}

Europar Batasunak zuhurtziaz argitaratu du zentral nuklearren segurtasunari buruzko txostena

2012/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Europar Batasuneko arduradunek gaur atera dute zentral nuklearren segurtasunari buruzko azterketaren emaitzak biltzen dituen txostena. Dokumentua ofizialki argitaratu aurretik, ordea, datu batzuk argitaratu ziren; hortaz, jakina zen zentral askoren segurtasun-neurriak ez direla behar bezain zorrotzak.
europar-batasunak-zuhurtziaz-argitaratu-du-zentral
Europar Batasuneko arduradunen arabera, zentral nuklear askoren segurtasun-neurriak ez dira behar bezain zorrotzak. - Arg. Garoñako Santa María zentral nuklearra.

Hain zuzen, Fukushimako hondamendiaren ondoren, segurtasun-neurriak aztertzeko agindu zien Europar Batasunak herrialde guztiei, ezbehar naturalei eta giza akatsen ondorioz gertatutakoei aurre egiteko gaur ezarrita dauden neurriak egokiak ote diren jakin nahian, bereziki, lurrikara bat eta uholde bat batera gertatzen diren kasuan.

Hala, Europar Batasunean dauden 145 erreaktoreak aztertu dituzte, eta baita Suitzakok eta Ukrainakoak ere. Azterketa hiru fasetan egin da. Lehenengoan, zentral bakoitzeko arduradunek beren instalazioen azterketa bat egin zuten. Bigarren fasean, herrialde bakoitzeko arautzaileek txosten bat egin zuten, azterketa haietan oinarrituta. Azkenik, hirugarren fasean, Europar Batasunean segurtasun nuklearraren gaineko araudiaz arduratzen den erakundeak (ENSREG) txosten horien azterketa-prozesua gidatu zuen, eta aztertzaileak zenbait zentraletara ere joan ziren. Azterketa-prozesu horren azken emaitza da orain kaleratutako txostena.

Günther Oettinger komisarioak adierazi duenez, “erresistentzia-probek agerian jarri dute zer dagoen ondo eta zer hobetu behar dugun. Probak zorrotzak eta arrakastatsuak izan dira. Oro har, balantzea egokia da, baina ez dugu gehiegi pozteko arrazoirik. Herritarren segurtasunarengatik, Europako zentral guztietan segurtasun-neurri zorrotzenak ezarriko direla bermatzeko ahalegina egin behar dute doakien agintari guztiek”.

Hobetu beharrekoak

Txostenaren arabera, segurtasun-probek erakutsi dute herrialde guztietan ez direla neurri berean kontuan hartzen segurtasunari buruzko nazioarteko arauak. Horrez gain, zer alderdi hobetu behar diren zehaztu dute txostenean.

Adibidez, 145 erreaktoreetatik 54tan ez dira aintzat hartu lurrikarek egin ditzaketen kalteak, ezta uholdeena ere 62tan. Aipatzekoa da bi gertaera horien arrisku-kalkuluak 10.000 urterako egin behar direla. Gainera, 122 erreaktorek ez dituzte lurrikarak neurtzeko eta aurreikusteko beharrezkoak diren tresnak.

Badira akats gehiago. Esaterako, 32 erreaktorek ez dauzkate aireztatze-sistema egokiak, eta 81 erreaktoretan ez daude leku babestuan gordeta istripu larria gertatuz gero erabili beharreko ekipoak. Larritasunetarako kontrol-gelaren ordezkorik ez dute 24 erreaktoretan, ezta larrialdi-kasuan zer egin jakiteko jarraibiderik ere 79 erreaktoretan.

Horiek eta beste hainbat hutsune konpontzeko, herrialde bakoitzak egitasmo bat aurkeztu behar du urtea amaitzerako. Egitasmo horiek Europar Batasuneko arduradunek aztertuko dituzte, eta 2014an ikusiko dute ezarri ote diren.

Bestalde, Europar Batasunak gaur egungo araudia berrikusiko du, eta hobekuntzak proposatuko ditu 2013aren hasieran. Adierazi dutenez, arreta berezia jarriko dute segurtasun-eskakizunetan, arautzaileen lanean, gardentasunean eta jarraipenean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia