}

ZIENTZIA ITSU: Ezinduak zientzietan gaituz

2021/09/01 Oier Lakuntza Irigoien - Kimika Kuantikoko ikertzailea. Ikusmena galdua eta entzumena urritua ditu Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientziaren inguruko oinarri batzuek gaur egungo errealitatea ulertzen lagundu diezagukete. Sarritan, ordea, ezagutza horiek ezinduen kolektibotik urrun gelditzen dira. Haien zailtasun gehigarriak eragozpen handia dira ezagutza horietara iristeko. Ondorioz, asko zailtzen zaie gizarte mailan hartzen diren hainbat erabaki ulertzea, eta asko baldintzatzen da haien presentzia lan-munduan. Zientziaren dibulgazioak lagundu dezake arrakala hori gainditzen.
ezinduak-zientzietan-gaituz
Arg. Jurgenfr/Shutterstock

Sarritan hitz egin izan da gizabanako guztion hezkuntza nahiz osasunerako eskubideaz. Zientziarako eskubidea ere testuinguru horretan ulertu behar da, aurreko biei oso loturik baitago. Arraza, jatorria, generoa edo osasun-egoera edozein delarik ere, guztiok dugu ezagutza zientifikorako eskubidea, gure ingurua hobeto ulertzeko aukera emango baitigu horrek.

Zentzumenak ikerketarako

Natura-zientziak eta, oro har, zientzia esperimentalak behaketari oso lotuak egon dira betidanik. Gure inguruko fenomenoak azaldu eta arrazoitzea helburu, ezinbestekoa da fenomeno horiei ongi behatu eta egin beharreko neurketak tentuz egitea. Ildo horretan, antzinako zientzialariek behatzaile onak ere izan behar zuten. Hala, garai batean, ezintasunen bat zuten pertsonentzat ia ezinezkoa zen zientzialari izatea.

Dena den, zientziak aurrera egin duen heinean, ezintasunak dituzten ikertzaileak ere azaldu dira. Bestela, nork ez du ezagutzen Stephen Hawking? Haren gaixotasuna garatzen hasi zenerako zientzian sartua bazegoen ere, gaitzak ez zion galarazi ikerketaren munduan aurrera egitea.

Zientzian, sarritan, gure esperientziatik harago dauden baldintza eta aztergaiak izaten dira ikergai. Horrenbestez, zentzumen baten galerak ez du zertan eragozpen gaindiezina izan. Kimikan, adibidez, atomo eta molekulak dira aztertzen diren fenomeno gehienen ardatz. Halakorik, ordea, ez du sekula ikusi inolako ikusmen-arazorik ez duen inork ere! Laborategiko tresnerien bitartez egindako neurketetatik ondorioztatutako irudikapenak baino ez ditugu, eta itsu batek eskuekin ukitu eta manipula ditzakeen eredu molekularren, erliebean egindako diagramen edo eredu matematikoen bidez adieraz litezke horiek.

Era berean, Einsteinen erlatibitatearen teoriak iragartzen duen kontzeptua da argiaren abiaduratik gertu denboraren dilatazioa gertatzen dela. Hori, ordea, gure esperientziatik harago doan fenomenoa da, gu ez baikara inoiz abiadura horietan mugituko. Bada, baliteke errealitatea ulertzeko ikusi beharrik ez duen pertsona itsu batek gainerakoek baino erraztasun handiagoa izatea denboraren koordenatua bere errealitatearen irudikapenean txertatzeko.

Errealitatea zentzumenetatik harago

Azken batean, gure zentzumenek errealitatearen hurbilketa bat baino ez digute ematen. Errealitatea hurbilketa horretatik harago doan heinean, zentzumenetatik jasotzen dugun informazioa aztergaiak ulertzeko oztopo izatera ere irits daiteke. Hala, ikusmen-arazorik ez duen pertsona batek molekula baten banaketa espaziala ulertzeko zailtasunak izan ditzake, eta, aldiz, baliteke ikusmenak eragiten dituen nahasmenetatik libre dagoen itsu batek hobeto eraikitzea errealitate horren irudi mentala eta hobeto ulertzea haren barne-erlazioak. Kasu horretan, posible da ustez zientzietan lan egiteko arazoak izan behar zituzkeenak gainerakoek baino erraztasun handiagoa izatea fenomeno bat azaltzeko.

Hori esanda, zientziaren lan- eta ikerketa-munduan egiten diren egokitzapenak, zientziarako eskubidea bermatzeko lagungarriak izateaz gain, onura-iturri ere izan daitezke gerora. Edonola ere, zientziaren ikerketa- eta lan-mundura iritsi aurretik, ezinbestekoa da ezinduei zientziarekiko jakin-mina ere piztea. Azken batean, jakin-min hori izango da agertuko zaizkion zailtasun eta eragozpen guztiak gainditzeko gogoa piztuko diona. Zalantzarik gabe, zientziaren dibulgazioak zeregin garrantzitsua jokatzen du esparru horretan. Beraz, beharrezkoa da egiten diren dibulgazio-lanek aintzat har ditzaten itsu, gor, elbarri diren edo bestelako ezintasunen bat duten lagunak. Halaber, oso lagungarria litzateke ezinduen elkarteen jardueretan zientzia dibulgatzeko saioak ere txertatzea, eta kolektibo horri zientziara hurbiltzeko aukera eskaintzea, zientzia beren eskura ez dagoelako irudipena gainditzen lagunduko bailieke.