Ezustekoetan lagun
1995/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zure aurpegia ezaguna egiten zait, baina ez naiz zutaz oroitzen... esaldia makina bat aldiz entzun eta erabili behar izan dugun leloa da, memoria-ahalmena eskaxegia gertatzen zaigula aitortzeko beldurrez. Arazoa ez da berria. Bai ordea Tokyoko Casio Computer konpainiak aurki eskainiko duen irtenbidea. Enpresak aurrikusitako epeak betetzekotan, urtea amaitu baino lehen merkatuan izango da aurpegiak eta izenak erlazionatuz gure memoria-ahalmena erraz gaindituko duen sistema berria.
Ordenadore eramangarrien itxura izango du eta erabilterraza izango dela agindu dute. Funtzionamendurako aukeratu duten eredua aurpegiaren ezaugarriak sailkatzean datza. Pertsona bakoitzaren irudia gordetzeak, izan ere, ikaragarrizko memoria-gaitasuna eskatzen du. Aurkitu nahi den pertsonaren izena bila dezan, aurpegiaren ezaugarri nagusiak azaldu beharko dizkiogu: ile horia, begi urdin, etab. Datuak sartu orduko pantailan azalduko da aurpegi horri dagokion izena. Kale-erdian lotsagarri ez geratzeko sistema aparta. Oztopo bakarra, jakina, bere prezioa da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia