Europako ekialdean, hondakin elektronikoen % 3,2 baino ez dute kudeatzen
2021/11/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Independenteen Erkidegoan eta Georgian (lehen SESB osatzen zuten herrialdeak), % 50 hazi da hondakin elektronikoa azken hamarkadan. Nazio Batuen Erakundeak eman du datua, eskualde horretan hondakin elektronikoez egindako lehen azterketan, eta zehaztu du munduko batazbestekoaren parekoa dela hazkuntza hori. Badago, ordea, diferentzia bat beste lurraldeekiko: munduan bataz beste % 17, 4 berreskuratu eta tratatzen bada ere, herrialde horietan 3,2-koa da ehunekoa.
Errusia da, eskualde horretan, hondakin elektroniko gehien sortzen duena biztanleko. Oro har, hiru eratako hondakinak dira: tenperatura aldatzeko tresnak (berogailuak, aire girotua eta hozkailuak), ekipo handiak (labeak eta garbigailuak), eta tresna txikiak (sukaldeko tresnak edo xurgagailuak, adibidez). Aldiz, pantailak, monitoreak eta telekomunikazioko gailuak jaitsi egin dira.
Bide batez, nabarmendu dute herrialde askotan ez dituztela hondakin elektronikoei buruzko datuak jasotzen, jakina den arren gero eta ugariagoak direla eta kaltegarriak direla ingurumenerako. Estatu Independenteen Erkidegoan eta Georgian egin duten txosten horrek, beraz, hutsunea betetzen laguntzen du.
Bestalde, azpimarratu dute zabor elektronikoaren kudeaketa aukera ona izan daitekeela ekonomia suspertzeko eta enpleguak sortzeko. Adibidez, 2019an eskualde horretan sortutako hondakin elektronikoetan 10 tona urre zeuden, metal arraroen tona erdia, miloi bat tona burdin, 85.000 tona kobre, 136.000 tona aluminio eta 700 tona kobalto. Horiekin batera, ingurumenerako zein gizakion osasunerako kaltegarriak diren substantzia arriskutsuak ere bazeuden, ordea: 2,4 tona merkurio, 1,1 tona kadmio, 8.100 tona berun...
Txostenaren egileek dei egin diete eskualdeko herrialdeei politika eta arau sendoak ezarri ditzaten, hondakin elektronikoak kudeatzeko eta ingurumena babesteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia