“Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea”
2017/12/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ainhoa González Pujana ez da kasualitatez iritsi EHUko NanoBioCel taldeko ikertzaile izatera. Aitortu duenez, beti izan du jakin-min handia, eta txikitatik interesatu izan zaio osasun-arloa. Azaldu duenez, "Kimika eta Biologia asko gustatzen zitzaizkidan; horregatik erabaki nuen Farmazia ikastea". Hasieratik baztertu zuen, ordea, farmazia-bulego batean lan egiteko aukera. Beraz, unibertsitatean ikasten ari zela, beste bide batzuk probatu zituen: "batetik, praktikak egin nituen ospitaleko farmazian, eta, bestetik, ikerketa egin nuen Teknologia Farmazeutikoa sailean. Eta azken honekin geratu nintzen".
Bide horretan jarraitzeko, karrera amaitutakoan, master bat egin zuzen, eta zuzenean, tesian sartu zen. Orain, tesiaren hirugarren urtea hasiko du. Dioenez, oso gustura dabil, asko gustatzen baitzaio egiten ari dena. Dena dela, onartzen du ez dela erraza: "Lan gogorra da. Batzuetan gauzak ez dira ateratzen pentsatzen genuen bezala, eta denbora asko ematen dugu gero emaitza arrazoitzen, esperimentu-plana moldatzen... Hala ere, animo handia ematen dit pentsatzeak nire formazioa aberasten ari dela".
Gogoa pizten dien gauzen artean dago atzerrian egonaldia egiteko aukera ere. Hain zuzen, datorren urtean sei hilabete emango ditu ikertzen Bostonen, Harvard Unibertsitatean. “Irrikatan nago teknikak ikasteko, han lana nola egiten duten ikusteko”.
Aurrera egiteko indarra
Gainera, duela gutxi ahozko komunikazio onenaren saria irabazi zuen CRS erakundeak antolatutako Ikertzaile Gazteen Lehenengo Biltzarrean, Espainiako eta Portugaleko tokiko atalean. Bada, irabazitako saria beka bat izan zen, Teknologia Farmazeutikoaren arloko kongresu esanguratsuenetako batera joateko, CRS 2017 Urteko Biltzarrera. Eta non izango biltzarra, eta Bostonen!
Pozik gogoratzen ditu biltzarreko egunak. “Nire arloan dabiltzan ikertzaile garrantzitsuenen lanak ezagutzeko aukera eman zidan. Oso interesgarria izan zen”.
Tesian ikertzen ari den alderdi bati buruzkoa zen aurkezpena; zehazki, zelulen mikroenkapsulazioan sortzen den arazo bati heldu zion: kontrolik eza zelulen portaeraren gainean.
Gonzálezek horrela azaldu du egiten duten ikerketa: “Zelulak hainbat faktore terapeutiko ekoizteko gai dira. Guk alginato-matrize batean enkapsulatzen ditugu, eta, hala, gorputzean inplantatuta, farmakoen askapen iraunkorra lortzen da”. Zelulak ekoizten duen farmakoa zein den, gaixotasun bat edo beste tratatzeko erabil daiteke teknika hori, adibidez, diabetea, parkinsona, minbizi batzuk…
NanoBioCel taldea oinarrizko ikerketa egiten ari den arren, dagoeneko badaude entsegu klinikoak teknika horretan oinarrituta, bai diabetea tratatzeko, bai parkinsona.
Bostongo egonaldiari ahalik eta zuku handiena atera ondoren, tesia aurkeztea espero du. Hortik aurrera, irekita dago gauzak probatzera, baina gustatuko litzaioke farmazia-industrian ikertzen jarraitzea.
Argi du, ordea, horrek ahalegin handia eskatzen duela, eta iruditzen zaio, oro har, jendeak ezjakintasun handia duela egiten duten lanaren inguruan: “Horregatik, ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea. Dibulgazioa behar-beharrezkoa da gizarteak gure lana baloratzeko, eta azken finean, zientzia gehiago sustatzeko”.
Ainhoa González Pujana Gasteizen jaio zen,1991an. EHUn Farmazian lizentziatu ondoren (2014), Farmakologia eta Medikamenduen Garapena Masterra ikasi zuen. Jarraian, Ciber-BBN-ek ikerketa-iniziazio beka bat eskaini zion, EHUko NanoBioCel taldean lan egiteko. Hortik aurrera, elkartearen kide izan da, gaurdaino. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren beka jasota, zelulen mikroenkaptsulazioan tesia hasi zuen, talde berean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia