Eztanda ez hain beroak
1996/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Adituek esan ohi digute sumendiak noiz diren arriskutsu eta noiz dauden barealdian. Aurrerantzean, bai aditu eta aditu ez garenok orain baino errespetu gehiagoz begiratu beharko diegu sumendiei. Lehenengo aldiz magmarekin laborategiko probak egin dituzte eta emaitzak zur eta lur utzi ditu zientzilariak.
Sumendi batzuk erupzio gogorrak izaten dituzte eta beste batzuk berriz, goxo-goxo orroeka irauten dute denbora luzez. Laborategiko eztanda bortitza izan zen eta haitz puska mila zatitan banatu zen. Horraino ezer berezirik ez. Berezia eztandaren baldintza izan zen: presioa kolpera jaitsi eta eztanda gelako tenperaturan gertatu zen. Magmak eztanda egiteko tenperatura oso altuak behar zituela uste zuten adituek, baina ikusi denaren arabera, tenperaturak ez du aparteko eraginik.
Magmak eztanda egiteko beharrezko baldintza bakarra silikato asko edukitzea da eta plaka ozeanikoa kontinentalaren azpian sartzen deneko gunetan silikato asko dago.
Ustekabean harrapatu dituen gertaerari ez diote azalpenik aurkitu adituek baina, laster argitzeko bidean direla adierazi dute. Hotz ala bero, badaezpada sumendi guztietaz mesfidatu beharko dugu oraingoz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia