}
Maria Angeles Sallé Alonso Gizarte Zientzietako doktorea

“Ezinbestekoa da dikotomia haustea, hibridatzea, eta paradigma aldatzea”

2023/11/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu” nazioarteko biltzarrean hartu du Elhuyar aldizkaria María Angeles Sallé Alonsok, abegitsu hartu ere. Biltzarra Donostian egin zen, urriaren 23an eta 24an, Emakunderen eskutik, eta, hain zuzen, Sallék eman zuen hasierako hitzaldia. Gizarte Zientzietako doktorea da, eta garapen sozioekonomikoan, berdintasunean eta gizarte digitaleko politika publikoetan aditua, eta, eman duen hitzaldian, datuetan oinarrituta, garbi utzi du ezinbestekoa dela gaurko gizartean agintzen duen dikotomia haustea, hibridatzea, eta paradigma aldatzea. Elkarrizketak horretan sakontzeko aukera eman du.

ezinbestekoa-da-dikotomia-hausteaea-eta
Arg. Iñigo Ibañez

Urteak dira eremu zientifiko-teknologikoan dagoen genero-arrakala ixteko politikak ezarri zirela. Alabaina, errealitatea tematia da, eta parekidetasuna urrun dago oraindik. Zerk egiten du kale, zure ustez?

Hasteko, ez dira gutxietsi behar egiten ari diren ahaleginak, asko baitira, eta batzuk, arrakastatsuak. Baina, ezer baino lehen, gogoeta sakonago bat falta da jakiteko zer politika behar ditugun. Ebidentzia falta dugu. Ikerketa kualitatibo dezente egin da inguru anglosaxoian, baina askoz ere gutxiago latinoan, hispaniarrean, baita euskaldunean ere. Hortaz, ez dugu informazio nahikorik ondo ulertzeko zer gertatzen den.

Bestalde, esperientzia eraginkorrak aitortzeaz eta balioa emateaz gain, sarean jarri behar dira, elkarren berri izateko. Inoiz ez da zerotik hasi behar, inoiz ez. Gauzak gertatzen ari diren inguruneei begiratu zaie, galdetzeko, eztabaidatzeko, saretzeko, eraikitzeko, esperientzietatik abiatuta.

Hortaz, lehenik, arazoak ditugu ondo egiten ari diren gauzei ikusgarritasuna emateko eta antolatzeko. Bigarrenik, oro har, jarraitzen dugu pentsatzen neskak erakarri behar direla bokazioetan; emakumeak, karrera profesionaletara; bereziki, arlo teknologikoetara. Eta ez gara konturatzen: erakartzen baduzu baina ez baduzu atxikitzen, eusten eta aurrera bultzatzen, zer ari gara lortzen? Begirada sistemikoa behar dugu. 

Nesketan bokazioak sortzera bideratzen ari gara ahalegin handienak, STEM arloan. Baina, nire iritziz, STEM ez da kontzeptu zuzena, neskak bai baitaude zientzietan. Are gehiago, nagusi dira bio- aurrizkia duten diziplinetan. Aldiz, zientzia gogorrez hitz egitean, ez da nahikoa "zatozte" esatea. Izan ere, gu, egoskor, ez gara horra joaten, ezta? Zergatik? Bada, beti direlako neskak oker daudenak; beti dira haiek zuzendu eta bideratu behar direnak; eta beti ikuspegi dikotomikotik.

Hain zuzen, zure hitzaldian azpimarratu duzu dikotomia hautsi behar dela.

Jakina! Zu neska gazte bat zara, Batxilergoan zaude, eta zein adarretatik jo aukeratu behar duzu. Oso ona zara matematikan, gustuko dituzu ordenagailuak, baina maite duzu dantza ere, jendearekin zerikusia duen guztia... Eta esaten dizute aukeratu behar duzula, eta aukeratzeko, gainera, gutxien gustatzen zaizun hori, edo, behintzat, gehien gustatzen zaizunarekin loturarik ez duen hori. Nire ustez, garbi dago erakartzeko estrategia ere goitik behera aldatu behar dela. Fokua giza alderdian jarri behar da, inpaktu sozialean...

Mª Angeles Sallé Alonso, “Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu” nazioarteko biltzarraren sarrera-hitzaldia eskaintzen. Arg. Iñigo Ibañez

Halaber, marko bat eraiki behar da, non zuk ez baituzu hautatu beharrik izango. Hibridazio-arazo izugarria dugu: jarraitzen dugu pentsatzen "hemen teknologia, han humanitateak". Ez dugu emaitza nabarmenik lortuko, ez badugu hori aldatzen. 

Bide batez: irakurmenean neskak mutilak baino askoz ere hobeak dira, baina irakurmena ez da kontuan hartzen, ez zaio baliorik ematen. Eta, aldiz, nire ustez, oso garrantzitsua da, erakusten baitu, hasteko, zein den haien indargunea, eta, gero, aukera ematen du planteamendu narratiboagoak sortzeko; adibidez, helburuekiko ikuspegia sartzeko. Horrela, ez duzu hautatu behar etorkizun handia omen duenaren eta zure indargunearen artean.

Hori guztia, erakartzeari dagokionez. Eta gero, zer?

Gero ez, aldi berean. Aldi berean, tresnak eman behar dizkiezu datorren munduan moldatu ahal izateko. Zu tribuaren eta hormonen mundu horretan zaude, eta ez dizute berdintasunari buruzko formaziorik ematen jakiteko eta erabakitzeko zer egingo duzun bikotekidea duzunean; gai erabakigarria baita, bereziki, bikote heterosexual batean. Hor hutsune bat dago. 

Adin horietan, genero-ikuspegiko formazioak, sakonagoa izan behar du, eta praktikoagoa. Neskentzat eta mutilentzat, denentzat. Bizi-proiektuak eraiki eta kudeatu ahal izateko tresnak eman behar zaizkie: nola eskatu beka bat, nola negoziatu soldata edo lanpostua, nola jokatu ama izan nahi baduzu... Neskek ulertu behar dute aurkituko dituzten oztopoak ez direla zerbait pertsonala, egiturazkoak direla. Hori funtsezkoa da adin horietan.

Eta, horretaz guztiaz gain, pentsamendu konputazionalerako konpetentziak sortu behar dira eskoletan, neskentzat eta mutilentzat. Azken finean, lengoaia bat da, eta alfabetatzea eskatzen du. Hor ere ahaleginak egiten ari dira, baina azeleratu egin behar dira.

Eta orduan bai, hor dator zure galdera: zer gertatzen da neska hori unibertsitatera iristen denean? Ingeniaritza Informatikoa hautatu dutenengandik espero da hor egotea, ezer ukitu gabe; ez dadila ezer nabaritu.

Ez ditzatela bazterrak nahastu?

Hori da! Baina badaude unibertsitate batzuk —adibidez, Carnegie Mellon eta Harvey Mudd— erabaki zutenak inklusiboak izan nahi zutela, eta aldaketak egin zituzten: mentoria-programak sortu zituzten, karrerak eta inpaktu soziala lotzen zituzten kanpainak egiten hasi ziren, nesken arteko sareak sortu zituzten, didaktikak aldatu zituzten... Beraz, asko egin daiteke, ingurunea atseginagoa izan dadin neskentzat, bizigarriagoa eta erabilgarriagoa. 

Ez bada horretarako ezer egiten, neskek jarraituko dute uko egiten ikasketa horiei, eta aukeratzen dituztenek ere errazago utziko dituzte. Ezin dituzu eredutzat jarri superemakume horiek, dena aurka izanda ere arrakasta zientifiko-teknologikoa izatera iristen direnak. Izan ere, haiek salbuespena dira, eta gehiengoa ez gara horrelakoak.

Eta zer gertatzen da besteekin, karrera teknologikoak aukeratzen ez dituztenekin?

Hor emakumeak gehiengoa dira. Medikuntzan, esaterako, % 71 ziren iaz [Espainiako datua]. Eboluzioari begiratzen badiozu, are esanguratsuagoa da: duela urte batzuk, % 50 baino gutxiago ziren, eta igoera hau ez da gertatu soilik emakume gehiago sartu direlako, baizik eta mutilek uko egin diotelako. Izan ere, fenomeno hau gertatzen da: karrera feminizatuak are gehiago feminizatzen dira, eta, horrekin batera, prekarizatu eta gutxietsi egiten dira; eta maskulinizatuak, are gehiago maskulinizatu. 

Hortaz, emakumeek egiten dituzten zientziak aldarrikatu behar dira: zientzia sozialak, biozientziak... Egin kontu: terminologia bera ere oso adierazgarria da. Pertsonekin zerikusia duten zientzia guztiak zientzia bigunak dira, eta besteak, berriz, zientzia gogorrak. Hor gutxiespen argia dago, nahiz eta bigunak diren bizitzaz arduratzen direnak! 

Baina politikak ez dira hor dauden emakumeez arduratzen. Beti bideratzen dira neskak gutxiengoa diren espazio horietara, haien presentzia areagotzeko asmoz, eta ez da ezer egiten presente dauden espazioetan.

Alabaina, gaur egun, psikologoek, kazetariek, medikuek, genetikariek, antropologoek, soziologoek... denek behar dute teknologia. Beraz, teknologia injektatu behar da karrera horietan eta Lanbide Heziketan. Nola? Haien narratibetan eta lehentasunetan oinarrituta. Hor dena egiteko dago; eta gakoa da, hor baitaude orainaldiko emakume gazteak. Horrek ikuspegi globala izatea eta paradigma aldatzea eskatzen du.

Hurrengo pausoa lan-mundua da. Hor ere izango da zeregina...

Hor ere antzekoa gertatzen da: ez gara askorik egiten ari STEM ez diren arloetara joan diren emakumeentzat. Eta digitalizatzeko ahaleginak, ekoizpena sendotzeko planak, eraginkortasuna hobetzekoak, berrikuntza eta lehiakortasunekoak... horiek guztiak ez dira bideratzen emakumeak dauden arloetara. Izan ere, jarduera ekonomikoen eta sozialen arteko bereizketa dago: jarduera ekonomikoak gogorrak dira, eta sozialak, aldiz, bigunak. Horrenbestez, azken horiek ez dute teknologiarik. 

Dikotomiaren beste adibide bat da. Argi ikusten da enpresa txiki eta ertainei ematen zaizkien dirulaguntzetan: ia guztia jarduera gogorretara bideratzen da, gizonek zuzendutako jardueretara. Eta emakumeak nagusi diren jarduerek ehuneko txiki bat baino ez dute jasotzen. Ikusezinak dira.

Gehiago begiratzen zaie arlo gogorretara joan diren emakumeei, gutxiengoa diren horiei. Eta zer ikusten da? Bada, diskriminazioak jarraitu egiten duela. Bereziki larria da haurrak izatea erabakitzen dutenentzat. Izan ere, karrera profesionala ordutegi jakin bati lotuta dago, halabeharrez bezala.

New Yorkeko Unibertsitatean, ikerketa bat egin zuten jakiteko nola zeuden ikertzaileak ikerketa-ibilbidea hasi eta 12 urte geroago. Emakumeek erantzun zuten amatasunari uko egin behar izan ziotela, edo nahi baino haur gutxiago izan zituztela. Sistematikoa zen, eta da, erabateko bateraezintasuna baitago. Badirudi ezinezkoa dela ordutegiak eta egiteko moduak aldatzea. Egia da aurrerapauso handiak eman direla; adibidez, baimenak luzeagoak eta besterenezinak dira orain. Baina kultura ez da aldatu; hor daude oraindik erruduntasuna, era bateko edo besteko zigorrak...

Kultura horrek eragin handia du?

Atera kontuak: oraindik entzun behar izaten dut "aukera berberak eman zaizkie, eta, hala ere, utzi egin dute". Aukera berberak? Aizu! Zu hor zaude, egiturazko oztopo guztiei aurre eginez; eta, gainera, zure bikotekidea gizona bada, haren karrera babesten duzu —eta hark ez ditu zuk dituzun oztopoak!—; eta egiten dituzun aparteko lan guztiei ez zaie baliorik ematen. Izan ere, zentroetan badaude aparteko lan pila bat (etorri berriei harrera egitea, bekadunei laguntzea, giroa gozatzea...), nahitaez bezala emakumeek egiten dituztenak, baina ez dira aitortzen, ez ordaintzen, haiek gabe erakundeak eraitsi egingo liratekeen arren. Eta alde egiten baduzu, zu zara emandako aukerari uko egiten diozuna. Zergatik? Bada, fokua beti emakumeengan jartzen delako. 

Arg. Iñigo Ibañez

Ezin da fokua emakumeengan jarri beti, eta, are gutxiago, gure gabezietan bakarrik, horrek ez baitu inoiz funtzionatuko. Mezuak ere oso etsigarriak dira: arrakalei, sindromeei eta sabaiei buruz baino ez dugu hitz egiten. Eta beste gauza batzuk isildu egiten dira; adibidez, sexu-jazarpena.

Ikerketa dezente egin ditut Latinoamerikan, eta jazarpenaren ebidentzia ugari aurkitu ditut, baina horretaz ez da hitzik egiten. Isiltasun-lege bat dago horren gainean. Hortaz, ezinbestekoa da ingurune horiek aldatzea, emakumeek ere karrera egiteko aukera izan dezaten haietan, eta ez dezaten alde egin.

Eta guk ere jabetu behar dugu horretaz, eta ahaldundu, eta boteretu. Azken finean, gure gizartearen produktuak gara, baina, era berean, aldaketarako eragile gara; biak batera. Beraz, kontraesankorrak gara, eta kontziente egin behar dugu inkontzientea. Hau da: gauzak hobeto egin ahal izateko, jakin behar dugu zein den egoera, datuekin eta ebidentziekin. Izan ere, jende gehiena, señoro batzuk alde batera utzita, zentzuzkoa da. Baina, egitura barneratuta daukagun heinean, normaltzat hartzen ditugu egunero gertatzen diren hainbat gauza. Agerian jarriz gero, ordea, jendea gai da ulertzeko. 

Paradigma aldatzeaz ari gara, eta ezinezkoa da horrelako zerbait egitea hausnarketa sakon bat egin gabe. Eta ez soilik akademikoa, baizik eta akademia eta aktibismoa harremanetan jarriko dituen hausnarketa bat. Niri ez zait interesatzen ezagutza, ez dakit nor aldareetara igotzeko bada. Ezagutzak eraldaketarako balio behar du, eta, horretarako, ezagutza zientifikoak errealitate praktikoko gaiak busti eta zeharkatu behar ditu. 

Ezagutzak bi norabideetan ibili behar du: eremu akademikotik laboralera eta aktibistara, eta alderantziz. Hor ere dikotomia baitago. Fluxua eta hibridazioa ezinbestekoak dira, baina gaur egun gero eta polarizatuagoa dago mundua. 

Zein dira dikotomia eta polarizazio horren ondorioak?

Bada, ondorioak oso larriak dira, oso. Emakumeen talentua, subjektuari buruz pixkanaka eraiki duten ezagutza hori, etorkizuna eraikitzen ari den lekutik kanpo dago. Eta ez da soilik genero-berdintasunaren afera; horrek arrisku existentzial batera eraman gaitzake. Tartean, gauza asko daude: talentua galtzen dela, emakumeok sufritu egiten dugula... Baina galerarik handiena eta arriskutsuena beste bat da: mundu berri bat eraikitzen ari garela emakumerik gabe.

Begira nola dagoen mundua: gerrak hemen eta han; teknologiaren erraldoiak, handiagoa nork duen neurtzen eta espaziora nor lehenago iritsi lehiatzen... Non daude emakumeak? Ez gaude boterearen mapan, ez bada biktima- edo salbatzaile-rolean. Eta hori galera handia da pertsonalki, eta gizartearentzat.

Daukagun ezagutza teknologiko ikaragarrizko hau hibridatu ala ez, pertsonen beharretara bideratu ala ez, aukera handia ala arrisku existentziala izango dugu. Hori dago jokoan. Horrenbestez, paradigma aldatu behar dugu: teknologia naturaren mugak gainditzeko dela pentsatzetik, zaintzeko balio behar duela pentsatzera igaro behar dugu. Eta zaintzaren barruan sartzen da planeta zaintzea, eta ulertzea ezen, aurrerapenaren logikaz gain, eustearena ere badagoela, eta horixe dela, hain justu, garrantzitsuena gaur egun. Zaintzaren kultura behar dugu.