}
Fernando P. Cossío Mora Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa. Kimikaria

“Zientzialariok oso baikorrak gara, pentsatzen baitugu erantzunak aurkitzea posiblea dela beti”

2020/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fernando P. Cossío Mora San Martín de Villafufren (Kantabria) jaioa da, 1960an. Kimika Organikoko katedraduna da, eta Kimika Bioorganikoaren eta Modelizazio Molekularraren ikerketa-taldearen burua EHUn. Horrez gain, 2009tik, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa ere bada. Ikerbasquen dituen ardurek laborategitik aterarazten duten arren, nabarmena da barreneraino sartua duela kimikari-sena.
fernando-p-cossio-mora-zientzialariok-oso-baikorra
Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta kimikaria
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

1980ko hamarkadan, Zaragozako Unibertsitatean kimika ikasten ari nintzenean, harritu ninduen kimika beste zientzien erdi-erdian zegoela konturatzeak. Izan ere, ia denak zeukan zerikusia kimikarekin: material berriak (plastikoak, aleazioak…), katalizatzaileak, eta abar. Baina, horrez gain, konturatu nintzen galdera sakonei erantzuna emateko ere kimika ezinbestekoa zela. Adibidez, urte horietan bizitzaren jatorria arreta handia erakartzen ari zen, eta argia zen erantzunak kimikoa izan behar zuela. Gizarteak botika berriak behar zituen: antibiotikoak, minbiziaren aurkako molekulak… Eta energiaren arazoa pil-pilean zegoen eta material fotoboltaikoak hasten ari ziren garrantzia hartzen…Horrekin batera, konturatu nintzen zientziaren irudi publikoa, kimikarena batez ere, gero eta txarragoa zela. Niretzat ulertezina zen hau, zientziaren emaitzak eta abantailak agerian baitzeuden. Tamalez, gaur egun arazo hau larriagoa da, nire ustez.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Galdera nagusiek ez daukate erantzunik, egia esan. Baina hau ez da albiste txarra, nire ustez zientziaren xarma honetan datza batez ere: galdera bakoitzari erantzun partziala ematea, bakarrik hurrengo galdera sortzeko.

Zentzu honetan, zientzialariok oso baikorrak gara, pentsatzen baitugu erantzunak aurkitzea posiblea dela beti. Naturak esango digu baikortasun hau justifikatuta zegoen ala ez. Izan ere, ez dugu ahaztu behar duela lau hamarkadako galderak eta beharrak gurekin daudela gaur egun ere.

Gure ikerketari dagokionez, hiru lerro nagusi lantzen ari gara, kanpotik begira erabat desberdinak direnak. Batetik, katalizatzaile berriak asmatu ditugu, EHU-Phos izena dutenak, interes handiko produktu berriak egiteko. Bestetik, partikula-fisikariekin batera, bukatu dugu ikerketa bat jakiteko zergatik unibertso hau materiaz egina dagoen, eta ez antimateriaz. Bukatzeko, biologo eta sendagile batzuen laguntzarekin, azken-belaunaldiko molekula terapeutikoak garatzen ari gara. Benetan, gustatuko litzaiguke molekula berri hauek erabilgarriak izatea. Edozein kasutan, ikerketa hauekin lortutako ezaguerak urrats txiki bat izatea espero dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia