}

Euskal Herriko basoen osasuna

2021/06/01 Arturo Elosegi Irurtia - Ekologiako katedradunaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU | Aitziber Sarobe Egiguren - Biologian doktoreaArkamurka Natur Taldeko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azkenaldian kostaldean egiten ari diren eukalipto-landaketek kezka sortu diete aditu askori. Haien ustez, inpaktu bortitza eragiten dute Euskal Herriko baso-ekosistemetan, eta aldaketa kezkagarriak ekarriko dituzte tokian tokiko biodibertsitatean, ibai eta erreken hidrodinamikan zein fauna eta landaretzan. Eztabaida lehendik dator, ordea. Intsinis pinuen gaixotasunak abiatu zuen jada, eta eukalipto.landaketek leherrarazi dute oraingoan.

Basogintza-eredua dago mahai gainean, eta, horri heltzeko, aurretik erantzun beharreko galdera asko daude: Zeri esaten diogu baso eta zeri ez? Zerk egiten du osasuntsu eta zerk zaurgarri? Zein funtzio ekosistemiko bete behar ditu basoak? Abiapuntu modura, galdera hau egin diegu ibilbide luzeko bi adituri: zein da Euskal Herriko basoen egoera?

euskal-herriko-basoen-osasuna-3
Arg. Arturo Elosegi Irurtia

“Bakean uztea da balio natural handiko basoen sekretua”

Arturo Elosegi Irurtia

EHUko ekologiako katedraduna

Euskal Herriko basoen egoera zein den galdetu didate. Galdera erraza, erantzun zaila. Zaila, basoa zer den ere ez baita hain sinplea. Batzuentzat, zuhaitzez estalitako eremu guztiak dira baso; beste batzuentzat, espezie arrotzen landaketak ez. Berdin, batzuek basoen kontserbazio-egoera dute buruan; beste batzuek, berriz, ekoizten duten zura. Ez da erraza guztientzako erantzuna ematea.

Hasteko, zuhaizti asko ditugu. EAEren erditik gora zuhaitzez estalita dago, Nafarroa ez doakio atzetik, eta Iparraldean, gutxiago badira ere, badira baso zabalak. Oso zuhaizti desberdinak ditugu, ordea: Araban % 80 bertako espeziez osatuta daude, Bizkaian % 24. Bide batez, azken horretan lur publiko zein pribatuetan oso antzeko proportzioa dute bertako basoek (% 25 eta % 24, hurrenez hurren), jabe partikular eta administrazioek antzeko kudeaketa egiten duten seinale.

Baso-landaketak egoera oso kezkagarrian

Espezie arrotzen landaketei dagokienez, batzuek azpimarratu izan dute gehienek jasangarritasun-ziurtagiria dutela, kudeaketa-plan zorrotzak. Hamarkadak daramatzatela hobekuntza genetikoan. Eredugarri direla, europarren inbidia, batez ere intsinis pinuari esker. Baina, hara non, espezie horrek gaitza gaitzaren gainetik izan duen: pinu-beldarra aspalditik, fusariuma 2000ko hamarkadan, xingola marroia ondoren... espezieak porrot egin duen arte. Gure jarduerek ez omen dute gainbehera horretan eraginik izan. Ez monolaborantzak, ez ustiapen intentsiboak. Guztia klima gaiztoaren eragina omen. Europarren inbidia zirenak, bat-batean, Galiziako eukaliptoen inbidiatan. Landaketak, beraz, egoera kezkagarrian.

Bertako basoak ere ustiatzen dira. Horien egoera orokortzea zaila da. Ez da berdin Arbaila edo Urbasa, Izki edo Aralar. Badira ustiaketa zorrotz baina jasangarria duten tantaidiak, aspaldian apenas ustiatu diren baso lepatu zaharrak, baita ustiaketa gogorregitik errekuperatzen ari diren txarakadiak ere. Horietan guztietan, egurraren ustiaketaz gain, ekosistemen zerbitzuek garrantzia handia izan dezakete: urak, aisialdiak, ehizak, onddoek zein karbono-metaketak. Galdetu bestela Añarben, Bertizen, Erronkarin edo Ultzaman.

Eta zein da egoera kontserbazioaren aldetik? Horixe galdetu zuten Bruselatik Natura 2000 sarea eratu zenean. Izan ere, sare horrek babesten
dituen habitatetako batzuk baso dira. Kontserbazio-egoera habitat horien hedapenak, egitura eta funtzionamendu naturalek eta espezie tipikoen kontserbazio-egoerak ematen dute. Aldagai horiei begiratuta, ikusi zen EAEn intereseko baso-mota guztiek kontserbazio-egoera txarra zutela. Guztiek.Batzuetan, pagadietan esaterako, baso zabalak izan arren, egitura eta funtzionamendu eskasa dutelako. Beste batzuetan, hariztietan, adibidez, gutxi geratzen direlako.

Zuhaitz zaharrekiko errespetua

Bada, beraz, zer hobetua gure basoetan. Ustiaketari begira, nago intentsifikazioa ez dela jarraitu beharreko bidea, lehendik handiegia dugun giza lorratza handitu besterik ez duela eginen. Pinutik eukaliptora ez, ziklo luzeagoko espezieetara jo beharko genukeela. Zerbitzu ekosistemikoei eta kontserbazioari begira, babes-basoak izenda daitezke, urrien diren baso-motak berreskuratu, basoen balio naturala handitu, zuhaitz zaharrak errespetatuz, basoan egur hila utziz, baso barruko dibertsitatea handituz. Izan ere, baditugu balio natural handiko basoak, Aztaparreta, Bertiz edo Artikutza. Zein da horien sekretua? Azken hamarkadetan bakean utzi ditugula. Horixe du basoak gure eskualdean: uzte hutsarekin gero eta ondare natural handiagoa metatzen duela. Basoen kudeaketan erabakiak hartzeko garaia dugu. Ez guretzat, datozen belaunaldientzat.

 

“Basogintza gatazka-iturri bihurtu da dagoeneko" 

Aitziber Sarobe Egiguren

Biologian doktorea

Euskal Herriko ingurune naturala guztiz eraldatuta dago, gizakiaren mendeetako jarduera gure herriko bazter guztietara iritsi baita. Antropozenoan sartu aurretik ere, gizakiaren aztarnak nonahi ikus zitezkeen Euskal Herri osoan.

Ia gure lurralde osoan, berezko ekosistema lehortarrak basoak dira; alegia, landa-eremuan giza jarduerak abandonatzen direnean basoak sortzen dira, poliki-poliki, ehunka urtean. EAEn baina, ez dugu apenas horrelako prozesuen aztarnarik jaso. Gipuzkoan eta Bizkaian orban txiki batzuk baino ez ditugu, gehienak pagadiak, elkarrengandik bereizita eta egoera ekologiko txarrean (tamaina eta uharte-efektua izanik bertako bioaniztasunarentzat mehatxurik handiena). Arabako iparraldean eta Nafarroan, mugaz bi aldeetara, egoera hobean daude; bereziki hariztiak, azalera handiagoak hartzen dituztelako. Horkoak ere ez dira naturalak, ustiatzen dira, baina modu jasangarriagoan, berezko garapenari bide eginez. Hegoaldean, lautadan, erreka ertzetan eta soro artean irauten dute baso-orban txikiek. 

Errealitate horrek guztiz baldintzatzen du Euskal Herrian basoekiko dugun ikuspegia (oro har, ezjakintasuna). Nola ulertzen ditugu basoak? Zeri esaten diogu basoa? Ez baitira gauza bera basoak eta zuhaitz-landaketak, batzuk eta besteak zuhaiztiak izanagatik.  

Matarrasaz soildutako milaka hektarea  agerian

Klima-aldaketaren mehatxupean, deskarbonizazioa helburu, basoek atmosferako CO2-a xurgatzeko duten gaitasuna orduak eta orriak betetzen ari da hedabideetan. Basoak berreskuratzearen beharra, edota enpresen irabaziak basoetan inbertitzeko aldarria, inoiz baino maizago entzuten dugun leloa bihurtu da. Horrekin batera, COVID-19ak eragindako pandemiak herritarrak saldoka bidali ditu landa-eremura eta bertako paisaiaz hausnartzeko aukera paregabea izan dute. Eta, hara non, EAEko herritarrek intsinis pinuak eragindako krisiarekin egin duten topo: matarrasaz soildutako milaka hektarea baso-lur, asko eukalipto-landaketez ordezkatuak izateko bidean. Horrek, urtetan kasurik egin ez zaion basogintza-ereduari buruzko eztabaida gizarteratzea eragin du.

Bada garaia baso-politiken helburuak birplanteatzeko

Eztabaidak, baina, oinarri zientifikoak baino gehiago, ekonomikoak eta politikoak ditu. Aipatu bezala, EAEn, basorik apenas izan gabe, zuhaiztiak nonahi daude, ia erabat soildutako landa-eremua egurraren ekoizpenera bideratutako espezie arrotzen monolaborantzak estali baitu. Pinu eta eukalipto-landaketei, baso deitzera ohitu gara. Hainbesterainokoa izaten ari da (propio eragindako) nahasmena, ezen egun, hainbat izurriteek eragindako diru-galerak direla medio, egurgintzari uko eginez, bere horretan utzitako landaketak “abandonatutako baso” gisa aurkezten baitizkigu administrazioak. Alegia, berezkoak diren prozesu naturalei “abandonoa” deitzeraino iritsi gara.

Gatazka hori, terminologikoa ez ezik, kontzeptuala ere bada. Monolaborantzan oinarritutako basogintza-eredu intentsiboak lurzoruan eragiten dituen kalteak begi bistan izanda ere, apenas erakusten dira ikerketak, esaterako, lur-galerak neurtzeko. Bestalde, modu intentsiboan ustiatutako zuhaitz-landaketek, mozteko txanda iritsi bitartean, bioaniztasuna emendatzeko edota atmosferako CO2-a egurrean metatzeko aukera eskaini badezakete ere, urte gutxiren buruan berriro itzuliko zaio atmosferari metatutakoa, eta akabo bioaniztasuna.

Horregatik, garaia da basoak eta zuhaitz-landaketak bereizteko; zer esanik ez, landaketen ustiapen-moduak ingurumenean duten eraginaren baitan kontsideratzeko. Garaia da bertako baso garatuen onurei balioa emateko, bioaniztasuna erdigunera ekartzeko. Bada garaia lur eta diru publikoaren kudeaketaz hitz egiteko, baso-politiken helburuak birplanteatzeko.