}
Naiara Martinez Perez Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura Jasangarria taldeko ikertzailea

“Ez dira jabetzen euren plateretan dagoen hori nondik datorren edo sasoikoa ote den”

2024/06/19 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Zarauzko Lizardi BHI ikastetxeko DBH 1eko eta Batxilergoko ikasleek, EHUko Arabako Farmazia Fakultateko Naiara Martinez ikertzailearekin eta haren taldearekin batera, elikadura jasangarria eta kontzientea aztertu dute, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan. Euren elikadura-ohiturak eta horiek ingurumenean duten eragina ikertu dituzte.

ez-dira-jabetzen-euren-plateretan-dagoen-hori-nond
Arg. Pernan Goñi

 

Elikadura Jasangarria da zuen ikerketa-taldearen izena. Zeintzuk osatzen duzue taldea?

Lau ikertzaile gara. Marta Arroyo Izaga koordinatzailearekin batera, Nerea Telleria Aramburu, Iker Alegria Lertxundi eta ni neu aritzen gara. Nutrizioan eta Dietetikan diplomatuak gara; Marta Arroyok Farmaziako lizentziatura ere badu, eta nik Erizaintzako gradua. Denak gara doktoreak, eta, hain zuzen, Marta Arroyo izan zen gure tesi-zuzendaria.

Gaur egun, Marta eta ni EHUko irakasle ere bagara, eta Nerea Aramburu Heziketa Zikloetako irakaslea da; Ikerrek, berriz, master-amaierako lanak zuzentzen ditu unibertsitatean.

Zer ikertzen duzue?

Martak aztertzen du zer eragin duten elikadurak eta bizi-ohiturek gure osasunean eta gaixotasunetan; besteak beste, obesitatean edota minbizietan. Ikerrek ere bizimoduaren eta minbiziaren arteko lotura aztertzen du. Nereak unibertsitateko ikasleen bizi-ohiturek obesitatearekin duten lotura ikertzen du, eta, nik, berriz, ikertzen dut zer eragin duen unibertsitateko elikadura-inguruneak elikagaiak hautatzeko orduan. Ikasleetan eta irakasleetan jartzen dut fokua.

Kasu honetan, elikadura kontzientea landu dute Zarauzko Lizardi DBHIko gazteek. Zergatik da garrantzitsua gazteei hurbiltzea gai hau?

Oso garrantzitsua da gai hau gazteekin lantzea. Oraindik ohiturak finkatu gabe dituztenez, errazagoa izan daiteke horietan eragin eta aldaketak lortzea. Adinean gora egin ahala zailagoa da. 50 urteko pertsona-talde bati hitzaldi bat ematen diogunean badakigu oso zaila izango dela oso barneratuta dituzten ohiturak aldatzea.

Zer ikusten duzue, oro har?

Oro har, gazteen artean ikusten ari garena da ultraprozesatu asko kontsumitzen dituztela eta nahiko sedentarioak direla. Gainera, distantzia handia erakusten dute jaten duten horretatik. Hau da, ez dira jabetzen euren plateretan dagoen hori nondik datorren edo sasoikoa ote den. Oso gutxitan joaten dira erosketa egitera, eta oso gutxi aritzen dira sukaldean. “KM0” edo “Eusko Label” gisako hitzak ezagunak egiten zaizkie, baina ez dute horretan gehiegi sakontzen. Batzuek animaliak dituzte etxean —oiloak, ardiak…—, eta horiek gehiago jabetzen dira, baina gutxiengoa dira.

Horregatik da garrantzitsua elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruan heztea, jabetzeko onura ez dela soilik eurentzat, gizarte osoarentzat baizik.

Zer urrats jarraitu dituzue ikasleekin ikerketa egiteko?

Guztira hiru saio egin ditugu, eta horien aurretik eta ostean elikadura kontziente eta jasangarriaren inguruko galdetegi bat bidali diegu, ikusteko aldaketarik egon ote den euren usteetan. DBHko ikasleek ez ezik, Batxilergokoek ere parte hartu dute. Azken horiek, gainera, laginaren parte izan dira, baina baita ikertzaileak ere. Hau da, galdetegien emaitzak bildu eta interpretatzen lagundu digute.

Zer galdera egin dituzue?

Galdetegiak lau atal izan ditu. Lehenengoan, datu sozio-demografikoen eta ikasketen inguruan galdetu diegu. Bigarrenean, elikadura eta bizi-ohituren inguruan. Ezaugarri fisikoak (altuera, pisua, eta abar) ere jaso dira bigarren horretan. Hirugarren atalean, elikadura jasangarriari buruz duten ezagutza eta jarrerak jaso ditugu, eta, azkenik, laugarren atalean, elikadura-ohiturak aldatzeko asmorik baduten galdetu diegu.

Zer ondorio nagusi atera dituzte gazteek?

Laburbilduz, hauek izan dira Batxilergoko ikasleek bildutako ondorio nagusiak:

  • Ikasleek nahiko ondo baloratzen dute beren osasuna. Nesken estres-maila mutilena baino handiagoa da. Mutilek, aldiz, osasun eta bizi-kalitate hobea dutela uste dute.
  • Ikasleen % 18k ez du gosaltzen. Nesken ehunekoa  handiagoa da mutilekin konparatuta (nesken % 21, mutilen % 8).
  • Soilik ikasleen % 5ek jaten ditu "berotu eta prest" dauden elikagaiak edo "eramateko janaria".
  • Ikasleek jaten dituzten elikagai desegokienak txokolatea eta azukrea dira.
  • Ikasle ia guztiek fruta astean 3 egunetan edo gehiagotan jaten dute; gehienek egunero.
  • Ikasleen bi herenak astean 3 egunetan edo gehiagotan jaten ditu lekaleak.
  • Ikasleen % 55ek astean 3 egunetan edo gehiagotan jaten ditu barazkiak.
  • Ikasleen % 9k pisu desegokia du.
  • Dieta berezia ikasleen ia % 10ek egiten du. Sexuari dagokionez, ez dago alderik. Arrazoi desberdinak aipatu dira: osasuntsu bizitzea, pisua zaintzea...
  • Dieta egingo balute arrazoi nagusia “osasuntsu jatea" izango litzatekeela diote.

Egin duten ikerketa hau Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztu dute. Zer garrantzi du horrek?

Gaia bera kalera ateratzea oso garrantzitsua da. Guk ere, ikerketa egiten dugunean, sentitzen dugu herritarrengandik oso urruti gaudela. Minbiziarentzako sendabidea topatuz gero, herritarrak enteratuko dira, baina, gainontzean, laborategi barruan geratu ohi da gure ikerketa.

Zerk eman dizu arreta?

Haiekin egindako bigarren saioan, aurreko egunean kontsumitutako elikagai guztiak zerrendatuta ekartzeko eskatu genien. “Cola-cao” edo “Makarroiak!” gisakoak ziren askoren erantzunak. “Zer dauka horrek?” galdetu, eta “A, Esnea!” edo “Pasta eta tomatea” erantzuten ziguten. Hau da, guk berariaz galdera hori egin arte ez ziren jabetzen zer jan zuten.

Dena dela, jaten dugunaz ez jabetze hori helduekin ere gertatzen da. Galdetzen dugunean “Jaten al dituzue 5 pieza barazki egunean?” askotan ez dugu erantzuten jakiten.

Ekimen honi esker, gazteek gertutik ezagutu dituzte ikertzaileak eta ikerketa-mundua.

Bai, eta oso aberasgarria dela uste dut. Askotan, ikertzailea naizela esaten dudanean, laborategi barruan egoten naizela pentsatzen du jendeak, ez dakitelako beste ikerketa-mota batzuk ere badaudela. Gazteek ere hori uste dute.

Gainera, gure kasuan, 4 kidetik 3 emakumezkoak gara, eta horrek gazteentzako erreferente egokiak sortzen lagundu dezakeela uste dut.

Zer eman dizu proiektu honetan parte hartzeak?

Asko ikasi dut. Erizaintzako graduan klaseak ematen ditut, eta orain arte ez nuen elikadura jasangarriaren kontzeptua lantzen. Orain, nire gai-zerrendan sartu dut.

Horretaz gain, ikertzaileon artean jakintza partekatzeko aukera ederra izan da. Denak arlo bereko ikertzaileak bagara ere, bakoitzak bere espezializaziotik jarri du alea.

Zarautzen egin duzue lehen proba. Etorkizunera begira, interesgarri jotzen duzue Euskal Herriko beste ikastetxe batzuek zuen ikerketa ezagutzea eta halako proiektuetan parte hartzea?

Bai. Gainera, lehen esperientzia honetan ikasi duguna aplikatu dezakegu. Esaterako, DBHkoekin pixka bat gehiago kostatu zaigunez, zaharragoekin aritzea gomendatuko nuke.

Horretaz gain, ederra litzateke Gipuzkoatik kanpo ere zabaltzea. Esan bezala, elikadura kontziente eta jasangarriak maila indibidualean ez ezik gizartean ere eragiten du. Beraz, zenbat eta gazte gehiagok parte hartu eta horiek zenbat eta toki gehiagotakoak izan, orduan eta handiagoa izango da aldaketa eragiteko ahalmena.

 

Proiektuan sakontzeko, deskargatu "Jasangarritasunerako ikerketak gazteak inspiratzeko" liburuxka hemen

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia