Farmakoen entsegu klinikoak eztabaidagai
2006/07/01 Orive Arroyo, Gorka - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz Iturria: Elhuyar aldizkaria
Medikamentuak onartzeko bete behar diren eskakizunak oso zehatzak dira. Eraginkortasuna frogatzeaz gain, ezinbestekoa da medikamentuen segurtasuna ziurtatzea. Horretarako, Espainian 2004ko errege-dekretu batek erregulatzen ditu medikamentuen entsegu klinikoak. Entseguen funtzionamendua kontrolatzeko 135 etika-batzorde daude eta horiek aztertu eta onartzen dute medikamentuak balioztatzeko egindako proposamenetako bakoitza.
Bestalde, medikamentu bat guztiz onartzeko eta, beraz, kaleratzeko, hainbat ikerketa egin behar dira. Ikerketa horiek, gainera, hainbat fasetan banatzen dira, besteak beste: klinika aurreko fasea; I. II. eta III. faseak, eta, azkenik, IV. faseko entseguak. Fase bakoitzak bere helburuak ditu, eta bakoitzean aldagai jakin batzuk balioztatzen eta aztertzen dira. Ibilbide luze horretan, medikamentuak fase bat gainditu behar du hurrengoan sartzeko, eta III. faseko emaitzak seguruak eta eraginkorrak direnean soil-soilik merkaturatzen da.
Farmazialari gisa azpimarra dezaket fase guztietan arreta handiz egiten dela lan. Lehenengo fasean, gainera, funtsezkoa da ardura horiek hartzea, orduan gertatzen baita farmakoaren eta pertsonaren arteko lehenengo kontaktua. Adibidez, boluntario osasuntsuen talde txiki bat hartzen da, oso dosi txikietan erabiltzen da farmakoa, eta beharrezkoa da gaixoei jakinaraztea zein diren balizko efektu eta arriskuak. Orduan, nondik dator entsegu klinikoen inguruan sortu den polemika?
Datuak argitaratzea 'ahaztu'
Nire ustez, lehenengo alarma The Lancet, Science eta besteak beste Nature aldizkari zientifikoek kaleratutako berrien ondorioz piztu da. Izan ere, berri horien arabera, entsegu klinikoen atzean dauden farmazia-enpresek prestatutako artikulu zientifikoetan, ez dituzte beti emaitza guztiak deskribatzen. Ironia pixka batekin esango genuke datu positiboak bakarrik izaten dituztela kontuan, eta hain positiboak ez direnak 'ahaztu' egiten zaizkiela batzuetan. Politikariei buruz ariko bagina, agian ez litzaiguke hain harrigarria irudituko jokamolde hori, baina etorkizun batean hartuko ditugun medikamentuei buruz ari gara.
Horrelako jokamoldeen aurrean, aldizkari zientifikoen lana oso zaila bihurtzen da. Izan ere, aldizkariek aztertzen dituzten lanak oso onak dira eta oso ondo eginak daude askotan. Nola jakin informazio guztia hor dagoen ala ez? Bestalde, merkaturatu ondoren arazoak eman dituelako medikamenturen bat merkatutik kentzen bada, aldizkariek ere jasaten dituzte ondorioak. Horrelako kasuek zalantzan jartzen dute aldizkarien kalitatea, profesionaltasuna eta prestigioa.
Datuak 'ahaztearen' jokamoldea baieztatzen duten adibide asko daude. Esate baterako, depresioen aurkako Paxil medikamentua (paroxetina farmakoa) asko erabili izan da gazteen depresioak tratatzeko. Baina 2004ean salaketak izan ziren medikamentuaren kontra eta gaur egun badakigu medikamentu hori ezin zaiela gazteei eman, asko handitzen duelako suizidio-arriskua. Hala ere, medikamentuaren jabea den GlaxoSmithKline enpresak beti defendatu du (eta oraindik ere egiten du) horiek funtsik gabeko salaketak direla, nahiz eta, badaezpada, 2,5 milioi dolar ordaindu zizkien biktimei, arazo gehiago ez izateko.
Beste adibide ezagun bat Celebrex medikamentua da (Celecoxib farmakoa). Medikamentua garatu zutenek oso itxura oneko datuak argitaratu zituzten mediku amerikarren elkartearen aldizkarian (JAMA); besteak beste, medikamentuak ultzerak sortzeko arrisku txikia zuela esan zuten. Hilabete batzuk geroago, ordea, zenbait zientzialarik jakin zuten JAMA aldizkarian argitaratutako emaitzak 6 hilabetez bildutako datuei zegozkiela, eta, urtebeteko datuak kontuan hartuz gero, ultzerak sortzeko arriskua beste zenbait medikamentuenaren antzekoa zela. Hau da, agerian geratu zen lanaren egileek laburtu egin zutela entseguen iraupena, emaitza hobeak lortu nahian.
Adibide horiek argi uzten dute entsegu klinikoak argitaratzeko orduan presioak izaten direla emaitza positiboak nola edo hala nabarmentzeko. Ez pentsa, hala ere, entsegu kliniko guztien emaitzak beti aurkituko ditugunik aldizkari zientifikoetan. Izan ere, 2002an 1984az geroztik hasitako entsegu klinikoen % 40 bakarrik zegoen publikatuta. Eta, esan bezala, horietako askotan ez ziren datu guztiak ageri. 2004an, hain zuzen, 122 entsegu kliniko aztertu ondoren, talde daniar batek frogatu zuen ikertzaileek entseguetan neurtutako datu guztien % 50 baino gutxiago publikatu zituztela. Mamian sartuta, argi gelditzen zen, gainera, artikuluen egileek sendotasun gutxiko datuak alde batera uzteko joera handia zutela.
2003an kaleratuko beste ikerketa baten emaitzak ere adierazgarriak dira. Kasu honetan, 370 entsegu kliniko aztertu zituzten; ondorioa hauxe izan zen: entseguei buruz egileek aurkeztutako konklusioetan eragin handiena zuen aldagaia babesle-mota zen. Hau da, aurkitu zuten farmazia-enpresek finantzatutako entseguek konklusio positiboak izateko probabilitate handiagoa zutela.
Horra hor agerian diruaren itzala, berriz ere. Itzal luzea, inondik inora. Izan ere, kontuan hartu behar da entsegu klinikoen arduradunak zientzialariak izateaz gain, farmazia enpesa horietako langile ere badirela. Enpresak ordaintzen diela soldata eta 'trukean' emaitza positiboak izateko presio handia sentitzen dute. Argitaratzaileei ere egiten diete presio farmazia-enpresek, ikerketa argitaratu ondoren artikuluaren kopia edo "reprint" asko erosiko dituztela esanez. Adierazpen horiek izugarrizko eragina izan dezakete argitaratzaileen erabakietan; izan ere, kopia horiek dira aldizkari askoren diru-sarrera nagusia.
Edonola ere, txantaje ekonomiko horiek oso gutxitan gertatzen dira ospe handiko aldizkarietan, alde zientifikoa eta ekonomikoa oso ondo bereizita izaten baitituzte. Are gehiago, zenbait aldizkarik, The Lancet -ek kasurako, entsegu klinikoaren protokolo osoa eskatzen dute artikulu zientifikoarekin batera. Era horretan, argitaratzaileek artikuluan aipatutako datuak eta konklusioak hasierako helburuekin eta neurtutako parametro guztiekin konpara ditzakete.
Segurtasuna zalantzan
Artikulu zientifikoen inguruko eztabaidak ez ezik, bigarren faktore batek ere eragin du entsegu klinikoen inguruko kezka gizartean: zenbait entsegutan gertatutako albo-ondorio larriek. Lehenengo kasu aipagarria Aricept medikamentuaren (donazepilo farmakoa) ingurukoa da. Botika hori 2006an sartu zen entsegu klinikoen III. fasean; helburua zen Alzheimerren gaixotasun baskularraren aurka zuen eraginkortasuna eta segurtasuna ebaluatzea. Zoritxarrez, 11 pertsona hil ziren Aricept medikamentua hartzen ari zen taldean. Kontrol-taldean, aldiz, batere ez. Emaitzak zehatz-mehatz aztertu behar dira oraindik, baina oso aipagarria eta adierazgarria da bi taldeen arteko diferentzia hori.
Heriotzarik ez, baina ondorio larriak izan dituen beste entsegu kliniko bat Londresen egin zuten. Kasu hartan, I. fasean zeuden, eta TGN 1412 farmako berria 8 boluntariorekin probatu zuten. Haietatik 2k plazeboa hartu zuten eta beste 6k farmako berria. Bada, farmakoa hartu bezain laster, 6 boluntarioek erreakzio bortitz bat jasan zuten: mina, arnasa hartzeko arazoak eta hantura. Adituen ustez, boluntarioek erreakzio anafilaptiko izugarri bat izan zuten, farmakoak gehiegi aktibatu zuelako haien erantzun immunitarioa. Okerrena ez da hori, ordea; izan ere, alergien aurkako test sinple batekin ondorio latz haiek guztiak saihets zitezkeen, zenbaiten ustez.
Neurriak beharrezko
Horrelako gertakariek alarma pizten dute, eta beharrezkoa da neurriak hartzea. Azken boladan izandako arazo larri horiek oso kontuan hartu beharko dituzte entsegu klinikoen arduradunek, azterketa-batzordeek eta batzorde etikoek. Ezin da inolaz ere onartu entseguen arduradunek emaitza guztiak ez deskribatzea artikuluetan, eta are gutxiago onar daiteke zenbait farmakoren entseguek duten segurtasun-maila eskasa. Agian, pertsonekin probatu baino lehen, beharrezkoa izan beharko luke animaliekin azterketa gehiago egitea.
Bestalde, entsegu klinikoen protokoloek eta neurtzen diren aldagai guztiek publikoak izan beharko lukete, publikatutako datuekin konparaketa egokiak ezarri ahal izateko aurrerago. Argi dago medikamentuak garatzea eta merkaturatzea negozio biribila dela farmazia-enpresentzat, baina guztion ardura da negozio hori, seguruaz gain, legezkoa eta gardena izatea.