}

Fisikazaleen gozamenerako

2005/09/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Albert Einsteinen gaineko biltzarraren azken eguna da gaur. Denera lau egun izan dira, bete-beteak; nahikoa fisikariari buruzko zertzelada batzuk jasotzeko. Askorentzat, ordea, jakin-mina asetzeko ez baizik areagotzeko balio izan dute Kursaalen emandako hitzaldiek. Izan ere, hain interesgarriak izanda, jakin-min berezia ez zutenei ere piztu egin die gehiago jakiteko gogoa.

Francisco J. Yndurain irakasleak "Erlatibitatea, fotoiak eta partikulak" izeneko hitzaldia eman zuen.

Argazkia: DIPC

Adibide garbia izan zen atzo eguerdian Francisco José Yndurain fisikariak emandako hitzaldia. Izenburua “Erlatibitatea, fotoak eta partikulak” zen, eta, mamia, berriz, edozeinek entzuteko eta ulertzeko modukoa. Ur handietan sartuta inor itoarazi gabe, xehe-xehe azaldu zituen Einsteinen biografia eta hark landutako teorien oinarria.

Batez ere, Einsteinek erlatibitatearen teoria asmatzeko izan zituen ausardia eta intuizioa nabarmendu zituen Yndurainek. Ausardia bera erakutsi zuen fotoiaren kontzeptua formulatzean: nola izan zitekeen zerbait partikula eta uhin aldi berean? Gero frogatu zuten, ordea, zuzen zegoela. Masaren eta energiaren artean dagoen erlazioa zein den ere aurkitu zuen. Ikaragarria!

Fisikari handia, gizatasun handikoa

Baina ez hori bakarrik: teoria haietatik abiatuta Einsteinen ondoko fisikariek egindako aurrerapausoak ere aipatu zituen Yndurainek, eta baita ondorio haiek Einsteinengan eragin zuten ezinegona ere. Hain zuzen ere, gehienok dakigu Einstein gizartearen heroi bilakatu zela Nobel saria eman zioten garaian, baina gutxiagok dakite ordutik aurrera ez zuela asmatu ikerketak norabide zuzenean eramaten.

Yndurainen hitzaldia umorez beteta egon zen.

Argazkia: Ana Galarraga

Hainbat hanka-sartze egin zituen, eta ez zuen lortu bilatzen zuena —indar guztiak bateratuko zituen teoria―. Eta, hala eta guztiz ere, ez zuen hori onartzeko erreparorik izan, eta horrek adierazten du nolako pertsona zen.

Yndurain katedradunari antzematen zaio, bai, irakaslea dela, eta ederki daki hitzaldi baten arrakastaren gakoa, neurri batean behintzat, atentzioa erakartzea dela. Horretarako umorea erabili zuen, eta algarek behin baino gehiagotan eten zuten haren jarduna.

Anton Zeilinger, maisu

Anton Zeilinger vienarrak ere barre artean abiatu zuen bere hitzaldia goizeko aurreneko orduan. Izan ere, Zeilinger aurkeztean, Austria osoan benetan ezaguna zela aipatu zuten, eta ez zela harritzekoa taxi-gidariek, adibidez, Zeilingerri buruz hitz egitea bezeroari.

"Einstein eta egungo mundu kuantikoa" zen Zeilingerren hitzaldiaren izenburua.

Argazkia: DIPC

Zeilingerrek horri erantzun zion lehen hitzetan: “Ez dakit zer esango duten nitaz taxi-gidariek...”, eta umore-kutsua galdu gabe hitzaldi bikaina eman zuen. “Einstein eta egungo mundu kuantikoa” zen izenburua, eta, gehienbat, telegarraioari eta kriptografia kuantikoari buruz aritu zen.

Izan ere, arlo horiek nahiko aurreratuta daude, eta dagoeneko garatzen ari dira informazioa modu erabat seguruan banatzeko sistemak. Kuantikan oinarrituta daude, eta, Einsteinek egindako ekarpenik gabe, gaur egun ez lirateke dauden tokian egongo. Hori, alde batetik, paradoxikoa ere bada, Einsteinek ez baitzuen fisika kuantikoaren alde egin. Eta horixe da, hain juxtu, biltzarrari esker askok jakin dutena: zergatik bihurtu den mito Einstein, eta zer dagoen horren atzean.

Atzo, Yndurain eta Zeilingerrez gain, Ignacio Cirac, Sheldon Lee Glashow, Antony Hewish eta Clifford M. Will ere aritu ziren. Gaur, berriz, Pedro Pascual, Cliffor M. Will eta Jose M. Sanchez Ron hizlarien txanda da goizez, eta Gerald Holton, Aerthur I. Miller eta John Jay Stachel-ena arratsaldez. Fisikazaleen gozamenerako.