}

Euskal Herriko ibaien eraldaketa historian zehar

1997/06/01 Arturo Elosegi Irurtia - Ekologiako katedradunaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure ibai eta errekak aspalditik eraldatuak izan dira, menderen mendetan iraun duen prozesuan. Izan ere, jendeak betidanik ibaiekin maitasun- eta gorroto-erlazioa izan du; batetik, ibaiek eskainitako baliabide asko (ura, arrantza, lur joriak...) garrantzitsuak zaizkio, baina, bestetik, haien “egosgogorkeria” (haran hondoetatik ibiltzea, aldizka nekazaritza-lur hoberenak urperatzea, ubidea etengabe aldatzea) kontrolatzen saiatu da, horrexek baliabide horietako asko galtzea zekarrela ohartu gabe. Ibaiek arroetako ezaugarriak isladatzen dituzte eta, beraz, paisajearen modelatzaile ezezik, paisajearen eraldaketen lekuko ere badira. Ikus dezagun azken milaka urtetako gizartearen eraldaketak nola eragin duen Euskal Herriko paisajean eta, ondorioz, ibaietan, beti ere kontuan hartuz gure lurraldeko dibertsitate fisiko eta politiko handiak oso ondorio desberdinak ekarri dituela lekutik lekura.

Historiaurrea eta Antzinatea

Jende askok kontrakoa uste duen arren, Euskal Herriko deforestazioa antzinako kontua da, mendi gehienen gailurrak Neolitoan soildu baitziren. Hauetako askotan ez da sekula pagadirik izan, pagoa beranduago (duela 3.500 urte inguru) iritsi baitzen gure herrira. (A. Elosegi)

Euskal Herriko paisajean gizateriak eragindako lehen aldaketa garrantzitsuak neolitoan gertatu ziren, abeltzaintza eta nekazaritza iristearekin batera. Abeltzainek mendi garaiak erre eta larre bilakatu zituzten, gutxienez Aro Modernora arte jarraitu zuen deforestazio prozesuari hasiera emanez. Askok uste dutenaren aurka, larreen sorrera aspaldiko kontua da; hainbat aztarnategitako polena aztertuz ikusi ahal izan denez, Gipuzkoan Burdin Arorako oso baso gutxi geratzen zen, iratzedi zein txilardegiak nagusi baitziren.

Basoa ezabatzearekin batera energi iturriak ere aldatu egiten dira erreketan: komunitatearen oinarri zen orbela desagertu eta algak bilakatu ziren bazka nagusia eta, horren ondorioz, ornogabeen fauna arras aldatu zen. Itzalik gabe, uraren tenperaturak gora egiten du eta iturburuetan soilik bizi diren ur hotzeko zenbait espezie galdu edo murriztu egin ziren. Horrez gain, higadura asko emendatu zen eta, ondorioz, arroek ura metatzeko gaitasuna apurka galdu zuten; ur-emariek gora-behera handiak izan zituzten eta uholdeak zein lehorteak ordura arte baino gogorragoak izan ziren.

Erreka bazterreko basoa ezabatzean, komunitatearen oinarri zen orbela desagertu egin zen eta ornogabeen fauna arras aldatu zen. Larreez inguratutako errekek, halaber, askoz egitura sinpleagoa dute eta ez dute materia organikoa hain modu egokian atxikitzen.
J.R. Diez

Euriteetan ibaiek buztin asko garraiatu zuten, hondoko harritxintxarren artean oxigeno-sarrera geldotu eta arrain askoren errulekuak hondatuz. Horrek guztiak arazoak sortu zizkien hainbat espezieri, batez ere klima hotzekoei. Horixe da, esate baterako, izokinaren kasua: Euskal Herria espezie honen banaketaren hego-mugatik hurbil dago eta oso lotuta dago ur fresko eta gardenei, Neolitoan galtzen hasi ziren ur horiei, hain zuzen.

Historiaurrean eta Antzinatean Euskal Herriko paisajearen modelatzaile nagusiak abeltzainak izan ziren arren, ezin ditugu nekazariak ahaztu, hauek ere dezente eraldatu baitzituzten lautadak.

Nekazaritzarako lurren hedapena oso geldo joan zen, teknika berrien sorreraren menpe, baina Burdin Aroan jada garia ereiten zen Gipuzkoako ibarretan eta, zer esanik ez, Araba edo Nafarroako hegoaldean. Hain zuzen, Historiaurreko zenbait aztarnategitan agerian gelditzen da Errioxa bezalako eremuetan nekazaritzak zuen garrantzia. Euskal Herriko eskualde idorretan seguruaski, ibaiertzetako lur oparoak erabiliko zituzten, bertako basoak moztu ondoren. Ur bazterretako basoen garrantzia handia da, hainbat espezierentzat ezinbesteko habitata izateaz gain, ubidearen egitura eta uren kalitatea kontrolatzen baitute. Eroritako enborrek egur-presak eratzen dituzte, hainbat animaliarentzako ezkutalekuak eskainiz, eta oro har, habitat-dibertsitatea emendatuz. Baso hauek moztean, beraz, ibaien egitura eta komunitateak pobretuz zihoazen.

Erreka bazterreko basoa ezabatzean, komunitatearen oinarri zen orbela desagertu egin zen eta ornogabeen fauna arras aldatu zen. Larreez inguratutako errekek, halaber, askoz egitura sinpleagoa dute eta ez dute materia organikoa hain modu egokian atxikitzen.
A. Elosegi

Euskal Herri idorreko ibaiek Antzinatean jasandako beste aldaketa garrantzitsua erromatarren eskutik etorri zen, hauek izan baitziren ur-eramateak, ubide luzeak, presak eta akueduktuak egiten lehenak.

Erdi Aroa

Neolitoan sortu eta Brontze eta Burdin Aroetan zehar hedatu zen abeltzain eta nekazarien kulturak populazioa emendatzea ahalbidetu zuen. Jendea gero eta ugariago egotearen eta teknologia gero eta eraginkorragoa izatearen ondorioz, Euskal Herriak eraldaketa handia jasan zuen Erdi Aroan.

Artzantzak aldaketa teknologiko gutxi izan bazuen ere, gizaldiz gizaldi gora egin zuen eta Erdi Aroaren amaieran jo zuen goi-muga. Artilea Iberiar penintsulako baliabide nagusi bilakatuta, abeltzainek, ermandadeetan bilduta, berebiziko indarra hartu zuten. Garai hartako aztarnen artean sarobeak eta abelbideak ditugu, baina baita higadura bortitzaren lekuko diren Bardea bezalako paisajeak erribera aldean edo Erdi Aroaren amaieran Ebro ibaiaren bokalean sorturiko delta ere.

Ibaiertzeko basoa animalia eta landare askoren bizileku izateaz gain, oso garrantzitsua da ibaien autodepurazio-gaitasuna mantentzeko.
A. Elosegi

Herriak ere nabarmen hazi ziren Erdi Aroan. Jendea harresiz inguratutako hiribilduetan bizi zen (Baionak, Elorriok edo Garesek, esate baterako, alde zaharretan Erdi Aroko egitura mantendu dute), eta arazketa-sistemarik ez zegoenez, halako jende-pilak kutsadura-arazo garrantzitsuak sortu zituen hainbat lekutan. Gogoratu besterik ez dago izurriteek (urarekin lotutakoak asko) eragindako heriotzak. Harrezkero ez zitekeen, beraz, behinola bezala ura edozein ibaitatik edan.

Nekazaritzak aurrerapen handia ezagutu zuen hego-isurialdean, mairuek ureztatze sistemetan hobekuntza handiak ekarri baitzituzten eta honen ondorioz, ibai nagusien inguruetako lur idorretatik lor zitekeen uzta asko emendatu zen.

Ale-ekoizpenak gora egin zuen eta erreka eta ibai malkarrenak ere errotaz bete ziren, energi iturri nagusia ura baitzen. Garrantzi estrategiko handia zuten eta ez da harritzekoa errotaleku hoberenak dorretxeen bidez defendatu izana, gaur geratzen diren adibideek bistan utzi dutenez. Errotek eragin handia izan zuten erreketan, ordurarte presatu gabe zeuden erreka malkar gehienak arrainentzako gaindiezineko barreraz josita geratu baitziren. Izokinak, anartean, ugariak ziren (langile asko matxinatu zen jateko besterik ematen ez ziotelako), baina agudo hasi ziren murrizten presen ondorioz, besteak beste.

Erdi Aroan gure erreka malkar gehienetan errotak eraiki ziren, uraren energia aprobetxatzearren. Ubidean egindako presek arrainen migrazioa oztopatzen dutenez, izokina bezalako zenbait espezieren gainbehera ekarri zuten.
A. Elosegi

Merkataritzarekin batera bizimodu eta ohitura berriak zabalduz zihoazen eta hauetako batek nahikoa eragina izan zuen gure ibai geldoetako komunitateetan: monasterioetan haragiaren ordezko gisara hazten zen karpa Erdi Aroan iritsi zen Europako hegoaldera. Poluzio biologikoak, beraz, erro sakonak ditu gure artean.

Aro Modernoa

Aro Modernoan Euskal Herriko ipar-isurialdeko nekazaritzak ezagutu duen iraultza handiena iritsi zen: baserria. XVI. mendean artoa, indabak, patata eta beste hainbat landare ekarri ziren Ameriketatik eta hauek zirela tarteko, nekazaritza-lurren emankortasuna bikoiztu edo hirukoiztu egin zen. Horri esker, Euskal Herri hezean ordurarte ustiaezinak ziren lurrak etekingarri suertatu ziren, eta ‘bordak” —herritik urrun eta alorrez inguraturik zeuden etxeak— sortu edo indartu egin ziren.

Monasterioen bidez zabalduta, karpa Erdi Aroan iritsi zen Europako ibai handietara.
A. Elosegi

Hasieran jendea herrian bizi zen, baina superpopulazioaren ondorioz, familia batzuk bordara joan ziren bizitzera. Oraindik Nafarroako hainbat lekutan etxe askoren izenak errepikatuta daude (Peustenea izeneko etxea herrian eta Peustenea Borda izeneko baserria), garai haien lekuko. Baserriak edonon eraikiz, ipar-isurialdeko deforestazioak maila gorena ezagutu zuen XVIII. mendean. Gainera, oso lur sail handiak alor bihurturik, higadura ere handia zen eta horrek arrasto garbia utzi zuen ibaietan.

Errekek gero eta garrantzi gehiago hartu zuten energi iturri gisara. Garai batean errotetan bakarrik ustiatzen zen, baina denborarekin ur-indarraren erabilpenak ugaritu egin ziren: malda nahikoa zegoen edozein lekutan paratu ziren oihalgintzak, kordobanak, zerrategiak, burdinolak, eta abar. Ordurarte ez bezala, ibai bazterra eraikuntzez betetzen hasi zen, ubidea presa eta urjauzi katea bilakatuta.

Aro Modernoan Euskal Herri hezeko laborantzak ezagutu duen iraultza handiena iritsi zen. Ameriketatik ekarritako artoa, indaba eta patatarekin batera, gure mendiak baserriz bete ziren eta populazioa nabarmen emendatu zen.
A. Elosegi

Merkataritza ere indartu zen Aro Modernoan eta harekin batera garraioaren garrantzia. Erreka ertainak eta ibaiak betidanik garraiorako erabili izan dira. Horretarako hasieran ez zen lan handirik eginen; besterik gabe, ubidea enborrez garbitu. Denborarekin, berriz, untzi gero eta handiagoak erabiltzen ziren eta horrek arazoak sortu zituen, ibaiak oso aldakorrak izaki, nabigazioa zaila baitzen. Gisa honetan, gure ibai handi gehienak guztiz aldatu ziren: meandroak ezabatu ziren, uholde-lautadak drenatu, ibaiertzeko hezeguneak idortu, ferra-lakuak lurrez estali, ubidea kanalizatu, hondoa dragatu, hare barrak kendu, eta abar. Horren ondorioz, ibaiok antzina baino askoz egitura sinpleagoa eta dibertsitate baxuagoa dute eta batzuetan ubide guztiz artifizialak. Hau da Aturriren kasua: garai batean Bokale Zaharrean itsasoratzen zen, baina 1578. urtean ibilbide berria egin zitzaion Baionatik behera.

Aro Garaikidea

Historian zehar ur-indarraren erabilpenak ugaritzen joan dira. Garai batean alea ehotzeko zena, azkar hedatu zen zerrategi, kordobana edo burdinoletara. Aro Garaikidearen hasierarako ola zaharrez josita zeuden gure erreka guztiak. Argazkian, ur-indarrez funtzionatzen duen zerrategia.
A. Elosegi

Industri Iraultzak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian. Alde batetik, ola zaharrak eta errota gehienak aurreko mendearen amaieran eta honen hasieran ixten joan ziren, baina zentral elektrikoek haien lekua hartu zuten erreka malkarrenetan (Pirinioetako bi aldeetan eta Gipuzkoan). Argindarra sortzeko jauzi handia behar denez, kanal luzeek ubidetik urik gehiena desbideratu egiten dute eta erreka askotako tarte luzeak ia erabat idor uzten dira.

Bestalde, industriak hazkunde izugarria ekarri zuen, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian. Papergintzak eta altzairugintzak uholde-lautada gehienak lantegiz bete zituzten eta espantsio ekonomikoaren alaitasunaz, munduan ezagutzen ez ziren poluzio-mailaz zikindu zituzten lurraldeotako erreka gehienak. Arrainez gain, beste bizidun gehienak ere errekotatik aienatu ziren, ustez betirako.

Nekazaritza-lurren premiak eta nabigazioaren beharrak bultzatuta, Euskal Herriko ibai nagusien ubidea aspaldi zuzendu eta kanalizatu zen. Argazkian ageri den Aturri ibaiaren bokalea 1578. urtean desbideratu zen.
A. Elosegi

Hazkunde industrialak, hala ere, ondorio gehiago ekarri zituen. Bizkaia eta Gipuzkoako herri handietan biztanle-kopurua asko emendatzen zen bitartean, baserriak hustu egin ziren, eta garai bateko ixtorleku eta larreetan pinua aldatu zen. Horren eraginez, Euskal Herrian azken 4.000 urteotan ikusi den baso-azalerarik handiena dugu gaur. Baso hauek askotan oso modu kaskarrean kudeatzen dira: pista gehiegi eta txarregiak eraikitzen dira, matarrasa handiak egiten dira leku malkarretan, eta batzuetan hurrengo landaketaren aurretik lurra irauli egiten da; horrek guztiak higadura handia eragin du hainbat lekutan. Euskal Herriko ibai askotako hondoa begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko, buztina baita askotan sedimentu nagusia.

Baserria abandonatzearen ondorioz, Bizkaia eta Gipuzkoan pinuak landatu dira garai bateko larreetan. Hauen kudeaketa ez da askotan oso egokia izaten. Matarrasen ondorioz sortutako higadurak arrainen errulekuak hondatzen ditu eta animalia askoren desagerpena dakar.
A. Elosegi

Mende honen erdialdera Lapurdi, Nafarroa eta Arabako lautadetan industrializazioak laborantzaren iraultza ekarri zuen, makina, ongarri kimiko, pestizida eta teknika berriei esker. Nekazaritza modernoaren ondorio nabarmenetako bat lursail-kontzentrazioa izan da, baina baita gehiegizko ongarriztapenak eta pestizidek ibaietan sorturiko poluzioa ere.

Ongarria behin uretara iritsita, algak asko ugaritzen dira, uraren kalitatea murriztuz eta hainbat animaliari eragozpenak sortuz. Poluzio difuso honi ezin zaio araztegien bidez aurre egin; aitzitik, ezagutzen diren irtenbide hoberenak ibaiaren jatorrizko egiturari loturikoak dira: ibaiertzeko baso eta hezeguneek, ubide bihurri eta dibertsoek eta ferra lakuek sekulako autodepurazio-gaitasuna ematen diete ibaiei. Behin hauek desagertuta, ordea, oso zaila da nekazaritzaren poluzioa ekiditea.

Joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran ola zahar gehienak itxi eta zentral hidroelektrikoek hartu zuten haien lekua. Urjauzi handia behar dutenez, kanal luzea izan ohi dute eta tarte handietan uzten dute errekaren ubidea ia guztiz idor.
A. Elosegi

Mende honek gure ibaietara ekarritako beste elementu berria urtegi handiak dira (Esa, Añarbe edo Uribarrikoak, esate baterako). Hauek arras aldatzen dute ibaiaren egitura eta ur-erregimena. Ur-hornidurarako erabiltzen direnek oso emari baxu baina konstantea uzten dute ibaian; elektrizitatea ekoizten dutenek, berriz, egunean behin edo bitan emariaren gora-behera bortitzak izateaz gain, gehienetan hondoko ura askatzen dute, hotza eta maiz oxigeno gutxi duena.

Honekin sedimentuen garraioa eta uholdeen maiztasuna murriztu egin dira eta horrek uholde-lautadetako lurzoruetan eragin handia izan du. Ebroren delta, esate baterako, azken hamarkadetan desagertzen ari da, urtegi handietan geratzen baitira hura mantentzeko beharrezkoak diren sedimentuak.

Ur-horniduraren eragina beste atal batean ere aztertu ahal da; iturburu guztiak hodiz bete direnez, errekastoek lehen baino askoz ur gutxiago daramate eta baserriek sortzen duten poluzioa diluitzeko edota uretako bizidunei eusteko ia gaitasunik ez dute.

Uholde-lautadak euriteetan eremu arriskutsuak direnez, garai batean ez zen bertan etxerik eraikitzen. Dena den, errotak eta olak ezinbestean ibaiertzean kokatu behar eta pixkanaka eremu hauek ere eraikuntzez bete ziren; azken bi mendeotan ur bazterra izan da lantegiak eta etxeak eraikitzeko leku hautatua.

Mende honen erdialderako industrializazio basatiak Gipuzkoa eta Bizkaiko erreka gehienak poluitu zituen, bertatik bizidun gehienak desagertaraziz. Garai batean arrain haztoki izandakoak estolda kirasdun bilakatu ziren.
J.R. Aihartza

Uholdeen kalteak (ez uholdeen neurria) emendatzean, ibaiak kanalizatu eta dragatu egin dira, funtzionamendu hidrauliko “perfektuaren” bila. Honekin, ordea, haien funtzionamendu biologikoa kaltetu da: ibai eta uholde-lautadaren arteko harremana eten, autodepurazio gaitasuna mugatu eta ibaietako bizidunen babeslekuak ezabatu dira.

Aro Garaikidean gertatutako aldaketen artean poluzio biologikoa ere aipatu behar dugu, arestian esan bezala aspaldiko kontua izan arren, azken mendean asko larritu baita espezie exotikoen eragina, jendeak bultzatuta (lutxoaren eta perka amerikarraren kasua) edota bultzatu gabe (koipua, bisoi amerikarra). Lutxoak eragin handia izan du bertako arrain-populazioetan eta bisoi amerikarrari egotzi izan zaio ur-satorraren gainbehera Penintsulako hainbat lekutan. Arrantzaleen eskariz ere, erreka asko haztegietako arrainez hornitu dira. Batzuetan kanpoko espezieak erabili dira (ortzadar amuarraina gehien bat) eta besteetan kanpoko barietateak. Bizkaian, adibidez, urte askotan askatu dira Norvegiako amuarrainak, erreka desberdinetara moldatuta zeuden bertako genotipoak desagertaraziz.

Ibai bazterrean eraikitzearen ondorioz, uholdeek sortutako kalteak gero eta handiagoak dira. Argazkian Durango.
A. Elosegi

Azken aldian iharduera berriak sortu dira eta ingurunearen erabilpen berriok, nola ez, ibai-paisajeen itxuraldaketa ekarri dute. Kaiaka, raftinga, turismo berdea eta gero eta izen xelebreagoak dituzten beste hainbat ekintza modan jarri dira eta ibaialde asko berauetara egokitzen ari da. Aldaketa batzuk mesedegarri ere izan daitezke, noski.

Halaber, gaurko pentsamolde berdearen islada gisa ibaialde batzuk babestu egin dira: Nafarroako zenbait ibaiertzetako basoak edota Leitzaran ibaiaren Gipuzkoako aldea kasu. Oraindik ikusteko dago babes-formula hauen eragina, baina kontuan hartu behar dugu ibaiak osasuntsu mantentzeko ur-emariak aldaketak jasan behar dituela eta hori oso zaila dela gaur egungo aprobetxamendu-moduarekin.

Etorkizuna

Erreka eta ibaien errekuperazio-gaitasuna oso handia izanik, etorkizuna hein batean gure eskuetan dago. Oso adierazgarria da poluzioak gehien penatutako ibaiak industri krisiaren ondorioz nola errekuperatu diren ikustea.

Ur-premiak etengabe gora egiten duen honetan, urtegi handiak eraiki dira gure ibai garbienetan. Hauen eragina oso bortitza da.
A. Elosegi

Orian eta Urolan, esaterako, duela hogei urte estolda kirasdun besterik ez ziren ibaialdeetan, arrain eta beste zenbait animalia aurki daitezke gaur egun. Horrek garrantzi handia du paisajearen pertzepzioan eta jendeak ingurunearekin duen loturan.

Europako Batasunaren legeek ere aldaketa asko ekarriko dituzte gure ibaietara eta uren kalitateak hobera eginen du ur-arazketari esker. Dena den, nekazaritzaren poluzio arazoa ez da hain aise konponduko, apenas utzi baitugu lekurik ur bazterretako basoak berreratzeko.

Uholdeak ekiditeko, gure ibai asko kanal artifizial bilakatu dira, eskain zitzaketen baliabide eta funtzio gehienak galduta.
A. Elosegi

Beste herrialde batzuetan (Alemania, Ingalaterra eta Danimarkan) hasiak dira ibaien funtzionamendua hobetzeko lanetan eta horretarako haltzadiak landatu, meandroak berreraiki eta beste hainbat ekintza burutu dituzte; Euskal Herrian, ordea, oraindik deus gutxi egin da alor horretan.

Arestian esan bezala, ibaiak oso sistema dinamikoak dira, arroan gertatzen diren aldaketei erantzuten dietenak. Gizartea ingurunea ustiatzeko molde berriak sortzen ari da etengabe eta ibaiak ere aldaketa hauen lekuko izanen dira.

Uholdeak ekiditeko, gure ibai asko kanal artifizial bilakatu dira, eskain zitzaketen baliabide eta funtzio gehienak galduta.
A. Elosegi

Premiazkoa da erabilpen desberdinak (adib.: arrantza, aisialdia, ur-horniketa, nabigazioa...) uztartzea, askotan oso posible baita erabilpen nagusia (elektrizitate-ekoizpena, esate baterako) pixka bat murriztuz besteen etekina (arrantza, adibidez) asko emendatzea. Ibaien berezko aldakortasun handiak beste ekosistema batzuena baino erantzun azkarragoa baimentzen die eta, honela, askoz lehenago beha ditzakegu kudeaketa egokiaren emaitza positiboak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia