Europa Ilargira
2003/09/24 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
16 hilabeteko bidaiaren ondoren, Ilargiaren inguruan kokatuko da, orbita eliptiko batean. Gehienez 300 kilometrora hurbilduko da, eta 10.000 kilometrora urrundu. Bi urte eta erdian edukiko dute orbitan. SMART-1 proiektua etorkizuneko zientzia-misioen prototipoa da. Misio txikia da, kostu txikikoa –100 milioi euro–, eta esperimentu berritzaileak egingo ditu Ilargian. Esperimentu horiekin, zundak Ilargia nola eratu zen ikertuko du, izotza aurkitzen saiatuko da, telekomunikazio-sistema berriak probatuko ditu eta lurrazalaren konposizio minerala aztertuko du.
Filosofia berri baten aitzindaria izan nahi du SMART-1 proiektuak, pisu gutxiko teknologia izango duten espazio-ontziena alegia. SMART-1 zunda bera horren adibide ona da, 366 kiloko pisua eta metro kubiko bateko bolumena besterik ez baititu. Izan ere, zunda honen bidaian esperimentuak baino garrantzi handiagoa du bidaiatzeko sistemak berak.
Teknologia arinarekin batera, propultsio-sistema berezia du zundak; ioien bidezko propultsio elektrikoa. Xenon gasa izango da propulsatzailea, eta eguzki-panelak energia elektrikoaren iturria. Sistema zeramikazko eraztun-itxurako kamera batean kokatuta dago. Eraztun-itxurako kamera hori txikia da –10 zentimetro– eta imanez inguratua dago. Alde batean katodoa du, elektroiak sortzen dituen tresna. Elektroiek kamera zeharkatzen dute eta eremu magnetikoarekin bat egin. Kameran beste aldetik sartzen den xenon gasarekin topo egitean, karga positiboa duten xenon ioiak eta elektroi gehiago eratzen dira. Elektroi horiek berriro ere ioiak azeleratzeko erabiltzen dira. Ioiak, eremu magnetikoko elektroien eraginez, kameratik irteten dira eta propultsioa eragiten dute. Propultsioa ia ez da nabaritzen, baina denbora asko irauten duenez –motor kimikoetan ez bezala–, luzera, zundaren abiadak gora egiten du.
Bidaiak irauten duen bitartean, SPDE eta EPDP tresnek propultsio-sistemaren datu guztiak hartuko dituzte. Orain arte, NASAren Deep Space zundak baino ez du erabili propultsiorako teknologia hori. Etorkizunean teknologia hori bera erabilita hainbat misio egin nahi dira, Merkuriorako BepiColombo eta Eguzkirako Solar Orbiter misioak besteak beste.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia