Euskarazko zientzia- eta teknologia-alorreko hedabideentzako diru-laguntzak, minimoan
2017/02/02 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
- Elhuyar aldizkariak Hedabideak deialdiko laguntzen % 73 galdu du azken 5 urteetan, irismenaren aitzakiatan
- Zientzia.eus webguneak ere laguntzen % 62 galdu du
Bestalde, zientzia.eus webgunea sortu genuen 2001ean, zientzia- eta teknologia-edukiak euskaraz eta multimedia-formatuan eskaintzen dituen webgune espezializatua. Artikuluak, bideoak, audioak, blogak, agenda eta beste argitaratzen ditu; 18.000 zientzia-eduki baino gehiago, euskaraz.
Elhuyarrek euskal gizarteari egiten dion ekarpena argia da, beraz: euskaldunok zientziaz jakin nahi dugunerako, euskarazko eskaintza zorrotz, irakurterraz, kritiko eta puntakoa eskaintzen digu.
Lan horrek guztiak, ordea, ez du inolako islarik izan azken urteotako diru-laguntzetan. Euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren Hedabideak deialdian, 2011. urtean 94.884 euro jasotzetik 25.000 euro jasotzera pasatu gara aldizkarian. % 73 gutxiago, alegia. Horrek ondorio latzak izan ditu, eta, 2015ean, hilabetekari izatetik hiruhilabetekari izatera pasatu behar izan genuen. Gainera, edizio digitalak ez du laguntzarik jaso, eta, horrek, 2012 urtearekin alderatuta, 15.057 euroko galera ekarri du. Zientzia.eus webguneak ere, 2012ko datuekin alderatuta, laguntzaren % 62 galdu du.
Hori guztia irismenaren izenean, euskarazko komunikabideoi dagozkigun diru-laguntzak irakurle-kopuruaren arabera kalkulatzen baitira orain, kontuan izan gabe gai espezializatuak lantzen ditugun hedabideok ezin dugula espero izan euskal irakurle ororen intereseko izatea.
Azken finean, ez al dira zientzia- eta teknologia-alorreko euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatu behar? Nola sendotuko dira urtetik urtera diru-laguntza txikiagoak emanda edo batere eman gabe? Irismenaren izenean hartutako neurriek zientzia eta teknologiaren gaurkotasuna gaztelaniaz edo ingelesez kontsumitzera eramango dute euskal gizartea. Ezin dugu ahaztu zientzia eta teknologia direla gizartearen motorra, neurri batean.
Hala ere, Elhuyarrek euskal gizarteari zientzia eta teknologiaren berri ematen jarraitzeko asmoa du, eta euskarazko zientzia eta teknologiaren dibulgazioa bermatzeko irizpide eta laguntza berriak sortuko diren itxaropenarekin hasi du 2017. urtea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia