}

Fluoxetina antidepresiboaren eragina, hurrengo belaunaldietan ere bai

2018/12/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

fluoxetina-antidepresiboaren-eraginak-ondorengoei-
Zebra-arrainaren enbrioiak eredu egokia dira sendagaien eraginak ikertzeko. Arg. Judith Cebra-Thomas/Millersville Unibertsitatea

Fluoxetina sendagaia Prozac izenez merkaturatu zen lehen aldiz, eta oso erabilia da depresioa tratatzeko, baita haurdunetan ere. Orain, Otawako Unibertsitateko ikertzaileek haren eragina hobeto ezagutu behar dela ohartarazi dute, zebra-arrainetan egindako esperimentuetan frogatu baitute botikaren ondorioak hurrengo belaunaldiei ere nabaritzen zaizkiela.

Esperimentuan, zebra-arrainen enbrioi arrak sei egunez izan zituzten fluoxetinaren eraginpean. Ondoren, jarraipena egin zieten, eta ikusi zuten kortisol-maila baxua zutela (depresioan kortisol-maila altua izaten da), eta apaltze horrek heldutan ere irauten zuela. Are gehiago: hurrengo hiru belaunaldietan ere kortisol-maila ohi baino baxuagoa zen. Horrekin batera, ingurua esploratzeko joera ere galtzen zutela ikusi dute.

Gogorarazi dutenez, pertsonetan, kortisol-maila baxua neke kronikoarekin eta beste asaldura batzuekin lotzen da. Horrenbestez, fluoxetina epe luzez eta haurdunek erabiltzeak eragin ditzakeen ondorioak hobeto ikertzeko eskatu dute ikertzaileek.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia