}

Ferederico Mayor Zaragoza: “Komunitate zientifikoak aldaketaren abangoardian egon behar du”

2012/05/16 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia

Datozen garai berri hauetan komunitate zientifikoak izan behar duen paper garrantzitsuaren inguruan mintzatu zen Federico Mayor Zaragoza, Bake Kulturaren Fundazioko presidentea eta UNESCOko zuzendari nagusi ohia, astelehenean DIPCn emandako hitzaldian.

"Jakitera ausartzea eta ausartzen jakitea" izeneko hitzaldian, Mayorrek bere baikortasuna transmititu zuen gauza asko egiteke dauden “garai zirraragarriak bizi ditugula” esanez. Mayorren esanean zientzialariek ezin dute izan datorren aro berriaren lekuko axolagabe; aitzitik, aholkulari izan behar dute aditu diren gaietan, eta, batez ere, gai izan behar dute kaltegarri edo atzeraezin izan daitezkeen gertaerei aurrea hartzeko.

Mayorren ustez, “zientziaren egitekoa gizakiaren sufrimendua ekiditea edo ahal den neurrian gutxitzea da”. Horretarako, zientzialariek eskura dituzten baliabide guztiak erabili behar dituzte eta, batez ere, duten ezagutza erabiltzen ausartu behar dute. Hitzaldiaren izenburuaren harira, “jakitera ausartzea bezain garrantzitsua da ausartzen jakitea”.

“Zientzialarien komunitateak nahikoa dela esan behar du, eta aldaketaren abangoardian kokatu behar du —zioen Mayorrek—, egun munduan dagoen asimetria onartezina baita”. Egun gizarteak badaki zer gertatzen ari den munduan, “kontzientzia globala” dago. Mayorren ustez, “benetako demokrazia ez da bozkatzea soilik, botoan hiritarra kontatu egiten baita, baina ez da kontuan hartzen”. Botereak, politikariek, ez diete hiritarrei entzuten, baina “gaur egun baditugu erremintak gure ahotsa entzunarazteko”. Historian benetako demokraziara egindako inflexioak, maila pertsonal, nazional eta nazioartekoan, etorkizuna asmatzera behartzen gaitu. Eta “gu, pertsonok, hori egiteko gai gara”. “Orain inoiz baino gehiago, komunitate zientifikoak ahots bakar batez hitz egin behar du, eta oinarrizko zientzian inbertitzeko eskatu, zientziaren aplikaziorik ez baita egongo aplikatzeko zientziarik ez badago”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia