}

Farmazia-industriarentzat botika

2002/06/21 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Farmazia-industriarentzat oso baliagarria izan daitekeen ikerketa baten berri eman du gaur Science aldizkariak, gure eskuak bezala, ispilu-irudiak diren molekulak bereizteko gai den filtroa garatu baitute, Gainesville-n dagoen Floridako Unibertsitatean.

Botikak sintetizatzen direnean, oso ohikoa da erreakzio kimikoaren emaitza molekula-nahaste bat izatea. Molekula horiek osagai berberak dituzte, baina ez dira berdin antolatuta egoten. Molekula horiek eskuak balira, bata eskuineko eskua izango litzateke eta bestea ezkerrekoa. Biek dauzkate osagai berak, biek dauzkate bost behatz, baina ez dira berdin-berdinak, ezin baitira gainezarri; hau da, ispilu-irudiak dira. Kimikan molekula horiei enantiomero deritze, eta, esan bezala, oso normala da erreakzio kimikoen emaitzak enantiomeroen nahastea izatea. Enantiomeroek, ispilu-irudiak izateaz gain, propietate desberdinak izaten dituzte.

Farmazia-industrian, propietate terapeutikoak dituzten molekula askorekin gertatzen da hori. Adibidez, 60ko hamarkadan hainbeste kalte sortu zuen talidomida mota horretako molekula bat zen. Haurdunaldiaren hasierako goragaleak tratatzeko hartu zuen emakume askok, eta malformazio larriak eragin zituen milaka fetutan. Merkatutik erretiratu eta azterketak egin zirenean, enantiomero bat haurdunaldiaren hasierako goragalea tratatzeko eraginkorra zela baina besteak malformazioak sortzen zituela ikusi zuten.

Botika gehienetan, enantiomero bat eraginkorra izaten da eta bestea ez, baina aurrekoa bezalako gertaera larriak eragozteko, kasu batzuetan oso garrantzitsua da nahasteak bereiztea. Oso zaila ere bai, ordea.

Antigorputzezko filtroa

Floridako Unibertsitateko ikertzaileek prestatutako filtroak antigorputzak erabiltzen ditu enantiomeroak bereizteko. Sistema immunologikoak molekula jakin batzuei eta ez besteei lotzeko diseinatzen ditu antigorputzak eta, beraz, oso aproposak dira bereizketa zailak egiteko. Kasu honetan, bularreko minbizia tratatzeko botika baten enantiomeroak bereizteko erabili dute filtroa. Filtroa zulatutako aluminio oxidozko geruza bat da. Zuloak erleen abarasketako gelaxka txikiak bezalakoak dira, eta antigorputzak gelaxka horien paretei lotuta daude.

Laborategian egindako probetan, aipatutako botikaren RS formak inolako arazorik gabe zeharkatu du filtroa, baina SR forma, berriz, poroetan harrapatuta gelditu da. Floridako Unibertsitateko ikertzaileek uste dute beste botikentzako ere horrelako filtroak presta daitezkeela. Horretarako, nahikoa izango da antigorputzei ‘pintza’ egokiak txertatzea, hau da, bereizi nahi diren molekuletako bati lotuko zaizkion taldeak.

Informazio gehiago:
Nature

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia