen duena baino 320 aldiz nikel gehiago jariatzen dute. Europako Batasunetik jakinarazi dutenez, nikel-kantitatea mugatzen duen araudia azalarekin etengabeko kontaktua duten gauzetan aplikatzen da; besteak beste erloju, eskumuturreko eta lepokoetan.
Gainera, jakinarazi da txanponak ekoizteko nikela erabiltzeak badituela bere arrazoiak. Nikela metal magnetikoa izaki, txanpon-makinetan identifikazioa errazten du eta, gainera, txanponen ekoizpena merkatzen du. Bestalde, gogorarazi da faltsifikazioak zailtzeko asmoarekin egin direla txanponak bi piezarekin, eta ez ikuspegi estetikoagatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia