}

Familia bat landare erraldoiarentzat

2007/01/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Taxonomistek urrats garrantzitsu bat egin dute landareen sailkapenean: lore erraldoiak dituen landare bat sailkatzea lortu dute, landarea aurkitu eta berrehun urtera.

Izen zientifikoa bazuen landareak, Rafflesia arnoldii, eta ez da lore erraldoiak dituen landare bakarra. Hala eta guztiz ere, biologoek ez zekiten zein familiatan sailkatu behar zuten, hau da, zein beste landare diren gertuko espezieak eboluzioan.

Hori jakiteko erabiltzen diren metodoek ez dute balio izan. Alde batetik, ezin izan dute ohiko azterketa morfologikoa egin, landareak ez duelako ez zurtoinik ez hostorik. Ez du halakorik landarea bizkarroia delako eta onddo mikroskopikoen bitartez elikatzen delako. Beste alde batetik, espezieak sailkatzeko erabiltzen DNA-azterketak ere ez dute emaitza onik eman. Normalean, kloroplastoetako DNA erabiltzen da landareak sailkatzeko, baina, bizkarroia izanda, gene horiek galdu egin ditu.

Azkenean, mitokondrioetako DNA erabili behar izan dute biologoek landarea sailkatzeko. Lan handia izan da, beste landare askoren mitokondrioetako DNA aztertu behar izan dutelako espezieak konparatu ahal izateko; guztira ehun espezietik gora aztertu behar izan dituzte.
Emaitza harrigarria izan da: Euphorbiaceae familiakoa da Rafflesia arnoldii, 6.000 espezie inguru dituen lore txikiko landare-familia batekoa. Emaitza horrek galdera asko ekarri ditu. Batez ere, biologoek jakin nahi dute noiz eta nola garatu zen landare erraldoien adar ebolutiboa. Haien ustez, azken 46 milioi urteetako kontua izan behar du; baina landare horien fosilik aurkitu ez dutenez, ezin dute jakin noiz gertatu zen, ezta garapen azkarra edo mantsoa izan zuen ere.

Argazkian, zazpi kiloko lore bat, loratu berria. Argazkilaria: Jeremy Holden