Euskaldunak, neanderthalen oinordeko?
2010/05/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Jacques Lerin izeneko pertsona batek sinatzen du iruzkina, eta iruzkina duen artikuluaren izenburua honako hau da: Neanderthals may have interbred with humans ; alegia, litekeena dela Neanderthalak eta Homo sapiens -ekin gurutzatu izana. Beraz, euskaldunak hibridazio horren emaitza ote garen galdetzen dio bere buruari Jacques Lerinek.
Azken ikerketen arabera, H. sapiens -ak eta H. neanderthalensis elkarrekin gurutzatu ziren.
(Argazkia: Jim MacKenzie/UC Santa Cruz)
Lerin jaunaren ustea erdia edo erabat ustela den alde batera utzita, ez da lehen aldia bi espezieak elkarrekin gurutzatu zirelako hipotesia plazaratzen dela. Izan ere, ideia ez da inondik inora ere burugabea. Denbora eta aukera, behintzat, izan zuten: H. sapiens -a duela 400.000 urte inguru bereizi zen, eta neanderthalak duela 30.000 urte desagertu ziren.
Horrenbestez, behin baino gehiagotan plazaratu dira hipotesi horren aldeko zientzia-artikuluak. Oraingoa, Nature-n argitaratutakoa, New Mexikoko Unibertsitateko genetikariek egindako ikerketa bat da. Estatu Batuetako Antropologia Fisikoaren Elkartearen urteroko biltzarrean aurkeztu dute, eta, egileek han adierazitakoaren arabera, "neanderthalak ez ziren erabat desagertu".
Ondorio horretara iristeko, kontinente guztietako eta 99 populaziotako 1.983 pertsonen genomak aztertu dituzte. Zehazki, mikrosateliteetan jarri dute arreta; genomaren zati horiek pertsonen hatz-marken modukoak dira. Mikrosateliteen arteko diferentziak aintzat hartuta, zuhaitz ebolutiboa egin dute, eta, orduan, espero ez zuten zerbaitetaz konturatu dira. Hain zuzen, mikrosateliteen diferentziak azaltzeko hipotesi onena da H. sapiens espeziea bi aldiz gurutzatu zela espezie zaharragoekin, H. neanderthalensis -arekin eta H. heidelbergensis -arekin.
Ikertzaileek aintzat hartu dituzte mutazio genetikoak zer maiztasunekin gertatzen diren eta baita fosilen bidez jasotako datuak ere. Hala, kalkulatu dute H. sapiens Afrikatik kanpo hedatuta zegoela gurutzatu zirela neanderthalekin, bi alditan: duela 60.000 Mediterraneoaren ekialdean, eta duela 45.000 urte, Asiaren ekialdean.
Hibridazioaren aldeko froga
Eta ostegun honetan bertan Science zientzia-aldizkariak gurutzaketaren hipotesia indartzen duen beste ikerketa bat plazaratu du. Hain zuzen ere, nazioarteko ikertzaile-talde batek neanderthal baten genoma deskodetu du, eta jatorri desberdineko gaur egungo bost pertsonen genomekin alderatu dute. Emaitza bat dator New Mexikoko ikertzaileekin: oso litekeena da bi espezieak elkarrekin gurutzatu izana.
Bi ikerketek interes handia piztu dute adituen artean. Izan ere, lehen, gurutzaketaren aldeko ikerketa gehienak zantzu morfologikoetan oinarritzen ziren; hau da, hezurren itxuran. Orain, genetikari esker, lehen garbi ez zeuden alderdi asko baieztatu edo ezeztatu ahal izan dituzte.
Gainera, beste era bateko ikerketei esker, adituak gero eta hobeto ari dira ezagutzen neanderthalak, eta, horrekin batera, jendeak haietaz zuen irudia aldatzen ari da, lehen uste zena baino aurreratuagoak eta sofistikatuagoak zirela frogatzen ari baitira. Steven Mithen giza eta ingurumen-zientzietan adituak, adibidez, The singing neanderthals (Neanderthal kantariak) liburua idatzi zuen 2004ean. Orain Klasikoak bilduman dago, euskaratuta. Aukera ederra, neanderthalei buruz gehiago jakin nahi duenarentzat.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia