}

Eztabaidaren alde

2013/10/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aurreko asteko zutabean, azterketa genetikoei buruz aritu zen Izortze Santin ikertzailea. Zehazki, bularreko minbiziarekin erlazionatutako geneez idatzi zuen. Gene horiek ezagutzeak diagnostikoan eta tratamenduan duen garrantzia azaldu zuen, eta medikuntza pertsonalizatuak eskaintzen dituen onurak aipatu. Amaieran, kezka bat ere agertu zuen ordea; medikuntza pertsonalizatua gutxi batzuen eskutan bakarrik egoteko arriskua dagoela, hain zuzen.

Izan ere, beste esparruetan gertatzen den bezalaxe, zientzian gauza gutxi dira erabat zuri edo guztiz beltz, are gutxiago erabilerak edo aplikazioak. Energian, bioteknologian, astronomian, informatikan, neurologian, robotikan, farmakologian, klimatologian…  arlo guztietan pizten dira eztabaidak,  eta genetika ez da salbuespena. Are gehiago, eztabaidagai gehien sortu edo gizarteratzen dituen arloetako bat dela ere ematen du, komunikabideetan hartzen duen lekua aintzat hartuta.

Esate baterako, egun hauetan dezenteko zalaparta eragin du Estatu Batuetan aurkeztu berri duten patente batek: konpainia batek ernalketa-metodo bat patentatu du, aukera ematen diena gurasoei nahi dituzten ezaugarri fisikoen jabe izango diren seme-alabak sortzeko.

Gure espezieak dituen 23 kromosoma-pareei aipamena eginaz, 23andMe izena du konpainiak, eta haren asmoa guraso izan nahi dutenei haur “aproposak” izaten laguntzea da. Gaur egun, umetokian ezarri aurretiko diagnostiko genetikoa egiten da, gaixotasunen bat herentziaz transmititzeko arriskua dagoen kasuetan. Enbrioiak 6-8 zelula baino ez dituenean egiten zaio azterketa genetikoa, gaitzaren eramaile ez dela bermatzeko.

23andMek eskaintzen duen metodoa hori baino askoz zabalagoa da. Konpainiakoek adierazi dutenez, pertsona bati “genetikoki egokia” zaion bikotekidea hautatzen lagun diezaiokete, edo bikote bati, gaixotasun jakin batzuk izateko berez arrisku txikia duen haur osasuntsua izaten. Baina hori baino urrunago ere badoaz: haien helburua “diseinuzko haurrak” sortzea ez dela dioten arren, gurasoek haurraren ilearen edo begiaren kolorea ezagutu ahalko dutela adierazi dute. “Dibertigarria” izan omen daiteke.

Aurka daudenei ez zaie batere dibertigarria iruditzen, ordea. Beldur dira, metodoa erabiliz, haur ederrena eta argiena izateko lehia sortuko dela, eta jaiotzatik arrakastatsuen eta baztertuen arteko tartea handituko dela. Nolanahi ere, eztabaidaren harira, Stanford Unibertsitateko aditu batek, Jacob Sherkowek, ernalkuntza artifiziala hasieran arbuiagarritzat jotzen zela eta gaur egun “ohikoa eta aspergarria” bihurtu dela gogorarazi du The Wall Street Journal egunkarian.

Alegia, fokua zabalduz gero, eztabaida ez dela hain berria. Baina aspaldikoa izateak ez du esan nahi adostasuna lortu denik. Horren erakusgarri da Nature zientzia-aldizkariak plazaratutako inkesta: azterketa genetikoetan tabutzat jotzen diren lau gai sailkatu dituzte, tabuaren indarraren arabera, eta jendeari iritzia emateko eskatu diote. Hauek dira gaiak: arraza, adimena, bortizkeria eta sexualitatea. “Ikertzaileek uko egin beharko liokete gai horiek ikertzeari?”, galdetu dute. Nature-koen esanean, erabilerarekin kezkatuta bagaude, “marra gorriak” ezarri behar ditugu, eta eztabaida publiko irekia sortu, erabilera arduratsua bermatzeko. Eskertuko genuke eztabaida beste arlo eta lekuetara hedatzea.


Berrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia