}

Formula kosmikoa

2008/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Formula kosmikoa
2008/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Galaxiak ez dira elkarren berdinak izaten. Batzuek besteen antza izan dezakete, baina, oro har, egitura, forma, tamaina, argitasuna, gas-kantitatea eta beste hainbat ezaugarri oso ezberdinak izaten dituzte. Hala ere, Cardiff Unibertsitateko astronomo batzuek aurkitu dute galaxien ezaugarri guztien multzoa ez dela aldatzen galaxia batetik bestera, eta galaxia baten ezaugarri bakarra neurtuta besteak kalkula daitezkeela.

Azken batean, edozein galaxiaren ezaugarri guztiak formula bakar batez azter daitezke. Ustezko formula 'kosmiko' horrek galaxien sorrera ikertzeko balioko luke, galaxien arteko antzekotasun gutxi izateak zaila egiten baitu oinarrizko mekanismo bakar bat proposatzea. Zoriz aukeratutako 200 galaxia aztertu dituzte ikertzaileek, eta, emaitzak ikusita, ematen du galaxiaren masaren araberakoa dela galaxiaren bilakaera. Hori baieztatzen bada, hau da, galaxiek parametro bakarraren araberako eboluzioa badute, formula kosmikoa garatzeko aukera izango dute astronomoek.

1
248
2008
12
011
Astronomia
Berriak labur
6

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia