Europako giza aztarna zaharrenak identifikatu dituzte
2011/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gutxienez orain dela 41.000 urte iritsi zen gizaki modernoa Europako mendebaldera, Nature aldizkarian argitaratutako bi ikerketa independenteren arabera. Berriz aztertu dituzte Italian eta Ingalaterrako hegoaldeko kostaldean aurkitutako eta neandertalen arrasto gisa sailkatutako bi aztarna, eta gizaki modernoenak direla ondorioztatu dute. Europan aurkitutako giza aztarna zaharrenak izango lirateke, beraz, eta horrek adieraziko luke gizaki modernoa eta neandertala milaka urtez elkarrekin bizi izan zirela Europan.
Ikertzaileek susmoa zuten gizaki modernoa orain dela 42.000 urte, gutxienez, iritsi zela Europara, hala iradokitzen baitute hainbat lekutan aurkitutako tresnek ( Homo sapiens ek bakarrik egin zitzaketen halako tresna konplexuak). Europan orain arte aurkitutako giza aztarna zaharrenak, ordea, orain dela 37.000 urtekoak ziren, gutxi gorabehera. Hori dela eta, eztabaida handia izan dute ikertzaileek, argitzeko zenbat denbora egon ziren batera Europan gizakiak eta neandertalak (duela 30.000 urte desagertu ziren).
Italiako aztarnak bi ume-hortz dira, Grotta del Cavallo kobazuloan aurkitutakoak. Aurkitu zituztenean, neandertalenak zirela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Baina, orain, beste metodo morfometriko batzuk erabilita berraztertu dituzte, eta gizaki modernoarenak direla dio Vienako Unibertsitateko paleoantropologo bat buru izan duen ikertzaile-taldeak.
Ingalaterran, bestalde, berriz datatu dituzte Oxford Unibertsitateko eta Laborategi Nazionaleko ikertzaileek Kents Cavern kobazuloan giza masailezur batekin batera aurkitutako animalia-aztarnak, eta 41.000-45.000 urte dituztela ondorioztatu dute.