}

Euskal Herriko gazteek landutako proiektuak erakutsi zituzten Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioan

2022/06/08 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Ekainaren 2tik 5era Bilbon egindako zientzia-azokan, urtean zehar landutako proiektu zientifiko-teknologikoak erakutsi zituzten gazteek.
euskal-herriko-gazteek-landutako-proiektuak-erakut

 

Ekainaren 2an goizeko 10:30ean eman zitzaion hasiera Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioari, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan ziren, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, Koldo Narbaiza Olaskoaga, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Joseba Mariezkurrena Cuesta, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna bultzatzeko zuzendaria; Amaia Agirre Pinedo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria; Ignacio Miguel Catalán Librada, Nafarroako Gobernuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria; Ivan Aguirre Torre, Erabiko zuzendaria; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Azoka 4 egunetan banatu zen, eta egunero 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifiko-teknologikoak erakutsi zituzten. Horrez gain, zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia-ikuskizuna izan ziren, besteak beste. Igandean, berriz, Bizilabe aisialdi tailerretan landutako proiektuak erakutsi ziren. Guztira 500 gaztek hartu zuten parte aurtengo azokan. Azokak berak 10 urte betetzen ditu, eta Elhuyarren 50. urteurrenaren ospakizunen artean egin zen. 

Elhuyar Zientzia Azokan, gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartu zuten. Eta azpimarratzekoa da proiektu honekin izan duten konpromisoa; unibertsitate eta zentro teknologikoetako 218 ikertzailek (199 emakume) eman zuten izena ikasturte-hasieran ikasleekin lan egiteko. Horrez gain, eta horri jarraikiz, azpimarratzekoa da ikertzaileen eremu profesionalaren presentzia azokan bertan; horrela, zentro ahuetako ikertzaileak egon ziren Areatzan: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, CFM-Polymat, TECNALIA eta BC Materials.

Azokaren argazkiak ikusteko sakatu hurrengo esteka hauetan: Elhuyar Zientzia Azoka / Bizilabe

Zorionak parte hartzaile guztiei eta eskerrik asko eginiko lan onagatik!