}

Felix Bastida Corcuera: "Trikomoniasia ez da oso ezaguna, baina oso hedatua dago"

2008/04/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan ibili ondoren, Vacunek S.L. enpresan ari da lanean gaur egun Felix Bastida ikertzailea. Vacunek enpresa bioteknologiko berria Neiker-Tecnaliaren spin off bat da, eta animalien osasunean aplika litezkeen biozientzien alorrean egiten du lan; ganaduen gaixotasunak diagnostikatzeko, prebenitzeko eta horientzako terapia berriak aurkitzeko zenbait produktu garatzen dituzte, besteak beste.
Vacunek S.L. bioteknologia-enpresako zuzendaria
Felix Bastida Corcuera: "Trikomoniasia ez da oso ezaguna, baina oso hedatua dago"
2008/04/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: I. Kortabitarte)
Zein izan da zure ikerketa-ibilbidea azken urteotan?

Zaragozako Unibertsitatean Albaitaritza, Medikuntza eta Osasuna ikasi ostean, AEBko Cornell Unibertsitateko Albaitaritza Eskolara joan nintzen doktorego-ikasketak egitera; besteak beste, Staphylococcus aureus bakterioak sortutako behien errape-mina ikertzen aritu nintzen. Behien errapetan hainbat arazo sortzen dituen bakterioa da, eta horiek sendatzeko txerto bat garatu nahian ibili nintzen. Ondoren, behien gaixotasun infekziosoen ikerketarekin jarraituz, doktorego-ondoko ikastaro bat egin nuen San Diegoko Kalifornia Unibertsitateko (UCSD) Medikuntza Eskolan. Behi-immunoglobulinaren bi alotipo (IgG2) aztertu nituen bereziki, eta bi horietako batek behiak gaixotasun infekzioso horietatik babesten zituen edo ez ikertu nuen. Halaber, Tritrichomonas foetus sexu bidez transmititutako behi-patogenoa ikertzen aritu nintzen. Bada giza patogeno antzeko bat: Trichomonas vaginalis . Hain justu, patogeno horren patogenesia eta biologia molekularra ikertzen aritu naiz azken sei urteotan Los Angelesko Kalifornia Unibertsitatean (UCLA).

Duela urtebete, gutxi gorabehera, Science aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu zuten Trichomonas vaginalis patogenoaren genomaren sekuentziazioa ezagutzera ematen zuen lana. Lan hura Los Angelesko Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile-taldearekin elkarlanean egin nuen.

Zer gaixotasun mota sortzen ditu parasito horrek?

Trichomonas vaginalis sexu bidez transmititzen den infekzio bat da, eta gizakiei soilik eragiten die. Trikomoniasia ez da oso ezaguna, baina oso hedatua dago; gutxi gorabehera, 270 milioi gizaki daude infektatuta. Dena den, oraindik ere ez da behar bezala tratatzen, ezta ikertzen ere, ez baitu zuzen-zuzenean inor hiltzen. Baginitisa sortzen du emakumeetan, eta, maiz, sintomarik gabeko gaixotasunaren eramailea izaten da gizonezkoa; alegia, infekzioa hedatzen laguntzen duen eramailea. Izan ere, askotan gertatzen da medikuek emakumezkoa tratatzen dutela eta gizonezkoa, ordea, ez, sintomarik ez dutelako atzematen. Ondorioz, emakumeak berriro ere infektatzeko arriskua du, ez baita ahaztu behar sexu bidez transmititzen den gaixotasuna dela.

Horren harira, badirudi emakumeetan gaixotasun horren kasu gehiago gertatzen direla gizonezkoetan baino. Dena den, nik uste arazoa, neurri batean, gaixotasunaren diagnostikoan datzala. Izan ere, emakumeen baginatik lagin bat hartzea lan erraza da; gizonezkoen gernu-lagina hartzea, ordea, ez da nahikoa parasitoa detektatzeko.

(Argazkia: I. Kortabitarte)

Trichomonas vaginalis patogenoaren jarduera metatzen duen energiaren araberakoa da. Energia parasitoaren beraren organo batean metatzen da, hidrogenosoman (gure zeluletako mitokondrioaren antzekoa da). Gaixotasunari aurre egiteko tratamenduak nolabait energia hori ezabatzera bideratuta daude, baina ez dira erabat eraginkorrak oraindik. Horixe da erronka.

Orain dela urte batzuk arte uste zuten gaixotasun horren ondorio bakarrak organo genitaletako hantura, usain txarra, narritadura eta azkura zirela, eta Metronidazol antibiotikoarekin sendatzen zela. Orain baieztatu dute, ordea, horren antzeko parasito batek ( Tritrichomonas foetus ) antzutasuna eta enbrioien heriotza sortzen dituela behietan. Gizakietan ez da hori guztiz baieztatu, baina adituek uste dute antzutasunaren iturburu nabarmena izan daitekeela. Zalantzarik gabe, horrek ikerketarako grina areagotu du. Gainera, infekzio horrek hiesa izateko aukerak areagotzen dituela ere egiaztatu dute adituek.

Mikroorganismoa barru-barrutik arakatzea lortu duzue; alegia, haren genoma argitu duzue.

Parasitoak sortzen duen kaltea parasitoak baginako paretetan itsasteko duen gaitasunaren araberakoa da, eta hori zenbait proteinaren baitan dago. Proteina horietako batzuk identifikatu dituzte (AP65, AP51, AP33 eta AP23). Beraz, proteina horien sintesiaz arduratzen diren geneak identifikatzea ezinbestekoa izan liteke gaixotasunari aurre egiteko medioak aurkitzeko garaian. Antzeko zerbait esan liteke mikroorganismoaren energia-hornikuntzari dagokionez. Izan ere, hidrogenosomaren jardueraren oinarri genetikoak ulertzeko eta eraldatzeko aukera ematen du.

Horregatik, garrantzitsua da bakterio horren genoma ezagutzea, birulentzia-faktoreak zein diren jakiteko eta, hala, botika berriak aurkitu ahal izateko. Izan ere, zenbait ikerketaren arabera, mikroorganismo horrek gaur egungo terapiekiko erresistentzia erakusten duten zenbait mekanismo ditu.

Trichomonas vaginalis parasitoa (berdez) baginako zeluletara itsasten da.
(Argazkia: A. Pereira-Neves; M. Benchinol)
Zein dira patogeno horren genomaren oinarrizko ezaugarriak?

Trichomonas vaginalis patogenoaren genoma parasito zelulabakar eukarioto batean sekula aurkitu den genomarik handienetarikoa da. Genoma handia eta errepikakorra duela ikusi dugu. Genoma errepikakorrak sekuentziatzea lan nekeza da, algoritmo konputazionalek ez baitute ongi funtzionatzen hainbeste informaziorekin. Hala ere, gutxi gorabehera 26.000 gene sekuentziatzea lortu dugu. Horietako gehienen funtzioak identifikatu ditugu, baina beste asko argitu gabeko misterioak dira oraindik ere.

Estatu Batuetan hamazazpi urte egin ondoren, Euskal Herrira itzuli zara, behi-aziendaren alorreko ikerketekin jarraitzeko.

Hala da, bai. Euskal Herrian ikerketa zientifikoa mugitzen hasi zenean, Neiker-Tecnalia zentro teknologikoarekin jarri nintzen harremanetan. Izan ere, zentro teknologiko horrek oinarri teknologikoko enpresa bat sortzea erabaki zuen, ikertzaileen ezagutzaz baliatuz animalien osasunaren alorreko produktuak merkaturatzen saiatzeko. Hori dela eta itzuli nintzen Euskal Herrira, eta, ordutik, Vacunek enpresan dihardut zuzendari-lanetan.

Zein dira Vacunek-en ikerketa-lerro nagusiak?
Paratuberkulosi gaixotasuna maiz agertzen da behietan.
ARS/K. Weller

Bi ikerketa-lerro nagusi ditugu: paratuberkulosiaren aurkako txertoen ikerketa-lerroa eta animalietako gaixotasun infekziosoak diagnostikatzeko kiten garapenaz arduratzen den lerroa. Lehenengo ikerketa-lerroaren helburua da behi-aziendan erabil litezkeen paratuberkulosiaren aurkako txerto bereizgarriak eta eraginkorrak lortzea. Bigarren ikerketa-lerroan, berriz, gaixotasun infekzioso hori eta beste hainbat diagnostikatzeko kitak garatzen, ekoizten eta merkaturatzen dituzte. Kit horiek nagusiki PCR teknikan oinarritzen dira.

Gaur egun, paratuberkulosiaren aurkako txertoak lortzeko dihardut lanean gehienbat.

Zer da paratuberkulosia?

Behien, ardien eta ahuntzen --alegia, nagusiki hausnarkarien-- digestio-aparatuko gaixotasun kroniko bat da. Hala ere, oreinetan, untxietan edota bestelako animalietan ere ager liteke. Etengabeko beherakoa eragiten du, eta, maiz, tratamenduek ezin diote horri aurre egin. Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis edo M. paratuberculosis izenez ezagunagoa den bakterioak sortzen duen gaixotasuna da. Bakterio horren hazkuntza oso motela da, eta, beraz, sintoma klinikoak agertzeko urteak behar izaten dira.

Munduan oso hedatua dagoen infekzioa da. Gainera, M. paratuberculosis -ek gizakion Crohn gaixotasunean ere zeresana izan dezakeela uste dute. Dena den, hori ez dago oso argi oraindik.

Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis bakterioak sortzen duen gaixotasuna da paratuberkulosia.
Neiker-Tecnalia
Badago gaixotasunari aurre egiteko txertorik?

Paratuberkulosiaren aurkako txertoen merkatua oso zabala da. Hala ere, gaur egun txerto bakarra dago ardientzat, eta ez da guztiz perfektua. Animalia txertatzen denean, tuberkulosiarekiko erantzun immunea sortzen da, M. paratuberculosis bakterioa eta tuberkulosiaren bakterioa familia berekoak baitira. Beraz, erreakzio gurutzatua gertatzen da diagnostikoaren probarekin. Horregatik, hain zuzen ere, agintariek debekatu egiten dute behi-aziendei txerto hori jartzea.

Gure helburua da tuberkulosiarekin erreakzio gurutzaturik sortzen ez duen paratuberkulosiaren aurkako txertoa aurkitzea.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
241
2008
4
026
Elkarrizketak; Albaitaritza; Genetika
Elkarrizketa
15

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia