Fokak zerbait aukeratu beharrean?
1992/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zergatik ez dira fokak hondartzetan etzaten? Biologo kanadiar batek dioenez, ez da eguzkitan ez egoteagatik; harrapakariengandik babesa izateagatik eta larruazala konpontzeagatik baizik
.Britainiar Columbiako unibertsitateko Peter Watts-ek foka arruntari (Phoca vitulina-ri) buruz hiru urteko ikerketa burutu berri du. Emaitza bat, lehen urtea bete bitartean fokak itsasoan beste batzuek jateko arriskua % 50 eta % 80 bitartekoa izatea da.
Baina, itsasoan bizitzea mehatxupean bizitzea baino zerbait gehiago da; ona eta txarra da aldi berean, Watts-ek dioenez. Uhinei eta itsas korronteei aurre egiteak energia asko gastarazten du. Urak hoztu egiten du fokaren larruazala eta gaixotasun-arriskua txikiagotu egiten du.
Lehorrean egoteak ere badu bere arriskua. Adibidez, gehiegi berotuta hil egin daitezke. Aireak beroa eroateko duen ahalmena urak duenaren % 4 da eta gainera gantz-geruza bat du uretan beroa ez galtzeko. Gantz-geruzak zenbait zentimetrotako zabalera du eta bero-fluxua oztopatzen du.
Fokaren kolorea iluna denez, izerditzeko ahalmenik ez duenez eta hegatsek kanpora gorputzeko beroaren % 30 besterik botatzen ez dutenez, beroa oso erraz metatzen da. Egun eguzkitsuetan, orduerdian 15 °C baino gehiago berotzera iritsi daitezke.
Watts-ek aurkitu duenez, fokek, hondartzetan daudenean, gehiegi berotzeari aurre egiteko bide asko dituzte. Seattle-ko Puget Sound irletan zeuden fokak zenbatu egin zituen eta “bero-fluxuaren indizea” (hots, eguzki-erradiazio, airearen abiadura eta airearen tenperaturaren arteko konbinazio bat) irla bakoitzerako kalkulatu zuen.
Fokek bero-fluxu handiena zuten irlak saihestu egiten zituztela aurkitu zuen. Lehorreratze-orduak urte-sasoiaren arabera aldatu egiten direla aurkitu zuen. Udaberrian, hondartzara eguerdian joaten badira ere, udan arratsaldean joaten dira.