Ez dago munstrorik Ness aintziran
2001/06/28 Elhuyar Zientzia
A zer nolako berria, esango du batek baino gehiagok. Hainbeste bagenekien!
Ness aintzirako munstroa, Nessie, munduko munstrorik famatuena da. Zernahi esan da haren jatorria eta izaerari buruz eta makina bat jende aberastu da kondairaren kontura. Gaur, Luigi Piccardi zientzialari italiarrak Ness aintziran gertatzen denari buruz duen teoria azalduko du Eskozian bertan, munstroaren bizitokitik 150 kilometrora.
Geologo honen teoriak ez dio, noski, fantasiari zirrikiturik txikiena ere utzi. Ness aintzira faila batek zeharkatzen du eta, ikertzaile italiarraren ustez, Nessie failaren jarduera besterik ez da.
Munstroari buruzko lehen kondairak Eskoziako antzinako piktoen artean sortu ziren. Piktoek arroketan utzi zituzten munstroaren lehen irudiak baina idatzizko lehen aipamena XVI. mendekoa da. Bertan, burrunba handiarekin iritsi eta joan zen dragoi bat aipatzen da. Nessiek 1933an egin zuen agerpenean, berriz, ur azala bortizki higitzen zela ikusi zuten lekukoek eta erruduna ur azpian zegoen izaki erraldoi bat zela ondorioztatu zuten.
Denborak kondaira handitu besterik ez du egin, gezurrak handiak izan badira ere. Adibidez, 1933an aurkitutako oinatzak hipopotamo baten oinekin egin ziren. 1934an hartutako argazki ezaguna, non munstroaren lepo luzea ikusten den, suge baten buruarekin jantzitako jostailuzko urpekari bat zela aitortu zuen egileak heriotzaren unean.
Munstroaren agerpen guztiak failaren jardueraren bidez azal daitezkeela uste du Piccardik eta, egia esan, nahiko teoria zentzuduna dirudi. Hala ere, Nessie egiazkoa dela itsu-itsuan sinisten duenik bada, zientzialari serioak tartean, eta munstroaren kontura aberastu denik, are gehiago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia