}

Euskal herritarron eskuzabaltasuna

1995/06/01 Elorrieta, Pilar Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ehun- eta organo-transplanteen garapena handia eta ikusgarria izan da azken urteotan. Edonola ere, 1994. urtea hito garrantzitsua izan zen Euskal Autonomi Elkartean. Gaixoen bizi-kalitate fisikoa eta sikikoa nabarmenki hobeagotu da, gaixo horiei gizartean integratzeko bide berriak eskaini zaizkie eta Osasun-Erakundeetan itxaron-zerrendak ebitaezinak diren minimoetara ekarri dira.

Alabaina, organo-emaileen urritasuna da gaur egun ere, transplanteen garapena gerarazi dezakeen faktore nagusia. Horren ondorio zuzena dira gizartea informatzeko eta kontzientziatzeko burutzen ari diren kanpaina guztiak, azken batean gizartea osatzen dugunok baikara gure gorputzen jabe bakarrak eta, ondorioz, gu guztion eskutan dago transplantearen mirari txiki hori errealitate ukigarri bihurtzea.

Orain arte lortutakoa zenbait faktoreren ondorio zuzena da. Batetik, herritarren eskuzabaltasun eta elkartasun txalogarriaren ondorio, gure herkideek bizirik segi dezaten oinarrizko jarrera baita. Bestetik, organo-emaileen detekzioa eta jarraipena egiten duten medikuntzako profesionalen eta transplante- zein erauzketa-prozesuak aurrera ateratzen dituztenen arteko lankidetza finkatzearen ondorio, azken hau ere lorpen handia izan da.

Guzti horretaz zuzenean arduratzen diren profesionalez gain, laguntza-taldeak daude. Ospitalizazio-zentruetako langilego ez-sanitarioa, SOS-DEIAK edo Ertzantza, aireportuetako langile eta erakundeak, forentse, epaile eta epaitegietako langile oro, komunikabideak, Alcer-Euskadi eta lurraldeetako erakundeak, Ospitaletako sail desberdinetako zuzendaritzak eta Osasun-Saila.

Gero eta gehiago gara. Transplanteen Koordinaziorako Taldeak aurrikusten duen organo- eta ehun-emaileen kopurua % 60 handiagotu da 1992. urteaz geroztik.

Aitzitik, benetako emaile eta emaile potentzialaren arteko erlazioa gutxiagotu egin da, familiak uko egiten duen kasuak edo kutsakorrak diren infekzio biralenak, % 1,5 eta % 10 hurrenez hurren, handiagotu direlarik. Hala ere, Euskal Autonomi Elkarteko emaile-tasak oso altuak dira, munduko herrialde gehienetakoak baino altuagoak (PMP-ek emandako datuen arabera, EAE: % 92,7; Austria: % 72; Espainia: % 65,2; Frantzia: % 51,3; Suezia: % 43,4; Erresuma Batua: % 41,1 eta Alemania: % 39,7).

Emaileen ahalegina ez da ezerezean gelditzen. Euskal Autonomi Elkarteko transplanteen bilakaera ulertzeko, atalez atal egindako azterketa aipa genezake.

Esaterako, 123 giltzurrun-transplante burutu dira (PMP/ % 58,9), mundu osoan egiten direnen artean puntako maila lortuz. Horri esker, giltzurrunetako gutxiegitasuna jasaten duten gaixoen % 56ri injertoa txertatzea lortu da. Bestalde, 13 bihotz-transplante (PMP/ % 6,2) eta 30 gibel-transplante (PMP/ %14,4) egin dira. Bestela esanda, azken lau urteotan, 50 euskal herritarrek bihotz-transplantea jaso dute eta 95ek gibel-transplantea. 196 kornea-transplante egin dira (PMP/ % 93,8), 1993an Estatuko tasa PMP / % 43 izan zelarik. Beste toki askotan ez bezala, transplanterako hezurrak lortzea eta txertatzea erabat finkatuta dago. Horrekin batera, lau emaileren azala jaso da eta horrek komunitateko beharrak asetu eta Madrilgo La Paz Eritetxera azala bidaltzeko modua eskaini du. Azkenik, Arantzazuko Amaren Ospitalean 35 hezur-muineko transplante egin dituzte (PMP/ % 17).

Transplanteak burutu ahal izateko, funtsezkoa da herritarren kolaborazioa. EAEn jasotzen ari den oihartzuna txalogarria dela esatea ez da harrokeri hutsa. Horri eta gainerako eragileei esker, esaterako, PMP erakundeak gibel-transplanteetarako zehazten dituen itxaron-zerrendak beste inon baino txikiagoak dira gurean. Giltzurrun transplantea behar dutenen zerrenda luzeagoa bada ere, bihotz-transplantea egonkor mantentzen dela esan daiteke.

Hori guztia emaileei esker gertatzen da. Oraindik bizirik dagoela organoak emateko borondateak azaltzen duen emaileari edo, heriotzaren aurrean ere, besteekiko elkartasuna adierazten duten familiartekoei, guztioi, zerbait esan nahi dizuegu: Eskerrik asko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia