Flamenkoaren mokoa ezagutzen
2006/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Flamenkoaren mokoan, orain arte ezagutzen ez zituzten ehun batzuk aurkitu dituzte. Ehun horiek mihiaren azpialdean eta alboetan daude, eta zutikorrak dira; hau da, odolarekin betetakoan puztu eta gogortu egiten dira.
Aurkikuntza halabeharrez egin dute Ohioko Unibertsitateko ikertzaile batzuek: flamenkoen garezurra hobeto ezagutu nahian zebiltzan, beste hegaztienekin alderatzeko. Flamenkoaren garezurraren barrualdea ikusteko, kontrastea erabili zuten hilda aurkitutako flamenko arrosa baten garezurrean: bario-prestakin bat sartu zioten odol-hodietan (arteriak eta zainak bereizteko, zainetan kontzentrazio handiagoko prestakina sartu zuten), eta tomografia bidez barioa nabarmentzen denez, garezurreko odol-hodien irudiak lortu zituzten.
Bada, irudi horietan ordura arte ikusi gabeko ehun batzuk ikusi zituzten. Ehun horiek flamenkoaren jateko era bereziarekin lotuta daudela uste dute ikertzaileek. Izan ere, flamenkoa, beste hainbat hegazti bezala, ura iragaziz elikatzen da (mokoan ura igaroarazi, eta planktona eta diatomeoak bereizten ditu), baina, beste hegaztiek ez bezala, buruz behera egiten du.