Euskal Herriko hiru kobazulo ikusgarri: Pozalagua, Arrikrutz eta Mendukilo
2012/12/01 Irazabal Tamayo, Nagore - Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkartekoa. Biologian doktorea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pozalagua (estalaktita eszentrikoen koba)
Pozalagua Karrantzako Ranero mendian dago (Bizkaia). Bizkaia osoan dagoen ikusgarriena da: hogei edo hogeita hamar metroko altueran dauden sabaiak, kaltzitazko zutabe erraldoiak, lurzoruaren bila dabiltzan estalaktitak, "gours" edo putzutxoak, ikustekoak diren harrizko errezelak, eta, oro har, kobaren edertasuna, hona hemen urte askoan lotan egon den kobazuloaren ikusgarritasuna.
Bertan, gainera, estalaktita eszentrikoen --lurrera artez zuzendu beharrean, norabide guztietara zabaltzen diren estalaktitak-- munduko multzorik ederrenetako bat dago.
Mendez mende eta isiltasun osoan, urak, kaltzio karbonatoak eta magiak estalaktita eszentrikoen oihan kiribildu bat sortu dute. Estalaktita eszentrikoei buruz (ezaguna den fenomenoa izan arren) oraindik oso gutxi dakigu eta exotikotzat eta ezohikotzat hartu izan dira beti. Kobazulo honek, daukan estalaktita eszentrikoen kopuru ikaragarriagatik baino ez bada ere, bisitatzea merezi du. Ikertzaileek ez dakite mineral-metaketa horiek nola bilakatu ziren, baina jakin badakite naturak milaka urtean sortu dituela egitura horiek. Norbaitek esan zuen noizbait Pozalaguako eszentrikoei begira: "Hau neguko jauregia da, Versalles dela dirudi". Naturak bere baliabide guztiak erabili ditu mendiaren erraietan halako altxor bitxi bat sortzeko. Ordutik aurrera koban Versalles izeneko gela bat dago.
Pozalagua Armañongo Parke Naturalaren barruan dago. Bertan, baso autoktono zabalak daude, hala nola artadiak, hariztiak eta pagadiak, baita hostozabalen baso mistoak ere ibarren hondoetan eta mendi-hegaletan. Hortaz, bisitariek ibilbide atseginak ere egin ditzakete inguruan.
Mendukilo (lakuen koba)
Mendukiloko koba Larraungo bailaran dago (Nafarroa), Astitzeko Kontzejuaren herri-lurretan; hain zuzen ere, Aralarko mendilerroaren magalean, 750 m-ko altueran. Artzainek oso aspalditik erabili dute; izan ere, egokia da mendiko babesgune gisa erabiltzeko, bi ezaugarri hauek direla eta: sartzeko aho handia, iparralderantz begira dagoena; eta lehenengo gela zabala, erraz iristeko modukoa eta argi naturalak ondo argiztatua. Leizearen izenak horretan du jatorria, hots, Mendukilo mendi-ukuilu izan zen. Sarrerako gelan (Artzainzulo) aurkitutako aztarnategi arkeologiko txikiak erakusten digunez, inguruko artzainek gela hori Burdin Aroan (800-300 K.a.) ere erabiltzen zuten. Gaur egun, turistak eta eskola-umeak hartzeko egokituta dago. Kanpoan aparkalekua, harrera-etxea eta ibilbide botaniko txiki bat dauzka.
Kobazuloak lurpeko gauza miragarriak erakustea du helburu, bisitariak gauza horiek zaintzeak eta babesteak duen garrantziaz kontzientzia har dezan. Kobazuloaren gaikuntzak bi helburu izan ditu: bata, leizeari lehentasuna ematea, eta bestea, ahalik eta inpakturik txikiena eragitea. Lehenengo helburuari erantzuteko, leizeak dituen sei geletatik bi jendearentzat egokitu gabe geratu dira; izan ere, gela horietako sarbideak oso estuak dira, eta bisitariak sartu ahal izateko asko zulatu behar dira. Horrez gain, daudenetan utzita, hango fauna eta kobaren kalitatea errespetatu dira. Bestalde, gaikuntzak ahalik eta eragin txikiena izateko, azpiegitura desmuntagarriak jarri dira eta gaur egun Artzainzulo, Laminosin eta Herensuge gelak bisita daitezke.
Urtean zehar, bisita gidatuak egiten dira eta gidoia ingurumen-heziketako printzipioetan dago oinarrituta. Horrez gain, ikasturtean zehar, eskola-umeei zuzendutako programak ere burutzen dira, betiere ingurumen-heziketan oinarrituta. Programa horien helburua sentsibilitatea eta kontzientzia piztea da; izan ere, ezagutza errespetuaren oinarria da. Unitate didaktikoak maila bakoitzeko eskola-curriculumera egokituta daude, eta klase teorikoetan landutakoaren osagai praktikoa izatea dute helburu.
Kanpoaldeari dagokionez, mendilerro guztian monumentu megalitiko ugari izateak (lehenak, duela 4.000 urte baino lehenago eraikiak) artzaintza historiaurretik han egon dela adierazten du. Aziendak eskatzen dituen larreek eta artzainen bizimoduak, hau da, gizakiaren eraginak, mendilerroen egungo itxura taxutu dute neurri handi batean, eta hango ekosistema artzaintzaren eta basoko bizitzaren arteko urte luzeetako elkarbizitzaren fruitua da. Basorik gabe, ezin hobeto ikus ditzakegu karstaren kanpoko hainbat formazio: dolinak, lapiazeak, amildegiak...
Mendukilo Proiektua, mendiko ukuilu izatetik ekoturismo-ekipamendu, lurpeko laborategi eta ingurumen-heziketako gela izatera igaro da. Kobazuloa erabili zuten lehen artzainen filosofiari jarraikiz, gaikuntza arduratsua planteatu da, ekoturismorantz bideratutako kudeaketa ardatz hartuta.
Ekoturismoak garaleku duen naturagunea berreskuratzea eta mantentzea du helburu. Hau da, naturagunea lehengoratzeko tresna baliagarria izan nahi du, hurrengo belaunaldiek hartaz gozatzea ziurtatzen duena; izan ere, naturagune errentagarri bakarra belaunaldiz belaunaldi osorik irauten duen hura da. Horrela, naturagune batean garatzeaz gain, inguruneagatik eta ingurunerako ere garatu behar du. Etekin ekonomikoak tokian tokiko populazioaren onurarako izango dira. Baina bisitariei ere, aisialdiaz modu osasungarrian gozatzeko eta naturari buruzko ezaupideak zabaltzeko aukera eskaintzen zaie.
Hori horrela, ongi bideratutako eta planifikatutako ekoturismoak eta landa turismoak Larraungo bailararen eta inguruaren garapen orekatua ekar dezakete. Zonaldeko turismo baliabideak bildu eta bultzatzeko helburuz, Plazaolako Turismo Partzuergoa eratu zen 1994an. Hori dela eta, jarduera osagarri hauek jarri dira martxan:
- Plazaola pasaportea . Turismo Partzuergoak bultzatutako proposamenean, hainbat landetxe, jatetxe, jardueren enpresa eta baliabide turistikok hartu dute parte. Ekimen horretan, pasaporte zigilatu batek hainbat deskontu eragiten ditu establezimendu parte-hartzaileetan.
- Mugarik gabeko Lurpea . 6 kobazulo turistiko senidetu dira (Mendukilo, Arrikrutz, Pozalagua, Ikaburu, Sara eta Zugarramurdi), lurpeko munduaren bisitariari sarbidea erraztu eta bisita saritzeko. Ekimen horretan senidetutako leize bakoitzari buruzko informazio guztia duen sustapen-liburuxka sortu da. Liburuxka hori koba bat bisitatzen denean zigilatzen da eta horrek eskubidea ematen du tarifa indibidualaren deskontu bat izateko beste kobazulo bat bisitatzen denean. Liburuxka guztia zigilatuta, opari bat jasotzen da bisitatutako azken leizean.
Arrikrutz-Oñatiko kobak (mitologia eta kondairak)
Gipuzkoako barnealdean, Oñati inguruko paisaiak kalitate handiko elementu interesgarriak ditu. Besteak beste, kareharri bikain ikusgarriak daude Aizkorri mendiaren magalean, Arantzazuko Santutegitik gertu; eta lur azpian, Gesaltza-Arrikrutzeko karst-sistema konplexu eta itzelak hartzen dituen 14 kilometroetan, espeleologia-fenomeno eta -gune konplexuak, hala nola Arrikrutz haitzuloaren barrunbea.
Lur azpiko erreka eta estalaktita izugarriz betetako galeriak dira haitzulo horren osaera geologikoaren eta aberastasunen erakusgarri.
Proiektu turistikoak natur eta kultur ondarearen balioa handitzea du helburu. Arrikrutz Euskadiko aitzindarietako bat da espeleologia-, arkeologia- eta paleontologia-azterketetan. Lehen lanetan, hainbat arkeologia-aztarna aurkitu zituzten, hala nola haitzuloetako lehoi baten eskeleto osoa; horrelako lehen aurkikuntza izan zen Estatuan. Horrez gain, panteren eskeleto-atalak eta burezurrak, eta hartz-aztarnategi ikusgarria ditugu bertan.
Mitologiaren alorrean, aipatzekoa da duela ehunka urte Oñatiko, Deba Garaiko eta Arabako biztanleak Sandaili haitzulora joaten zirela peregrinazioan, soloetarako euri eske. Bestalde, emakume antzuek bainua hartzen zuten Sandailiko uretan, emankorrak izateko. Milaka urte lehenago --jentilen garaian-- sortutako ohiturei eusten zieten horrela. Horiek guztiak kontuan hartuta, Oñatiko Udalak bertako natur eskaintza hobetzea eta osatzea erabaki zuen aho batez, eta ondorioz, Oñati-Arrikrutz haitzuloa bisitariak hartzeko prestatzea.
Haitzulo barruko ibilaldiak duen sistemari esker, gai ugari lantzen dira ikuspegi pedagogikotik, eta erabat modu interesgarrian landu ere; besteak beste, urak eta hidrologiak haitzuloa nola zizelatu zuten, nola sortu zen mineral-unibertsoa, Arrikrutzeko aurkikuntza arkeologikoak eta paleontologikoak, Sandailiko mitologia eta Arrikrutzek espeleologiaren historian duen garrantzia.
Hizkuntza-aholkularia: Agurtzane Urrutia.
Eskaintza
Iñakiri
Te vas, te venís, y dejás anillos en mi imaginación (G. Belli)
Asierri
La justicia es como las serpientes, solo muerden a los descalzos (E. Galeano)
Asier 2008. urteko abenduaren 1ean hil zen, Bilboko hegoaldeko saihesbidean (Supersur) gertatutako lan-istripu batean, laneko segurtasun-neurriak ez zirelako bete (horrela dago ebatzita Bilboko 9. Gizarte Epaitegiaren 2011ko martxoaren 18ko 131. sententzian. Hala eta guztiz ere, bide penala deuseztatu egin ziguten. (asierirazabal.wordpress.com).
Bibliografia
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia