}

Eva eta giza klonazioa

2003/02/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joan den abenduaren 27an Eva jaio zela esan ziguten, eta jaioberri hura klonatutako lehen gizakia zela. Eta esan ziguten proba genetikoak egingo zizkiotela eta frogatuko zutela prentsaren aurrean egindako adierazpen haiek egia zirela.

Artikulu hau idazten ari naizenean, baina, hamabost egun pasatu dira eta berdin segitzen dugu. Eva ez du inork ikusi eta frogarik ez da inora iritsi; hori bai, raeldarrak zein diren ongi baino hobeto jakin dugu.

Raeldarrak duela 30 urte sortu ziren Frantzian. 1973an, Raël goitizenez ezagutzen den kazetari frantses bati izaki estralurtar bat agertu zitzaion eta egia jakinarazi zion: gizakia laborategietan sortu zela, klonazioz, duela 25.000 urte. Ohorea eskertzeko, estralurtar jakintsu haien mailara iritsi nahi izan du Raël-ek, eta berriz klonatu du gizakia. Eta estralurtarren metodoari jarraiki, munduaren aurrean agertu eta bere egia jakinarazi digu.

Baina hemen, Lurrean, zientzialarien artean behintzat, beste modu batera egiten da lan. Ikerketak aldizkarietan argitaratzen dira, besteek irakur eta eztabaida ditzaten. Egiazkoak direla frogatu behar da. Datuak emanez eta emaitzak ikusten utziaz. Nahi izanez gero errepikatzeko moduan, gainera. Baldintza horiek bete ezean, ikerketen emaitzak ez dira ontzat ematen.

Raeldarrek ez dute inolako frogarik eman, baina askok susmatzen dute nahi zutena lortu dutela: publizitatea eta dirua. Haiek sortutako Clonaid enpresaren web gunean sartzea besterik ez dago helburu ekonomikoez jabetzeko. Urtean 200 euro ordainduz gero, nire genoma izoztuta gordeko dute, etorkizunean izan ditzakedan gaixotasunak sendatzeko edo behar izango dudan organo bat sortzeko. Eta 5.000 euroren truke obulu bat eros dezaket. Ni klonatzeagatik zenbat ordaindu beharko nukeen ez dute zehazten, baina arazorik gabe egin dezakete. Frogatuta omen dago klonatutako izakiak oso osasuntsuak direla.

Zientzialarien egia

Dolly 1996an jaio zen 277 porroten ondoren eta, hasieran osasuntsua zirudien arren, joan den urtean artritisa detektatu zioten. Lehen sagu klonikoa lortzeko bidean ere 274 galdu ziren. Eta berdin beste animaliekin.

Horrelakoak dira giza enbioi baten zelula amak mikroskopiotik ikusita.
University Of Wisconsin

Zientzialariek behin eta berriz esan dute klonazio-teknikak hastapenetan baino ez daudela, arrakasta oso txikia dutela, bizi den klon bakoitzeko ehunetik gora bidean galtzen direla eta bizi direnek ere osasun-arazoak izaten dituztela.

Ardiak, saguak, txerriak eta behiak klonatu dira, bai, baina prozesua ez da ondo ulertzen eta asko dago oraindik ikasteko. Adibidez, oraindik ez da tximinorik klonatzea lortu. Horrenbestez, gizakiak klonatzeko saioak egitea astakeria litzateke. Baina ez klonazioa berez delako baztergarria, baizik eta teknikak ez dituelako oraingoz gizakiekin egiten diren ikerketek bete beharreko bideragarritasun-baldintza minimoak betetzen. Ñabardura hori oso da garrantzitsua, giza klonazioak eztabaida etiko biziak sortzen baititu aspaldi honetan.

Raeldarren iragarpenak arnas berria eman die eztabaida horiei eta argudio asko klonazioa arbuiagarritzat jotzen dutenei. Talde horiek, erlijiozko baloreetan oinarriturik normalean, klonazio terapeutikoa ere gaitzesten dute; hau da, klonazioz giza enbrioiak sortzea, handik zelula amak erauzi eta ikerketak egiteko.

Zelula amek gorputzeko edozein zelula bilakatzeko gaitasuna dute eta ikertzaileek uste dute horiekin lan eginaz egunen batean gaixotasun ugari tratatu ahalko direla, horien artean gaur egun sendabiderik ez duten asko: Alzheimerra, Parkinsona, diabetesa, esklerosiak, etab. Ahalmen handiko zelula horiek guztien ehunetan daude, baina enbrioienak ahaltsuagoak direla uste dute zientzialari askok. Gainera, norberaren zelula batetik sorrarazitako enbrioi baten zelula amak izango lirateke terapian erabiltzeko egokienak. Izan ere, horrela ez legoke errefusatzeko hainbesteko arriskurik. Hori lortzeko klonazioa ezinbesteko pausoa da eta horri deitzen zaio klonazio terapeutikoa. Argi dago, beraz, helburuak ez duela beste bizidun bat sortzearekin inolako zerikusirik.

Dolly ardia, klonatutako lehen ugaztuna.
CIWF

Ugaltzea helburu duen klonazioak eta terapeutikoak oinarri bera dute teknikoki, baina ez dira gauza bera. Terapiarako klonak sortzeak zelulak sortzea esan nahi du eta hori, zientifikoki, bideragarria da gaur egun. Besteak zelula horiek emakume baten umetokian ipini eta haurdunaldi osoa garatzea esan nahi du, eta, animalietan lortu diren emaitzak ikusita, gaur egun ez da bideragarria.

Horregatik da hain kaltegarria Clonaid-ek egindako iragarpena. Taldeak sinesgarritasun gutxi izan arren, kalean apenas ezagutzen den gaia delako klonazioa; eta kasu horietan guztia nahasi eta erraz zabaltzen da beldurra. Hori egiten dute klonazioaren inguruan egiten diren ikerketa guztiak debekatu nahi dituztenek. Helburuak eta bitartekoak bereizi gabe guztiari ezetz esan. Kontua ez litzateke hain larria izango, gizarteak informazio zuzena balu eta talde horiek botere gutxiago, baina, zoritxarrez, kalean gehiago hitz egiten da klonatutako umeez ikerketen benetako egoeraz baino.

Europako gobernuetan orain ari dira eztabaidatzen giza enbrioien ikerketa legeztatu ala ez. Beldurrak eta aurreiritzi erlijiosoek irabaziz gero, biomedikuntzaren erronka handietako bat bertan behera gelditzeko arriskua dago. Edo klandestino bihurtzekoa.

Azkenean denok antzemango genuke galera, baita ezezkoan ainguratu direnek ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia