}

Europarrak eta bioteknologia, gero eta hurbilago

2006/07/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Seigarren urtez jarraian, bioteknologiaren gainean europarrek duten iritzia bildu du Eurobarometro erakundeak. 25.000 pertsonari (herrialde bakoitzean mila inguru) egin dizkiete galderak, gaiei hauei buruz: zelula amen ikerketak, genetikoki eraldatutako laboreak, ohizko nekazaritza eta organikoa, nanoteknologia... Erantzunen arabera, badirudi gero eta europar gehiagok ikusten dutela begi onez bioteknologia.
Hogeitabost mila lagunek erantzun diete galderei, gehienei gaia interesatzen ez zaien arren.

Hala ere, bioteknologia zein koloretakoa den, alde handia dago iritzietan: bioteknologia gorriak (medikuntza) eta zuriak (industria) onespen zabala dute; aldiz, herrialde gehienetan jendea bioteknologia berdearen (nekazaritza) aurka dago. Horrenbestez, salbuespena da genetikoki eraldatutako elikagaien aldeko jarrera izatea, nahiz eta zenbait herrialdetan gehiago diren aldekoak aurkakoak baino: Espainian, Portugalen, Irlandan, Italian, Maltan, Txekiar Errepublikan, eta Lituanian.

25.000 iritzi, bi hitzetan

Bioteknologiaren aplikazioak medikuntzan zalantza etikoak sortzen ditu.

Oro har, europarrek ondo hartzen dute bioteknologiak eguneroko bizimoduan duen eragina. 1999tik hona, bioteknologiaren eraginarekiko onespena handitzen joan da etengabe. Lehen, ordea, joera bestelakoa izan zen, 1991tik 1999ra txikitzen joan baitzen mailaz maila. Orain, 1991n zegoen maila berean dago.

Gaika, nanoteknologiari buruzko onespena hazi da gehien. Bestalde, energia nuklearrak ere lehen baino onespen handiagoa du, baina oraindik jende gehiago dago aurka alde baino, baita Frantzian ere

herrialde horretan dago aldeko jende gehien

Nanoteknologia, farmakogenetika eta gene-terapia , a zer hirukotea! Hitz potoloak dira, baina azkenaldian maiz azaltzen dira komunikabideetan, eta, dirudienez, horrek eragina du haien gaineko iritzian, europar gehienek uste baitute hirurak baliagarriak direla gizartearentzat, eta etikoki onargarriak. Edonola ere, gene-terapia arriskutsua izan daitekeela iruditzen zaie, baina arrisku hori onartzeko prest daude, balizko onurak ustezko arriskuak baino gehiago direlakoan.

Zalantza ugari eta jarrera argiak

Europar gehienek ez dituzte begi onez ikusten genetikoki eraldatutako janariak.

Gene-terapiak bezala, biofarmaziak ere iritzi kontrajarriak sortzen ditu. Biofarmazian, bioteknologia erabiltzen da nekazaritzan, sendagaiak lortzeko. Ia herrialde denetan, jende gehiago dago alde aurka baino, baina zorrotz kontrolatzeko eskatzen dute.

Are zalantza eta eztabaida gehiago sortzen ditu zelula amen ikerketak . Esate baterako, Baltikoko estatuetan, Eslovenian, Maltan eta Irlandan, hirutik bat ez da iritzia ematera ausartu ere egin. Argi dago arazo etiko-moralak nahasten direla gai horretan. Alde daudenek ere ikerketak ondo arautzeko eta erabat kontrolatzeko eskatzen dute. Dena dela, azkenaldian aldeko jarrera indartzen ari da, batez ere gero eta jende gehiagok uste duelako hainbat gaixotasun oso larri sendatzeko bidea izan daitekeela.

Beste muturrean, askoz errezelo gutxiago sortzen du bioteknologia aplikatzeak beste industrietan. Halaber, ondo iruditzen zaie diruz laguntzea bioerregaien eta bioplastikoen ikerketa; areago, erdiek baino gehiagok esaten dute prest leudekeela bioerregaiak eta bioplastikoak erabiltzeko, nahiz eta ohizkoak baino garestiagoak izan.

Beste gai asko ere aipatzen ditu Eurobarometro erakundearen inkestak, baina, bukatzeko, bi kontu nabarmenduko ditugu. Batetik, jende gehienak aitortzen du ez zaiola asko interesatzen bioteknologia (horri buruzko iritzia eman duen arren). Bestetik, ez da egia estatubatuarrek europarrek baino iritzi hobea dutela bioteknologiaz; hain zuen, antzeko jarrera dago han eta hemen, bi gaitan izan ezik: han inolako arazorik gabe onartzen dituzte genetikoki eraldatutako janariak, eta hemen iritzi hobea dugu nanoteknologiaz han baino.

7K-n argitaratua.